Ekitaldien zerrenda

Ekainak

21

Ostirala

20:00etan

Heinrich von Kleist «Michael Kohlhaas»

Irakurle taldea


Heinrich von Kleist (1777-1811) idazleak gaztaroko urteetan jadanik familiako tradizio zuen karrera militarrari heldu zion, baina laster aldendu zen bide horretatik filosofia eta matematikak ikasteko. Kanten «Arrazoi Hutsaren Kritika» irakurri ondoren Egia Absoluturik ez dagoelakoaz jabeturik, beste egi mota batzuk bereganatzen saiatu zen, eta ahalegin horretan inolako koderen menpean ez dagoen erabateko askatasuna eta sentimenduen mundua sakontzen eta ikertzen aritu zen. Bere obran argi eta garbi ageri da gizakiak duen askatasun-egarriaren eta gizarte-ingurune zentzugabeak ezartzen dizkion zailtasun eta mugen arteko kontraesana. Bere obra dramatiko ezagunenak Pentesilea, Amphitryon, Txarro bautsia, Katerina von Heilbronn eta drama postumoak: Hermannen bataila eta Homburgeko Printzea. Michael Koblbaas eta O.ko Markesa bere narraziorik hoberenak dira. Kleist idazleak bere buruaz beste egin zuen izaera erritualeko suizidio batez, Henrietta Vogel bere adiskidearekin batera.
Michael Kohlbaas narrazio honetan, idazle alemaniarrak bere justizi nahiak boterearekin aurrez aurre tupust egitera eta ondorioz heriotzara daraman gizon baten istorioa kontatzen digu. Berezko erroak dituen eta arrazionalizazio guztiak baino lehenagokoa den errebeldia honek, heroi erromantikoaren eredu bikain bihurtzen du Kohlhaas. Eustaquio Barjau-k dioenez, «Ohikoa ez den obra bat irakurtzera goaz. Gutxitan egon da diskurtso epikoa beste edozein dimentsio literarioz gabetuago eta, aldi berean, erretratu psikologiko eta mezu moral baten zerbitzuanago.»
Kleisten erlatoan ia ez dago deskribapenik, ez egintza gertatzen den tokienik ez bertan esku hartzen duten pertsonaienik ere. Batzuetan hasperen gisa Kohlhaasen ahotik hitz bakanen bat ateratzen da aurkitzen deneko egoeraren iruzkina eginez, eta hala eta guztiz ere, narrazio hau irakurriz, pertsonaia baten erretratu psikologiko zehatz eta benetako baten aurrean aurkitzen gara. Egintzaren nolakoak eta pertsonaien erretolika luzeek gaia eta pertsonaiaren muinera garamatzate. Protagonista nolakoa den esan beharrik ez dago, nola jokatzen duen ikusiz gero. Erretratu psikologikoaren edozein ezaugarrik balio dinamikoa besterik ez du: narratzaileak zerbait esaten digunerako, irakurleok ordurako badakigu nolakoa den hernia.
Bestalde, Kleisten erlato hau zenbaitek azpimarratu dutenez egiazko hizkuntz abentura bat da. Jakina da alemana subordinaziorako erraztasun berezia duen hizkuntza dela, idatzizkoan behintzat. Alemanak informazioa trinkotu eta metatzeko duen gaitasuna aparta da, beste hizkuntza batzuen aldean. Kleistek, oro har, joera berezia du alemanaren baliabide hauek erabiltzeko, baina erlato honetan marka guztiak hausten dituela esan liteke esaldia luzatu eta bihurritu, eta intzisoak sarri tartekatuz. Puntu eta apartea ere lauzpabost orrialdez behin agertzen da jatorrizkoan. Kleisten jokaera estilistikoak —alemanezko prosan ia parekorik ez duenak— tempo bizkorra ezarri nahi dio erlatoari, egintzako gertakariak ia elkargainkatuz, esaldiaren aurrera egite neketsuaren bitartez bertako mila gorabehera eta xehetasunen berri emanez. Euskal itzulpenari dagokionez, euskaratzaileak esan beharra dauka, azken hamarkadotan gure artean nagusiki erabili izan den prosa-motak laguntza eskasa eskaini diola Kleisten diskurtso abartsu hau itzultzeko orduan, baina euskarak inguruko hizkuntza eta literaturarekin harreman normalduak ezarri nahi baditu honelako erronkei aurre egin beharra daukala erabat sinetsirik, irakurlea sastrakadi eta sasiarte horietan barrena gidatzen ausartu da, ia beti jatorrizkoaren mailari eutsiz eta tarteka bakarrik zertxobait modua erraztuz, Orixek liokeenez «operazio guztiak» batera egiterik ez dagoelako.
Behin baino gehiagotan egin izan da Kleisten erlato honen eta Kafkaren obra handien arteko konparaketa, eta egia esan, Kohlhaasen itzulinguru sumingarriak irakurri ahala zaila da «Prozesua» obrako heroiaz ez gogoratzea. Baina tempoa, ordea, oso bestelakoa da azken autore honengan: idazle txekiar-alemaniarrak astiro eta patxadaz gidatzen gaitu bere pertsonaien infernuetan barrena.
Ustelkeria politika-munduan hain zabaldurik dabilen garai hauetan Wenzel von Tronka Junkerrak eta bere inguruko zerbitzarien jokaera petrala alde batetik, eta Kohlhaasen justizi egarria eta bere sumindurazko eztanda ikaragarria bestetik hausnartzea eta bata bestearen artean dauden loturez gogoeta egitea interesgarri ez ezik, onuragarri ere gerta liteke gizartearentzat, baldin eta historia «magistra vitae» dela eta iraganeko hutsegiteetatik presente eta etorkizunerako zerbait ikas litekeela uste badugu behintzat.