Salgaien zerrenda

«Badut konfiantza espainiar demokraten erreakzio gaitasunean»

KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA. EPAIKETA. BENET SALELLAS. CUIXARTEN DEFENTSAKO ABOKATUA

«Badut konfiantza espainiar demokraten erreakzio gaitasunean»

Letradunaren ustez, «epaiketaren eszenifikazioan» ikusiko da jokoan dagoen bakarra ez dela auzi katalana. «Erregimenaren krisia dela eta, aukerak daude». Autodeterminazio eskubidean oinarrituko dute defentsaren markoa.
IÑIGO URIZ 2019ko otsailak 2

Hilaren 12an hasiko den epaiketarekin parekatu daitezkeen beste kasu batzuk aztertu ditu Benet Salellasek (Girona, Katalunia, 1977), Jo acuso. La defensa als judicis polítics liburuan (Pages, 2018). Eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen defentsaren legelarietako batek badaki Espainian egindako prozesu politiko asko «errepresioaren garaipenekin» bukatu direla, «askotan». U-1aren epaiketaren atarian, ordea, ez du amore eman nahi. Akusatzaileak, hau da, Vox alderdia, fiskaltza eta Estatuaren Abokatutza, akusatu bihurtu nahi dituzte Cuixarten abokatuek.

Baietz, auzipetuen defentsen artean oinarrizko kontsentsu bat dagoela dio. Baina azaldu du zergatik ezin zaion estrategia bateratu bati jarraitu. «Espazio politiko are homogeneoagoetan ikusi izan dugu zaila dela epaiketa baterako estrategiak batzea». CUPeko diputatua izan zen 2015etik 2017ra.

Zeure esanetan, akusatuak absolbitzera behartu daiteke Auzitegi Gorena. Gaur-gaurkoz, kontrakoa egingo duela dirudi...

Badut konfiantza espainiar demokraten erreakzio gaitasunean. Egunero ikusten dugun bezala, katalanofobia oso ondo elikatua izan den ziklo batetik gatoz. Iruditzen zait, halere, jende asko dagoela estatuan, epaiketaren eszenifikazioarekin ikusiko duena epaiketan jokoan dagoen bakarra ez dela auzi katalana, sistema demokratikoa eta estatuan bizi garenon eskubide zibil eta politikoak daudela jokoan.

Epaiketaren alderdi teknikoan bainoago, herritarren presiorako gaitasunean duzu konfiantza.

Teknikoki eraiki dezakegu defentsa bat, azalduz ez direla egon planteatzen diren delituak. Kontua da, bai kaleratu izan diren ebazpenengatik, bai epaituko gaituen epaimahaiarengatik, nolabaiteko erabaki bat aurretiaz hartuta dagoela. Inpresio hori dut. Gutxi gorabehera idatzita dagoen epai hori lehengoratzeko dugun aukera bakarra da herritarrek egoera horren aurka egitea. Irudi hori oso garbi ikusten da Kataluniatik, baina beste toki batzuetan iragazkiak daude, eragozten dutenak argitasun hori hain indartsua izatea. Vox, faxismoa, hor dago, eta akusatzen ari da prozedura honetan. Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatutzaren planteamendu bera egin du. Beraz, antifaxista eta demokrata guztiek argi eduki behar dute, uneotan Voxen parean daudenak direla epaiketa honetan akusatutakoak. Hautatu behar horretan, norekin egongo dira demokrata espainiarrak?

Prozesu subiranistaren judizializazioa dela eta, Espainian ez da masa bereziki kritikorik loratu...

Nahiko argi dut epaiketan Kataluniako gizartea oso interpelatua sentituko dela, mugimendu independentistatik askoz ere harago doazen sektoreak barne. Hortaz, Katalunian irabazita dago partida. Kontua da kontsentsu zabal hori ez dela Espainiako gizartera hedatzen. Espainiako sistema judizialak horregatik eraman du epaiketa Madrilera.

Quim Torrak aste honetan esandakoa: «Europako auzitegiek arrazoia emango digute». Barneratua du, beraz, epaia ez dela absoluzioa izango.

