«Argonautak» BERRIAn
Irailak 21 Astelehena
Itzulpengintza Leire Lakasta ‘ARGAZKIAREN ERABILERA’ LIBURUA
“Liburu bat baino gehiago, proiektu bat da”
Annie Ernaux eta Marc Marie-ren arteko maitasun istorio biziaren inguruko proiektua da Argazkiaren erabilera, Leire Lakasta Mugeta (Iruñea, 2002) itzultzaileak euskarara ekarri berria. Lan intimoa izanagatik, munduari, garaiko aktualitateari, bizitzari, heriotzari eta politikari begiratzeko ariketa ere bada
Jone Gartzia Gerra
21·09·26
Maitasuna egin ostean lurrean utzitako arropei egindako hamalau argazki, eta horien iruzkinak, jasotzen dituzte Ernauxek eta Mariek Argazkiaren erabileran. Erotikotasunaren eta intimitatearen artean bete-betean sartzen dira heriotza, minbizia, etorkizuna, iragana eta lana unibertsal bihurtzen duten gogoeta politikoak.
Annie Ernaux euskarara dakarkizun bigarren aldia da, 2024an ‘Idazketa labana bat da’ itzuli baitzenuen. Nolakoa izan da berriz ere Ernauxekin lan egitea?
Annie Ernaux itzultzea hasieratik zorte handia izan da. Zorte bikoitza izan dudala sentitu dut, gehiago ezagutzeko eta hurbiltzeko aukera izan dudalako. Oso eskertuta nago aukera honekin, ilusioz hartu nuen.
Bi lanak dira nahiko bereziak Ernauxen obran.
Bietan ez dira soilik Ernauxen hi-tzak ageri: Idazketa labana bat da lanean Frédéric-Yves Jeannet elkarrizketatzailearenak ere bazeuden; eta, kasu honetan, bere maitale izandako eta berez liburuaren erdia osatu duen Marc Marie-renak. Biak ateratzen dira orain arte euskarara itzulitako beste liburuen estilotik, askoz ere literarioagoak eta narratiboagoak. Nik itzulitakoak esperimentalagoak dira, lehena saiakera antzerakoa da eta Argazkiaren erabilera nahiko diziplinartekoa, sartzen dituelako argazkiak eta gogoetak, erdi eguneroko gisa.
Oso zabala da Ernauxen obra eta euskaraz haren lan asko irakur ditzakegu, esku desberdinek itzulita. Zelan eragin dizu horrek itzultzeko orduan?
Itzultzaileoi askotan esaten digute nahiko ogibide bakarti eta isolatua dugula, baina gehienok beti erantzuten dugu hori ez dela horrela, oso taldeko lana dela eta harremanetan izaten garela beste itzul-tzaile batzuekin eta beste euskaldun batzuekin ere. Lan hau adibide argia izan da niretzat. Asko ikasi dut besteek hartutako hautuetatik. Agerian daude garai bakoitzeko hautu orokor batzuk. Nire itzulpena da nire garaiaren eta garai hau bizitzea tokatu zaion itzultzaile baten emaitza, kasualitatez Iruñekoa dena eta ekialdeko euskara darabilena.
Aipatu duzu ‘Argazkiaren erabilera’ diziplinarteko lana dela, testua eta argazkiak uztartzen dituelako. Zer gehiago aurkituko du irakurleak?
Fisikoki liburu bat da, baina liburu bat baino gehiago proiektu bat da: bi maitalek elkarrekin bizitakoa fotografiatzea erabaki zuten eta gero fotografia horien gainean, hau da, bizipen horien gainean, idaztea erabaki zuten. Horren guztiaren emaitza da, nolabaiteko bilduma. Aurrekoan bezala, Ernauxek joko-arau batzuk ezarri zituen. Erritual moduko bat sortu zuten bien artean, publikatuko zituzten argazkiak azken momentuan hautatu zituzten eta bakoitzak bere aldetik idatzi zuen horiei buruz, bestea zer idazten ari zen jakin gabe. Emaitza nahiko purua eta autentikoa da. Beti eragiten du etorkizuneko bestearen begiradak, eta ez horrek bakarrik, hartzailearenak ere, hasieratik argitaratzeko asmoarekin egindako proiektua delako.
Zuk irakurri zenuenean zerk eman zizun atentzioa?
Beste elkarrizketa batzuetan aipatu izan dut zelan biek bizipen berarekiko ikuspegi desberdinak dituzten, eta hor baldintzatzaile asko sartzen dira, baina, gerora konturatu naiz baldintza horiek ez dutela soilik ikuspegia edo bizitzeko modua bera baldintzatzen, baita eta kontatzekoa ere. Kasu honetan ikusten da nola den desberdina kontatzeko manera, ez estilo literarioagatik soilik.
Bereziki Ernauxek askotan deskriba-tzen ditu argazkietako koloreak eta argi-itzalak, baina argitalpena zuri-beltzekoa da. Itzultzen ari zinen unean kontziente zinen horretaz?
Egia esan, kolorearekin ez nuen horrelako gogoetarik izan, baina argazkia hor izateak eta testuak hain deskriptiboak izateak bertigoa eman zidan, irakurleak bazuelako nire itzulpena epaitzeko nahikoa informazio hor. Bestelako informazio iturririk ez dagoenean, agian itzul-tzailea ibil daiteke ez hain leial, baina kasu honetan testuari lotu behar zaio. Areago, nire zailtasun handienetako bat izan da, besteak beste, nola eman argazkietan ateratzen ziren elementu horiek eta frantsesez naturalak diren hitz horiek, gurean batzuk ez direlako erabiltzen.
Arropari buruz ari zara?
Bai, interesgarria iruditu zait nola sexualitateari lotutako horrelako lan intimo batean pisu gehien hartzen duen lexikoa arropari eta minbiziari lotutakoa den. Lexikoaz gain, erronka izan da nola mantendu erotikotasun intimo eta sentimental horren eta minbiziaren gordintasunaren arteko oreka, ez zedin zapore hori euskarazko testuan gal.
Bularreko minbiziaren tratamendu bete-betean zegoen Ernaux proiektua garatu zuenean, eta horren inguruko gogoeta ugari ere ageri dira lanean.
Bitxia da zelan Ernauxek dioen berez minbiziak bere idazketa ere blokeatu zuela, minbizia izan bitartean bizitzera bakarrik eman zela eta bereziki maitasun istorio honetara mugatu zela bere bizitza. Argazki batean paperak ageri dira lurretik eta esaten du ez duela batere gogoratzen zer zegoen horietan idatzita baina ziur dagoela gau horretan erabaki behar izan balu sexua izan edo proiektu hori gordetzearen artean, aukeratu izanen zuela sexua izatea. Minbizia izan bitartean idazketari gailendu zitzaion, baina iruditzen zait liburuan ere minbizia idazketari gailentzen zaiola, dena gurutzatzen duela. Mariek behin esan omen zion ematen zuela “hari buruz idazteko” baino ez zuela minbizia izan. Oso gogorra iruditzen zait.