Biharamun goizean: Edward Said
Azaroak 05 Asteazkena
Faxismoa, ekonomia kapitalistaren gainbeheraren eta desintegrazioaren adierazpidea da.
Clara Zetkin
1975ko irailaren 27an ETA pmko Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki eta FRAPeko José Luis Sánchez-Bravo, Ramón García Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituzten, Frankismoko azkenak.
50 urte beranduago ez Madrilgo botere zentrala ezta Sarasate Pasealekukoa ez dira gai izan diktadura militar baten aurka ekiteagatik heriotzara zigortutakoak ohoratzeko. Are, 1975ean «Ez zaituztegu ahaztuko, Amnistia, Heriotza zigorraren abolizioa» aldarrikatzen zuten ezkerreko erakunde askoren oinordekoek, bost antifaxistak politikoki gogoratze hutsa gaitzesten dute orain.
Bost heriotza horiek ez ziren, ordea, frankismoaren azkenak izan. Polizia Armatuak, Guardia Zibilak eta eskuin muturreko taldeek dozenaka pertsona hil zituzten gerora ere.
1970etako iraultza eta haustura ahaleginek porrot egin zuten eta 1980etan, PSOE buru, erretorika progresista batekin, agintean jarraitu zuten Frankismoko zutabe guztiek: kapitalak, jabetza pribatuak, poliziak, NATOren bidezko gerra inperialistek, epaileek, hedabideek eta Angela Davisek «kartzela-industria konplexua» izendatzen duen espetxe eta muga sistemak. Gatopardon bezala: dena aldatu zuten guztiak berdin jarrai zezan.
Heriotza zigorra, zorionez, desagertu zen, baina poliziak hiltzen ditu migratzaileak Bidasoan, Arrotxapean eta Zeutan ala futbolzaleak Indautxun.
Galdera da, nortzuk dira gaur Txiki eta Otaegi? Zilegi da orainarekin alderaketarik?
Armada sionistako buruek diotenez, honezkero, 200.000 lagun hil ditu Israelgo armadak bi urtean Gazan. Hiri osoak lurrarekin berdindu ditu, zelaiak nekazaritzarako ezinezko bilakatu, gosetea eragin du laguntza sartzea ekidinez.
Europako estatuek ez dute inolako zilegitasunik giza eskubideen leziorik emateko: ez dute ezer egin zuzenean ikusi dugun genozidioaren aurrean. Europako jende xeheak ez du estatuburuekin bat egiten: nabarmena da 2023ko udazkenetik Berlindik Bruselara, Paristik Tuterara. Sumindutako pertsonek sare telematikoak hartu dituzte, Espainiako itzuliko txirrindularien etapak moztu dituzte, kaietan eta fakultateetan Flotillari babesa adierazi diote, manifestazioak eta kontzentrazioak biderkatu dira, sionismoarekin negozioa egiten duten bertako enpresak seinalatu dituzte, itsas-portuak blokatzearekin mehatxu egin dute langileek. Baina mobilizazioek ez dute oraingoz asmatu gobernuen posizioak nola aldatu: genozidioak darrai.
Eta ordea, ez dugu beste aukerarik: jarrai dezagun kaleak hartzen, ezetz esaten sionismoari, ezetz kolonialismo basatiari.
Zapalkuntza amaitu da
olibondoak nonahi.
Fermin Muguruza
Borroka eta porrot horien guztien lau hamarkadetako kontakizun bat da Fermin Muguruzaren kantugintza eta Iruñean bukatuko du, urriaren 4an, bere bira antifaxista. Mundu osoko borrokak dauzka gogoan: Kurdistanetik Colombiara, Aitor Zabaletatik Lucrecia Pérezera, Mombar Hoteletik Zumardi handietara.
Horregatik egingo dugu, Mohammed el-Kurdek bezala dantza: salatzeko polizia, muga militarizatuak, gerrak, inperialismoa, neonaziak, dena berdintzen duen macdonaldizazioa. Bizitzaren aldeko aldarri bat da Muguruzaren kontzertua, Rosa Luxemburgek hil aurretik argitaratu zuen azken artikuluko hitzak ardatz ardatz dauzkana: izan ginen, bagara, izango gara!