Ez dut etsi nahi partida jokatu aurretik. Gisa horretako adierazpenak [Torrarenak] kezkagarriak iruditzen zaizkit. Momentu batzuetan subjektu politikoa lekualdatzen dela eta Estrasburgok [Europako Giza Eskubideen Auzitegiak] independentzia emango digula dirudi. Hutsegite handia iruditzen zait, ez baita horrela izango. Estrasburgok dagokionean ebatziko du guk mahai gainean jartzen dizkiogun eskaerez, eta ikusiko dugu zer esango duen. Gainera, autodeterminazio eskubidea Kataluniako herriak irabazi beharko du; edo estatuaren barruko herriek, 78ko erregimenaren kontrako aliantza bat osatuz. Auzitegi bakar batek ere ez digu eskubide hori oparituko, eta, gainera, ezin dugu eman herria lokarraraziko duen mezurik. Hau da: «Estrasburgok arrazoia emango digunez urte batzuk barru, ez dago sofatik jaikitzeko beharrik».

Giza eskubideen urraketa salatuko duzue zeuek, bai, baina, gainera, epaiketa autoderminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatu behar delakoan zaudete.

Autodeterminazioa epaituko dute epaiketan, eta guk autodeterminazio eskubideaz hitz egin behar dugu. Fiskaltza autodeterminazio eskubideaz mintzo da bere akusazioan, eta guk eduki behar dugu dialektikoki erantzuteko gaitasuna, eta konbentzitu Kataluniako herriak, subjektu politiko horrek, baduela eskubide hori. Estrategia kontu bat da. Guk ezin dugu onartu mahai gainean jartzen zaigun markoa, biolentziarena. Estatuaren erreakzioa azaltzen duen auzian zentratu behar da markoa. Autodeterminazioa gauzatu izan ez bagenu, ziurrenik ez zen gertatuko aurrean dugun erreakzio errepresiboaren desproportzioa.

Ez dut pentsatu nahi agertoki itxi batean gaudenik. Erregimenaren krisiaren testuinguruak azaltzen du, nolabait, independentismoaren gorakada Katalunian. Erregimenaren krisi hori ez dago itxita, eta badaude aukerak. Epaiketa planteatuta dagoen moduan zigortzen bagaitu Gorenak, bere prestigioaren zati bat aurrean eramango du, eta prezio garesti bat ordaindu beharko du.

Horren harira, Andreu van den Eynde Oriol Junquerasen abokatuak adierazi zion BERRIAri kritikak jasotzeko «sekulako gaitasuna» daukala Espainiak, baina gaitasun hori ez dela amaigabea. Gaitasun horrek gainezka egin dezake oraingoan?

Apur bat hantustea dirudi hau esateak, baina datozen hilabeteotako prozesua bada, neurri batean, estatuan inoiz gertatu ez den zerbait. Espainiako sistema judiziala inoiz ez bezala kritikatua izaten ari da nazioartean, eta hori guztia zamatzen ari da. Kontuan hartu behar da, gainera, gobernu ahula dagoela. Estatuak, agian, ezingo dio denari eutsi.

Independentismoa zatikatuta dago. Asteon ika-mikan ibili dira Carles Puigdemont presidente erbesteratua eta Oriol Junqueras presidenteorde kartzelatua. Horrek zeri eragin diezaioke?

Epaiketan gertatzen denak Kataluniako bizitza politikoa baldintzatuko du. Hortaz, barruan gertatzen denak kanpokoari eragingo dio, eta alderantziz. Dena dela, ez da berria Esquerra Republicanak [ERC] eta Convergenciari lotutako sektore historikoak elkar ez ulertzea. Egia da, ordea, independentismoan ez dagoela batasun estrategikorik; areago, esango nuke nolabaiteko desoreka bat dagoela gobernuaren independentismoaren eta kaleko independentismoaren artean.

Bestalde, azpimarratu beharrekoa da errepresioaren aurkako mugimenduak indar gutxiago daukala, baldin eta helburu politikorik ez badu.

Zer moduz dago Cuixart? Ia hamabost hilabete daramatza behin-behineko espetxealdian.

Ondo dago, epaiketarako gogotsu, eta, batez ere, epaiketaren bidez ahal dugun heinean artefaktu politiko bat eraikitzeko gogoz.

Nazioarteko begiraleei ez diete utziko epaiketan egoten. Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusiak astearen hasieran nabarmendu zuenez, haien presentzia ez da beharrekoa.

Hori adierazten duenak ez daki begiraleek zer lan egiten duten epaiketa batean. Gorena ez da ari onartzen epaiketa berme guztiekin. Norbaitek gauzak ondo egiten dituenean, ez da besteek begiratuko duten beldur, ezta? Zein da begiraleak ez onartzeko arazoa? Zer ezkutatu nahi du Gorenak?



Gomendatutako liburua:

Jo acuso

Jo acuso

13,00 €

Eskuragarri 7 egunetan


Gaiari buruzko artikuluak