Salgaien zerrenda

Artearen solasaldia NAFARROAKO HITZAn

ARTEA, MEMORIAREN GORDAILU

2018, apirilak 06
Edurne Elizondo

Zinema memoriaren espazio nagusia da”. Helena Taberna zinemagileak erran ditu hitzok, Katakraken, liburu denda horrek eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformak antolatutako ekinaldian. Artea eta memoria izan ditu hizpide, Enrique Villarreal El Drogas musikariarekin eta Alberto San Juan aktore eta antzerki zuzendariarekin egindako mahai inguruan. Memoriaren gordailutzat hartu dituzte hirurek artearen bideak: gordetzen duten hori zabaltzea asmo nagusi duten gordailutzat, alegia.

Ezagutzea da gakoa, hiru artistek nabarmendu dutenez. Iraganaren berri jasotzea, iragana aztertzea eta arakatzea, artearen bidez, gogoeta eta pentsamendu kritikoa bultzatzeko asmoz. Villarrealek onartu du “ezjakintasunak” eraman zuela bera memoriaren esparruan murgiltzera; prozesu horren ondorioz sortu zen Barricadarekin argitaratu zuen La tierra está sorda diskoa, 1936ko gerrari buruz.

“Lan hori sortzeko prozesuan neurri berean erabili nituen malkoak eta amorrua”, onartu du musikariak. Abestien helburua zein den argi du: “Izan daitezela suteak sortzeko txinpartak, entzuten dituztenen artean”.

Lehenagokoa da 1978ko uztailaren 8ko gertaeren inguruan idatzi zuen Sua abestia. Egun hartan hil zuen Poliziak German Rodriguez, tiroz, Iruñean. “Gau hura karrikan eman nuen nik; aurreko egunetan ere sumatzen zen kalean zerbait gertatuko zela”, gogoratu du Villarrealek.

Orduko giroa egungoarekin lotu du musikariak: “Nik ez dut politikoki zuzena izan nahi, ustezko ezkerrak behin eta berriz erraten duen bezala; ni indarkeriaren alde nago, autodefentsarako tresna gisa, argi baitut estatuak modu sistematiko eta sendo batean erabili duela beti indarkeria”.

Errealitateari so egiteko beharra nabarmendu du, eta asmo horrekin bat egin du Aberto San Juan aktore eta antzerki zuzendariak ere. Memoriaren arloan horrela hasi zela gogoratu du: “Bizi naizen tokiko errealitatea ezagutzeko nahiak eraman nau iragana arakatzera”. Prozesu hori 2008ko krisiak eztanda egin zuenean hasi zuen San Juanek. “Egun batetik bertzera hutsean gelditu zen ordura arte saldu ziguten ustezko garapenaren ideia; ez zen benetakoa, baina gizarteak benetakoa zela uste zuen. Zergatik? Finean, hedabide nagusiak botereak kolonizatuta daude, eta gertatzen denaz jabetzeko, ondorioz, ahalegin bat egin behar duzu”.

San Juanek egin du, eta gertatzen den horren berri emateko eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko, antzerkiaren alde egin du. Madrilen, El Teatro del Barrio izenburuko proiektuko kide da; kontsumo kooperatiba bat da. “Sortzen dugun kontsumorako gaia, kasu honetan, ideiak dira, informazioa”. Monarkiari, GALi eta ustelkeriari buruzko lanak egin dituzte, bertzeak bertze.

San Juanek hiritarren alde egin du: “Hiritarren komunitate bat da, nire ustez, bere kide guztiek behar dituzten baliabide materialak bermatzen dituena, eta kide horiei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko aukera ematen diena”. Gatazka hor sortzen da, San Juanen ustez: “Alde batean daude erabakitzeko eskubidea beren esku gorde nahi dutenak, eta, bertzean, berriz, denoi eragiten diguten kontuetan denok parte hartu behar dugula uste dugunok”.

Erabakitzeko, noski, ezagutzea “funtsezkotzat” jo du aktoreak. Are gehiago erran du: “Errealitatea ezagutu nahi ez izateak ekartzen du pertsonak beren ideiengatik espetxeratzen dituztenak laguntzea”. “Ezagutu behar dugu”, berretsi du San Juanek: “Ezagutu, gauzak aldatu ahal izateko”.

Gerra eta Eliza

“Zinema da zure sorterriko memoriaren argazki sorta; ez da kasualitatea nire lehendabiziko lana 1936ko gerrari eta Elizari buruz egin izana”, erran du Helena Tabernak. Altsasu 1936 izenburukoa izan zen aurreneko lan hori. Filmarekin batera, dokumentala egin zuen zinemagileak. “Herriko zahar etxean izan nintzen elkarrizketak egiten; han, faxistak eta haien indarkeria sufritu zutenak elkarrekin ziren. Gogoan dut emakume batek erran zidala: ‘Horrek moztu zidan ilea'”.

Film ertaina zen Altsasu 1936. Tabernak jaso zuen, halere, film luze bilakatzeko proposamena. “Ezin izan genuen egin, ordea; proposamena jaso eta gero, TVEk Elizaren baimena ote zuen galdetu zuten orduan gobernuan ziren sozialistek. Ez zuen aurrera egin”, gogoratu du. “Eskandaluzkoa da ahanzturaren antolatzaileek behin eta berriz erratea 1936ko gerrari buruzko film anitz egiten direla. Gutxi ditugu!”, gaineratu du.

“Memoriaren espazio nagusia da zinema, eta badu sendatzeko gaitasuna”, berretsi du zinemagileak. Argi utzi nahi izan du “arduraz eta erantzukizunez” egiten diola aurre memoria film bilakatzeko lanari. “Garrantzitsua da film on bat egitea, zabaldu nahi duen diskurtsoa hagitz garrantzitsua delako”. Tabernak erantsi du “konfiantza” duela ikus-entzulearengan. “Hark osatu behar du filmak aurkezten duen kontakizuna; hori da garrantzitsuena. Filma amaitu eta gero ere gogoeta egiten segitu behar du”.

Bat egin dute Villarrealek eta San Juanek, eta artea kontsumitzen duenak “zentzu kritikoa” izan beha duela nabarmendu dute. Zentzu kritikoa egungo errealitatetik iragana aztertu eta etorkizuna eraikitzeko. Horretan ari dira hirurak, artea eta memoria lagun.



Gaiari buruzko artikuluak