«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Eva Illouzen bi testu argitaratu ditu Katakrakek; arimaren eta psikearen arteko aldeei buruzkoa bata, eta estandar emozionalen gainekoa bigarrena. Sarriugartek itzuli ditu
Danele Sarriugarte itzultzailea, Eva Illouzen liburuaren aurkezpenean, Donostian.
Miren Garate | 2019ko azaroak 19
«Ez zara lehena zure buruari galdetu diozuna zergatik idatzi, eta itzuli den, arimari buruzko liburu bat 2010eko hamarkadaren hondarrean», esanez abiatzen da argitaletxearen oharra. Katakraken saiakeren bilduman orain arte ez baitira ohikoak izan halakoak. Aurreraxeago esplikatzen du arrazoia. «Arimaren etorkizuna gaurkotasun handiko kezka bat delako. Bereziki 'arimak ez duelako etorkizun handirik', Eva Illouzek (1961) liburu honen hastapenetan ebatziko duen bezala». Soziologo horren bi testu biltzen ditu liburuak: alde batetik, Arimaren etorkizuna izenekoa, Illouzek duela urte batzuk emandako hitzaldi bat jasotzen duena; eta bestetik, Estandar emozionalen sorrera izenekoa. Patricia Amigoten hitzaurre bat erantsi die horiei; itzulpena, berriz, Danele Sarriugartek egin du.
Arimaren eta psikearen arteko aldeei buruzkoa da lehen testua. «Gaur egun ez dugu arimarik, gaur egun psikeak ditugu», dio egileak hastapenean. Eta esaten du bi kontzeptuek badituztela hainbat alde, historia luzea konpartitzen duten arren. Horiek xehatzen ditu jarraian. Hain zuzen, zazpi alde identifikatzen ditu arimaren eta gaur egun arimaren tokia hartzera etorri den psikearen artean. Esate baterako, gorputzarekin duten harremana da horietako bat: kristautasunean, gorputza da gaitz guztien iturburua, eta arimak gorputzetik askatu behar du; psikeek, aldiz, askoz harreman estu eta orekatuagoa dute gorputzarekin. Medikalizazioa, norbere buruaren eraikuntza, indibidualizazioa eta abar dira aipatzen diren beste gaietako batzuk.
Baita sufrimendua ere. «Galdera bat uzten du: sufrimenduarekin zer egingo dugun. Gure garaiaren beste ezaugarrietako bat da sufrimendua ezabatzea, jotzea ahalik eta sufrimendu gutxienera; hori da ondo kudeatutako psike bat», azaldu du Sarriugartek. Sufrimenduaren kudeaketa aldatu egin dela esaten duen arren, Illouzek ez du horri buruzko epairik ematen, Sarriugartek gaineratu duenez. «Zer pentsatua ematen du bizitzaren parte den sufrimenduari etengabe bizkarra emateak; horrek ere esaten du zerbait gure gizarte antolamenduari buruz».
Lehen atal horretan, kapitulu bana eskaintzen zaio arimaren eta psikearen arteko alde bakoitzari. Laburrak dira guztiak, baina zertxobait luzeagoa zazpigarrena, zazpi alde horiek azaldu ostean harremanen eremura eramaten baititu. «Arimaren eta psikearen artean dagoen beste pasabide bat aipatzen du: aiurria. Aiurriaren eta psikearen artean maitasunari dagokionez zer alde dauden kontatzen du». Bi pertsonaia erabiltzen ditu horretarako: alde batetik, Anne Elliot, Jane Austenen pertsonaia gogokoena; eta bestetik, Catherine Millet, autore eta arte kritikari frantziarra, besteak beste ezezagunekin izandako hartu-eman sexualak bildu zituena bere memorietan. «Horrela heltzen dio Illouzek bere ohiko gai bati, maitasunari; ez maitasuna gauza abstraktu bezala ulertuta, gaiarekin zerikusia duen harreman mota bat bezala baizik».
Bigarren atalean, estandar emozionalen sorrerari buruzkoan, adimen emozionalaren kontzeptua hartzen du Illouzek, eta publizitatearekin eta kapitalismoarekin duen lotura azaltzen du. Alegia, esplizituki lotzen ditu norberaren emozioen kudeaketa, errendimendu ekonomikoa eta arrakasta soziala. Sarriugarte: «Oso interesgarria iruditu zait terapiei eta antzekoei buruzko ikuspegiak egoera ekonomikoarekin eta sozialarekin lotuz irakurtzea; ez sinestea gauza guztiak indibidualak direla, baizik eta kokatzea eraldaketa horiek».
Hedoi Etxarte editorearen esanetan, gai garaikideak sakontasun handiz eta ideia sofistikatuak nahiko modu argian azaltzen dituzten autore horietako bat da Illouz. Halaber, iritzita gai jakin batzuen lanketan badagoela hutsune bat euskaraz, argitaletxeari iruditu zaio liburua sarrera on bat izan daitekeela egungo pentsalari handi baten obran murgiltzen hasteko. «Liburuko zuzenketa prozesuaren bitartean, gertuko jende oso diferenteak irakurri du, eta polita izan da, berehala lotu dutelako norberari edo ingurukoei gertatzen zaien zerbaitekin». Hala ere, nabarmendu du ez dela autolaguntza liburu bat, Illouzi ere ez litzaiokeela batere gustatuko izendapen hori jasotzea, asko landu izan baitu gai hori. «Baina ukaezina da ematen dituela gure garaian eta gure garaiko askok hartzen dituzten erabaki askoren sakoneko arrazoien azalpenak».