«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Bizitza bizi baten deskripzioa
Assata Shakurren 'Autobiografia bat' euskaratu du Danele Sarriugartek; Katakrakek eman du argitara. Atxiloaldiarekin hasi, eta haurtzarotik aurrerako bizipenak kontatzen ditu
Danele Sarriugarte itzultzailea Assata Shakurren Autobiografia bat jatorrizko liburuarekin, eta haren euskarazko itzulpenarekin. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko azaroak 13 - Donostia
Danele Sarriugartek euskarara ekarri du Assata Shakurren lana: Autobiografia bat. Bizitza baten deskripzioa jasotzen da liburuan, eta Katakrakek argitaratu du. 1947an jaio zen Shakur, New Yorken (AEB), eta, besteak beste, militantea, iheslaria eta idazlea da. Ikasten ari zela egin zen Pantera Beltzen Alderdiko (BPP) kide, eta, handik gutxira, Askapen Armada Beltzeko (BLA) militante bilakatu zen. 1973an New Jerseyn izandako tiroketa batean zauritu, eta atxilotu egin zuten, eta 1977an espetxeratu. Kartzelatik ihes egitea lortu zuen, eta, 1984tik, asilo politikoarekin bizi da Kuban. 2013tik, «gehien bilatutako terroristen zerrendan» du FBIk —zerrenda horretan inoiz sartu duten lehen emakumea da; bi milioi dolarreko saria eskaintzen dute hura harrapatzen laguntzearen truke—.
Sarriugartek azaldu duenez, liburua Shakur atxilotzen dutenean hasten da, eta, ondoren, atxiloalditik eta haurtzarotik aurrerako bizipenak kontatzen ditu, txandaka: «Atxiloaldiaren momentu horretaraino nola iritsi den kontatzen du, eta atxiloalditik aurrera zein izan den haren bizimodua, ihes egin eta Kubara erbesteratzen den arte». Uste du liburuan hainbat gauza ulertzeko aukera dagoela: garai bat, gizarte bat, familia bat, pertsona baten identitatearen sorrera... Baita kartzelaldiko esperientzia ere. Aldi berean, Shakurren «ahotsaren indarra» nabarmendu du.
Itzultzailearen arabera, Shakur urteen poderioz joan zen kontzientzia politikoa hartuz: «Kontatzen du nola uste zuen komunista guztiak gaiztoak zirela, jakin arte komunismoa zer zen. Polita da nola konturatzen den gauza batzuez, eta nola bere uste okerrak errebisatzen dituen. Batzuetan, zaila izaten da hori». Militante gisa egindako bidea ere jasotzen da, modu pertsonalean azalduta. «Oso irakurraldi ederra da; gogorra, baina, aldi berean, oraindik bizirik dagoena».
Atal biografikoak eta gaztaroko pasadizoak kartzelako jazoerekin, militantzia lanarekin eta eztabaida ideologikoekin uztartzen ditu Shakurrek, eta Pantera Beltzen jardunaren eta beltzen askapen mugimenduaren analisia ere egiten du. «Militantzia lana zer den-eta oso bizi agertzen da, eta egunerokora ekarrita. Horrek zer dakarkion bizitza bati. Autobiografia bat da, baina, militante politiko batena denez, hausnarketarako toki handia dago».
Liburuan biltzen diren hausnarketa guztiak esperientzia propioetatik eta bizipenetatik azaleratzen direla esplikatu du Hedoi Etxarte editoreak: «Azaltzen du erizainekin duen harremana, medikuekin, poliziekin... saiatzeko ulertzen ospitale baten barruan Poliziarekin aliantzan dagoen dinamika». Eta haren neurrira eginiko lana dela iritzi dio: «Liburu laua da. Bizitza oso baten errepasoa da, modu soilean egina».
Ekarpen berriak
Shakurren Autobiografia bat liburua ez da euskarazko itzulpen soil bat, eta baditu material osagarriak ere. Jatorrizko azken edizioetan bezala, Lennox S. Hinds abokatuaren hitzaurrea dakar, esaterako. Shakurren abokatua izateaz gain, Angela Davis eta beste hainbat militante iraultzaile errepresaliaturena ere izan da. Eta, hain zuzen, Davisen hitzaurrea ere badakar liburuak —2000. urtetik aurrerako edizioetan argitaratu izan da—.
Antzekotasunak dituzte Davisen eta Shakurren jazarpen kasuek, baina baita alde nabarmenak ere: ezaguna da bata, eta itzalekoa bestea. Arrazoia zein izan daitekeen azaldu du Etxartek: «Davisek militatu zuen alderdia nazioartean antolatutako alderdi bat zen, eta mundu guztiko erakundeak inplikatu ziren Davisen defentsarako kanpainan; ez zen hala izan Shakurren kasuan. Gainera, Shakurren atxiloaldia, torturak eta kartzelaldia Pantera Beltzen eraiste nabarmenean gertatzen dira». Sarriugartek gehitu du Shakur ez zela pentsalari bat: «Erakundeak eta mugimenduak jende pila batek osatzen ditu, eta pertsona batzuk dira agerikoak; errazagoa da hori. Uste dut testigantza honen balioa hori ere badela».
Euskarazko itzulpenak, berriz, bi testu berri ditu. Bata Joseba Sarrionandiak idatzia: Shakurren modura, militantzia politikoa eta idazletza uztartu ditu, eta Kuban ia lau hamarkada eman ditu iheslari. Beltzen ihesaldien inguruko gogoeta egiten du bere testuan, hain zuzen. Etxarte: «Funtsean, analogia bat egiten du XIX. mendean bizirik irauteko plantazioetatik ihes egiten zuten esklaboen eta Assata Shakurren artean, Shakurrek kartzelatik eta AEBetatik ihes egin baitzuen bizirik irauteko».
Azkenik, Katakrak argitaletxearen oharra jaso dute liburuan: «Normalki egiten dugun oharrekin alderatuta, desberdina da», onartu du Etxartek; hain zuzen, «inoizko kolektiboena» dela azpimarratu du. Ion Celestinoren, Gorka Arreseren, Ana Isabel Moralesen eta Koldo Izagirreren ekarpenekin osatu dute testua.
Hartan, bi ildo nagusi jorratzen dira: beltzen askapena eta klasea XX. mendeko AEBetan; eta beltzen askapena 1959tik euskal poesian, musikan, aldizkarietan eta itzulpenetan. Hala definitu du Etxartek: «Artearen bidezko beltzen askapenaren euskal historia kontatzen da». Eta, horrez gain, XX. mendeko bigarren erditik datorren beltzen askapen zikloa ageri da.