Otsailak
22
Ostirala
19:00etan
Karlos Linazasoro «Lurra bere erro gorrira»
Udazkenero legez, hostoak bezala metatzen dira liburuak; edo liburuak bezala metatzen hostoak. Hala aipatu du Juan Ramon Makuso poeta eta Balea Zuriako kideak, argitaletxearen azken liburuaren berri ematean: Karlos Linazasororen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Lurra bere erro gorrira poema liburua. Obra oparoko egilea da Linazasoro, eta badoan idazle belaunaldi bati lekukoa hartuko diotenetako bat, Makusoren hitzetan: «Azken urteetan, joaten ari zaizkigu guretzat klasikoak eta maisuak izan diren egileak, eta esango nuke belaunaldi horri eusteko garaia heldu dela; horietako bat Karlos Linazasoro da, poeta bezala».
Sustraietara jo nahi izan du Linazasorok poema liburu honetan, erroetara, izenburuak aurreratzen duenez. «Poeta bati eska dakiokeen gauzetako bat bere egia plazaratzea da; eta Karlos poeta ez da gezurretan ibiltzen», zehaztu du Makusok. Poema «lurtarrak» direla nabarmendu du egileak, bere kezkei eta galderei erantzuten diotenak. Hala, «transzendentzia» bilatu nahi bat antzematen du hark bere idatzietan, azalekotik harago dagoena jasotzeko nahi bat: «Hor badago beste zerbait; batzuek filosofiari eusten diote, beste batzuek erlijioari, eta beste batzuk poesian ikusten dugu horra heltzeko bidea». Lau ardatz ikusten dizkio bilaketari: batasuna, edertasuna, egia eta ontasuna. «Ezer berririk agian ez badago ere, agian hori da kontua: ahaztu ditugun gauzak berriz begien aurrean jartzea».
Lau dira, halaber, liburuaren atalak: Zohargiaren zilarra, Dena isiltzen denean, Begiaren loreak eta Negu ilunagoan burdina. Linazasororen obran ohikoa denez, naturako elementuen presentzia nabarmena da poema askotan, eta horren erakusgarri dira atalei emandako izenburuak ere. Azaleko irudiak ere jasotzen du hitzetako giro hori; Imanol Larrinagak egin du, eta liburua irakurri ostean naturan ibili izanaren sentsazioa aitortu zuen hark ere. Termino «modernoetan», liburu «ekologikotzat» ere jo du Makusok.