Ekitaldien zerrenda

Martxoak

18

Ostirala

19:00etan

Ahmed Bouanan «El séptimo cielo»

Liburu aurkezpena


Ahmed Bouanani (1938-2011), zinemagilea ez ezik, literatura lan ikaragarria -argitaragabea gehiena- utzi zuen sortzaile bat izan zen. 1987an, Nejma izeneko aldizkari batek ezohiko kontrazal bat argitaratu zuen. Bertan irakur zitekeenez, “Bouanani editore bila dabil” Marokoko zinemagintzari buruzko hirurehun orrialdeko bere lan batentzat. Zinemagile gisa, jakitun zen bere herrialdean pelikulak askatasunez ekoizteko eragozpenez, bere belaunaldiari zegokion desafio historikoari erantzuteko zailtasunaz: nola erakutsi gau kolonial luzetik irteten ari ziren marokoarrei bidezkoa izango zen beren buruaren irudi bat, mespretxurik eta konplatzentziarik gabekoa? Zoritxarrez, proiektua geldirik egon zen denbora gehiegi. Hogeita hamahiru urte geroago, La septième porte argitaratu zen azkenik Marokon, eta orain gaztelaniaz eskura daiteke, Punto de Vistaren eta Joaquín Gallego editorearen arteko koedizio bati esker.
 
La séptima puerta era miragarri batean idatzitako testu hibrido bat da. Abenturazko eleberri gisa irakurtzen den historia liburu bat da, oztopoz beteriko jaiotze bati buruz arnasestuka ondutako eleberria, zinema nazional baten erditze amaitu gabea. Arte baten bilaketa entusiastaren eta nahigabetuaren narrazioa da, gai dena aldi berean memoria kolektiboa ohoratzeko eta etorkizun partekatu baten irudiak itxuratzeko.
 
Aurkezpena: Omar Berrada (literatura editorea eta Nork kontatuko du historia? atzera begirakoaren komisariokidea), Touda Bouanani (Archives Bouanani-ko zuzendaria), Ali Essafi (Nork kontatuko du historia? atzera begirakoaren komisariokidea) eta Manuel Asín (Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa).