«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eman du Katakrakek, Ekaitz Sirventen itzulpenean. Pentsalari ezkertiarrak espetxean idatzi zituen 218 eskutitzetan, haren «alde guztiak» aurki daitezke
Antonio Gramsci pentsalari, idazle eta politikaria. Haren kartzelako gutunak euskaraz irakur daitezke orain. BERRIA
2022ko urtarrilak 19 - Donostia
L'Humanité egunkari komunistaren 1937ko apirilaren 28ko azalean, elkarren aldamenean ageri dira Gernikako bonbardaketaren albistea eta Antonio Gramsciren heriotzarena (Ales, Sardinia, 1891 -Erroma, 1937). Bezperan zendua zen tradizio marxistako pentsalari nabarmenetako bat izan zena, kartzelarik atera eta hiru egunera. Hain zuzen, bere bizitzako azken hamarkada preso eman zuen, eta espetxean eskutitz ugari idatzi zituen. Horiek euskaraz irakur daitezke orain, Gramsciren Kartzelako gutunak liburua plazaratu baitu Katakrak argitaletxeak. Espetxean euskaratu ditu gutunok Ekaitz Sirvent euskal presoak, eta Josu Zabaletak zuzendu du lana.
Sardinian sortua, Turinen hazi zen Gramsci, zeina garaiko Italiako hiri industrializatuena zen, eta italiar politikako «toki nabarmenena» Lehen Mundu Gerrako ingurumarian, Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak gogorarazi duenez. Hizkuntzalaritza ikasketak egin zituen, baina gerra piztu zenez, ezin izan zituen akademikoki bukatu. Edonola ere, Etxartek azaldu du bere bizitza osoan hizkuntzari, kulturari eta arteari buruzko gogoetek lagundu zutela. Halaber, Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, baita alderdiko idazkaria eta diputatua ere. Faxismoa boterean zela, 1926an, preso sartu zuten. «Nazioartean oso ezaguna egin zenean, bere atxiloaldian, 1920ko hamarkadan, lehen erreakzioa gehiago da errepresioaren aurkako elkartasun mugimendu batetik, eta ez hainbeste haren pentsamendutik. Baina garaian ja Italian bera da iraultzaren teoriko nagusietako bat, bereziki Turingo greben kontura sortzen hasten diren lantegietako kontseiluen inguruko teorizazioa egiten duelako, batetik, eta nolabait berak ekartzen duelako Mendebaldera Errusian indar handia duen hegemoniaren kontzeptua, bestetik».
Idatzita utzi zituen hausnarketen artean daude haren gutunetan jasotakoak. Orain arte, Koldo Izagirrek itzulitako eta 2017an sareratutako sei baino ez zeuden euskaraz irakurgai. Liburuan, berriz, 218 bildu dituzte —horiek halako bi baino gehiago ere idatzi zituen, Etxartek azaldu duenez—. 1947an eman zituzten lehen aldiz argitara, Gramsci hil eta hamar urtera, Einaudi etxearen eskutik. Gutunetako 218 hautatu zituen Palmiro Togliattik edizio hartarako, eta horiek dira itzulitakoak.
Gramscik kartzelan idatzitako gutunak kartzelan euskaratu ditu Ekaitz Sirventek. Lana argitaratzea erronka bat izan dela aitortu du Etxartek, ez zekitelako nolakoa izango zen prozesua, baina baita Katakraken orain arteko lan luzeena delako ere. Josu Zabaletaren zuzenketa lana ere nabarmendu du; azaldu du Sirventen itzulpenak eta hark zuzendutakoak italierazko jatorrizko testuekin alderatzeko, parez pare jarri zituela, eta hautu bat eginez kanpoan utzitako gutun zatiak zein ziren ere zehaztu zuela.
Giulia Schucht emazteari —Errusian zena—, Tatiana Schucht koinatari —Italian zegoena—, semeei, eta beste senide, lagun eta burkide batzuei bidali zizkien Gramscik gutunok. Eta lehen orrialdeetan, argitaletxearen oharrean zerrendatzen dira haietan ageri diren gaiak: «Hemen daude giza ahuldadeak eta kemen iraultzailea, tripa dago, hesteak, gaixotasunak daude, gastritisa, insomnioa, botikak, haurren fantasiak, aitatasuna eta amatasuna, kapsulak, obstetrizia, sendagaiak, familia».
Etxarteren hitzetan, lana atontzean izan zuten ezustekorik handiena izan da gutunez zuten ustearen eta «benetan zirenaren arteko aldea». Haietan badira literatur lan oso desberdinen inguruko irakurketa ugari, Gramscirentzat nabarmenak ziren egileen eta haren pentsamenduaren berri ematen dutenak. Baita zapaldu zuen kartzela bakoitzaren deskribapen asko ere —kartzelaka sailkatu dituzte gutunak, ordena kronologikoan—. «Baina badago ere, adibidez, kezka handi bat hezkuntzarekiko oro har, eta zuzenean hezi ezin dituen semeekikoa ere bai». Schucht haurdun geratu eta gutxira atxilotu zuten, eta seme txikiena ez zuen ezagutu.
«Naturarekiko eta, zehazki, gizakia ez den beste animaliekiko sentsibilitatea» ere ageri da idatzietan, haren ziegara sartzen diren txoriez ari denean, esaterako. Eta zehatz mintzo da baita ere bere osasun kontuez. Halaber, faxistek zigortu zuten neurrian, «oso unibertsala izan daitekeen injustiziaren kontaketa bat» ere badago haren lerroetan.
Edonola ere, jazarriak izan diren pentsalariekin «beren hobe beharrez kritiko» izan behar dela uste du Etxartek: «Askatasunetik eta gutxieneko bizitza duin batetik erauzi diren pertsonen obrak ez dira pentsatu askatasunean pentsatzen diren bezala».
Argitaletxeak bere aitzinsolasetan ohi duen bezala, eta L'Humanité-ren azalaren aitzakiari tiraka, pentsalaria Euskal Herriarekin lotzen du. Etxartek azaldu duenez, Italian Bigarren Mundu Gerra eta gero, hil ostean egin zen «handi», eta nazioartean 1960ko azken urteetan hartu zuen sona, baita Hego Euskal Herriko politikagintzan ere. Eta ordutik gaurdainoko harreman hori«oso intensoa» izan dela baieztatu du. «Joan gintezke kasik hamarkadaz hamarkada ikusten Gramsci agertzen dela berdin 70eko urteetako erakunde eraldatzaile, iraultzaile, demokratiko, komunista, sozialista desberdinen testuetan, eta XXI. mendean, egun haren burua ezkerreko edo ezker iraultzaile gisa duten erakunde eta tradizio ia guztietan duela tokia».
Gutunez osatutako Katakraken hirugarren liburua da Gramscirena —Rosa Luxemburgen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti (2018) eta Louise Michelen Erbesteko gutunak Victor Hugori (2021) eman zituen aurrez, biak Amaia Lasak itzulita—. «Ikusi genuen gutunena genero bat zela, irakurle gisa interesatzeaz gain, historiako pertsonaiak lehen lerrora ekartzeko balio zuena, eta, modu soil batean, pertsona baten alde asko erakusten zituela, ez esateagatik alde guztiak».