«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Viernes 20 de Diciembre
Idazle australiar-estatubatuarrak egindako memoria ariketa bat da lana, eta, gutunez gutun, «transexualiatearen narrazio hegemonikotik» kanpoko kontakizun bat eraikitzen du. Danele Sarriugartek itzuli du, eta Jokin Azpiazuk hitzostea egin dio.
Jokin Azpiazu eta Danele Sarriugarte, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Itziar Ugarte Irizar
DONOSTIA
2024KO MAIATZAREN 16A
17:16
Entzun
00:06:56
«Liburu hau bada emakume trans heldu batek idazten duen liburu bat, baina ez da transexualitateari buruzko liburu bat. Eta bai eta ez». Zehatzago, tarteko orekan mugitzen den liburu bat da McKenzie Wark idazlearen Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza Jokin Azpiazu soziologoarentzat. Gutunez gutun egindako memoria lan bat da testua. Katakrak argitaletxeak plazaratu du lana, Danele Sarriugarteren itzulpenean, eta Azpiazuk egin du hitzostea. Harena da azalpena: «Uste dut egileak badakiela ez lukeela zentzu askorik izango bere trans errealitatea gordez idazteak, baina, aldi berean, ez lukeela zentzurik izango dena hor zentratzeak». Idazleak izenburuan jasotako lau kontzeptuen ardatzean kokatu du bere «gorputza», hitzostean azaltzen denez, eta bere memoria arakatu soilik ez, «editatu» ere egin duela idatzi du Azpiazuk. «Warkek ondo daki gure memoria editatzen dugunean, halabeharrez, besteen memoria ere editatzen dugula, hots, memoria bera dela editatzen duguna».
Australian jaio zen (Newcastle, 1961), eta unibertsitatean hamaika gai ikertu zituen Warkek; 40 urterekin, bizitokia New Yorkera lekualdatu, eta, 60 urterekin, genero trantsizioa egin zuen: joan-etorri horiei begira idatzitako testuek osatzen dute liburua. Hala esan du Sarriugartek: «Bide hori kontatzen du, eta aldaketa batzuk eta berrasmatze batzuk markatzen ditu, bizitza baten barruan oso beharrezkoak direnak, niretzat behintzat, desirak bizirik jarrai dezan. Hori transmititu dit niri».
Hasi eta buka, genero epistolarrekoa da lana, eta egileak berdin idatzi dizkie gutunak 6 urte zituela galdu zuen amari, ama lanak egin zituen ahizpari, maitaleei, lagunei, militantzia-kideei zein beste etapa batzuetako McKenzie Warki berari ere. Lau ataletan antolatuta datoz gutun horiek, eta batetik bestera tonuan aldaerak daudela nabarmendu du Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Jatorrizko liburua iaz atera zen, ingelesez, eta Etxartek azpimarra egin dio adinak egileari hainbat gauzataz hitz egiteko eskaini dion talaiari ere.
Dantza ere oso presente dago liburuan, eta musika eta dantza ere hartuko dituen aurkezpen berezi bat prestatu dute horregatik ekainaren 20rako; Bilbon izango da, Bulegoa z/b-n.
Hau da euskarara heldu den Warken lehendabiziko lana —hogei liburutik gora argitaratu ditu—, eta egilea Euskal Herritik igaro eta urtebete pasatxora heldu da. Izan ere, Bulegoa z/b-k gonbidatuta, Bilbon egindako topaketa batzuetan hartu zuen parte idazle eta pentsalariak iazko otsailean, eta orduan ezagutu zuen Sarriugartek ere, bai irakurle gisa eta bai aurrez aurre, Argia aldizkarirako elkarrizketatu zuenean. Transgenero gisa agertu ostean argitaratutako Reverse Cowgirl (2020, Cowgirl alderantzikatua) lana izan zuten orduan hizpide batez ere, baina ordutik hona eskuratu dituen Warken beste lan batzuk ere erakutsi ditu aurkezpenean itzultzaileak. Raving (2023) lana, tartean, egileak tekno musikari lotutako festa mota horri eskainitakoa.
Hain justu, Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza-n ere dantza oso presente dagoela, eta testu batzuk ahoz goran irakurtzeko aproposak iruditzen zaizkiola aipatu du Sarriugartek —«rave-aren denborari buruzko hausnarketa oso bat dauka»—, eta musika eta dantza ere hartuko dituen aurkezpen berezi bat prestatu dute horregatik ekainaren 20rako; Bilbon izango da, Bulegoa z/b-n.
«Trantsizioaren zentzu jarraiago bat»
Hacker kontrakulturaren aitzindarietako bat ere bada Wark, eta lan akademikoetan aztertutako gaien bitartez heldu zen harengana Azpiazu. Haien aldean, liburu honetan, teoriaz bainoago, «biografiaz idazten duen teorialari bat» antzeman du hark, eta, batez ere, «genero trantsizioaz» hitz egiteko darabilen modua nabarmendu du, transexualitatearen narrazio hegemonikoa «hausten» duela iruditzen baitzaio. «Hausten du, atzera begira jartzean ez duelako esaten beti jakin izan zuenik emakumea zela, elementu hori beti hor egon arren. Ez duelako beldurrik identitate ez-koherente baten ibilbidea kontatzeko. Trantsizioa adinez nagusia, heldua, ia zaharra zela abiatu zuelako», idatzi du. Alde horretatik, binarismoak mugatutako ikuspegiari iskin egin eta bizipenetatik abiatzen diren beste bi libururen ahaidetzat jo du Warken hau: Leslie Feinbergen Mari-mutil baten bluesa (1993) eta Alana S. Porteroren La mala costumbre (2023, Ohitura txarra).
«Warkek kontatzen dituen trantsizioak ez dira bitarrak, ez da lehen gaizki eta orain ondo; trantsizioaren zentzu jarraiago bat dago».
JOKIN AZPIAZU
Soziologoa
Azpiazurentzat, gainera, generoari loturikoa ez da liburuan ageri den trantsizio bakarra. Haurtzarotik heldutasunera doana eta «otsotasunetik gizatasunera» egiten duena ere identifikatu ditu hark, eta horien atzeko ikuspegiari eman dio berriz garrantzia. «Trantsizio horiek ez dira bitarrak, ez da lehen gaizki eta orain ondo; trantsizioaren zentzu jarraiago bat dago».
Hainbat auzi politikori buruz aritzeko elkarrizketak baliatu ditu egileak gutunen barruetan, eta, besteak beste, komunismoa edo feminismoa nola irakurtzen dituen aipatu ditu Sarriugartek. Bigarrenaren kasuan, femminismoa mantendu duela zehaztu du, eme bikoitzarekin, zeina oso femeninoa izendatzeko erabiltzen den femme terminoari dagokion.
Narratiba sailean kokatu dute argitalpena Katakrakeko kideek. «Buelta asko eman dizkiogu», esan du Etxartek, «eta, azkenean, narratiban sartu dugu, bere bizitzaren kontaketa bat delako, eta ez saiakera bat». Zenbait argazki ere tartekatu dituzte liburu osoa. Amaia Apalauza arduratu da testuak zuzentzeaz.