Listado de artículos

«Transgresioa irakasgai» DIARIO DE NAVARRAn

LIBURUAK

Bell Hooks, hezkuntza askatzailearen gidari

Katakrak argitaletxeak idazle estatubatuarraren ‘Transgresioa irakasgai’ kaleratu du. Amaia Apalauza itzultzaile iruindarrak lan honen gakoak azaltzen ditu
Amaia Apalauza itzultzailea eta Nora Salbotx hitzaurrearen egilea, joan den asteazkenean Karrikirin egindako aurkezpenean MIGUEL OSES
NEREA ALEJOS
Publicado el 13/11/2023 a las 05:00

Duela bost urte, Katakrak argitaletxeak bell hooksen 'Feminismoa denon kontua da. Politika pasio' kaleratu zuen, Amaia Apalauza iruindarrak itzulita. Orain 'Transgresia irakasgai' ekarri du euskerara, Apalauzak berriro itzuli duena. Bigarren liburu hau hezkuntzaren “krisi larria” du abiapuntutzat: “Ikasleek, askotan, ez dute ikasi nahi, eta irakasleek ere ez dute irakatsi nahi”, esaten du hooksek.
Ia 40 liburu argitaratu zituen bell hooksek, era askotako gaiak jorratuz: maitasuna, arraza, klasea, hezkuntza, feminismoa... Gloria Jean Watkins izenarekin jaio zen Hopkinsvillen (Kentucky), baina bere amaren birramonaren izenetik eratorri zuen bere idazle-ahotsa (Bell Blair Hooks zuen izena, baina idazleak letra xeheetan idazten zuen bere izengoitia).
'Transgresia irakasgai' liburuan, “egoera, arazo eta gatazka batzuk identifikatzen ditu ikasgelaren barruan”, azaltzen du Amaia Apalauzak. Hezkuntzaren krisia aztertzean, “hooksek lupa altxatzen du, ikasgelatik ateraz, eta dimentsio zabalago bat ematen dio bere hausnarketari”.

Horretarako begirada “intersekzionala” erabiltzen du: “Hooksek beti esaten zuen kontuan hartu behar zirela hiru ardatz: generoa, klasea eta arraza. Nik uste dut horrek osotasun bat ematen diola hooksen lanari”, dio Apalauzak.
Hezkuntzaren krisiari aurre egiteko, bell hooksek beste pedagogia mota batzuk aldarrikatzen ditu, “eraldatzaileagoak, konprometituagoak eta erradikalagoak”. Hooksen ustez, hezkuntzan islatzen diren zenbait egoera hainbat modutara interpreta daitezke: “Hezkuntza izan daiteke agintari nagusiek arma gisa erabili dezaketen esparru bat, hain zuzen ere beren boterea zabaltzeko, edo hortik ateratzeko bide bat izan daiteke”, azaltzen du Apalauzak.

ESKOLA "ASKATZAILEA"
Liburu honetan, hooksek bere esperientza pertsonalak partekatzen ditu. Estatu Batuetako hegoaldean hazita, ikasle gisa bi etapa erabat ezberdinak bizi izan zituen: “Garai haietan, arraza segregazioa indarrean zegoen: haur beltzak eskola beltzetara joaten ziren, haur zuriekin nahasi gabe”, gogoratzen du Apalauzak.
Hooksek “oso oroitzapen ona” zeukan lehen hezkuntzako eskola beltzan jasotakoaz. Bere hitzetan, “garai hartan, eskolara joatea gozamen hutsa zen”. Apalauzak azpimarratzen duenez, hooksek esperientzia “askatzailea” bizi izan zuen: “Eskola beltz hartan pentsatzen irakasten zieten eta beltzen ahalduntzea sustatzen zuten. Etorkizunean izango zituzten zailtasunei aurre egiteko prestakuntza jaso zuten”, dio itzultzaileak.
Gero, arraza-integrazioarekin, eskola goitik bera aldatu zen hooksentzat: “Etapa hura oso gogorra egin zitzaion. Adibidez, ikasle beltzei eskolara lehenago joateko eskatzen zieten, sarreran haur zuriekin ez nahasteko eta gatazkarik ez egoteko”, kontatzen du Apalauzak.
Irakasle guztiak zuriak ziren: “Han ez zegoen belztasunaren kontzientzarik. Beltzek ez zuten ahotsik eta haien esperientziak ez ziren kontuan hartzen”. Unibertsitatean sartu zenean, hooksek gauza bera ikusi zuen: hezkuntza ez zen askatasunaren praktika, guztik kontrakoa baizik: autoritateari obeditzen ikasi behar zuten.
Itzultzaile iruindarrarentzat, “liburuaren alderdi hau oso polita da, hooksek bere alde pertsonala erakusten duelako”. Adibidez, “maitasun handiz” islatzen du “eskola beltz hartan izandako ibilbide zoriontsua”.

BANKU-HEZKUNTZA
'Transgresioa irakasgai' artikulu bilduma bat da, 14 atalez osatuta. Laugarren atalean, bell hooksek Paulo Freire pedagogo brasildarrak berarengan izan zuen eragin handia aztertzen du. Elkarrizketa “jostalari” baten bidez islatzen du: bere burua (Gloria Watkins, hau da, bere berezko izena) solasean jartzen du bell hooksekin (hau da, bere idazle-ahotsarekin).
“Paulo Freireren lanarekin topo egin zuenean, nolabait maiteminduta geratu zen”, esaten du Apalauzak. Elkarrizketa honetan, hoosek berak horrela azaltzen du Freireren eragina: “Irakaspen sakona jaso nuen Paulok teorian deskribatzen duena praktikan gorpuztean”.
Freirek “educação bancária” terminoa erabiltzen zuen (euskaraz, banku-hezkuntza). “Hezkuntza molde horretan, ikasleak bankuak dira: datuak eta informazioa jaso egiten dituzte eta buruan gorde”, azaltzen du Apalauzak.
'Transgresioa irakasgai' Nora Salbotx irakasle eta idazle nafarraren hitzaurrearekin osatzen da. “Honen guztiaren ondorio zuzena da praktika eraldatzaile eraginkor baterako tresnak eskaini dituela hooksek, bide berriak zabaldu ikasgela barruko botere antolamendua erradikalki ezbaian jartzerainikoak”, azpimarratzen du Salbotxek.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema