Salgaien zerrenda

«Den-dena nahi dugu» DIARIO DE NAVARRAn

2020-01-13

Balestriniren langileak, euskaraz

Balestriniren Den-dena nahi dugu argitaratu du euskaraz lehen aldiz Katakrak etxeak, Fernando Reyren itzulpenarekin. Langile baten historia da, baina baita langile masaren historia ere.

ION STEGMEIER
Iruñea

Maiatzean hil zen Nanni Balestrini (1935-2019) italiar idazlea, hil aurreko azken asteetan bere lan ezagunena euskaratzeko eskubideak sinatu ondoren. Orain, Iruñeko Katakrak etxeak argitara eman du Den-dena nahi dugu, Balestrinik Vogliamo tutto bezala karrikaratu zuena 1971an, Italiako masa-langilearen historia bilakatu zedin esperoan.

Hirurogeiko hamarkadan kokatua, Balestrinik «geruza sozial oso bat pertsonaia bakarren esperientzien bidez» kontatu nahi izan zuen Den-dena nahi dugu liburuan, Katakraketik azaltzen dutenez. Fernando Rey itzultzaile trebatuak izan du idazlea euskarara lehen aldiz ekartzeko erantzukizuna. Eta ez da erraza izan. «Balestrinik esperimentazioa landu zuen, oso estilo berezia du bere narrazioan eta erronka polita zen ikustea ea gauza nintzen estilo hori eta testuak duen erritmo frenetikoa euskaraz emateko, batez ere kontuan hartuta Nanni Balestrinik normalean ez duela erabiltzen ez maiuskularik, ezta koma bakar bat ere liburu guztian», azaltzen du Reyk. «Horrek gaztelanian edo italieran, tira, baina euskarak halako sintaxi hain berezia izanda erronka zen nola egin ulergarri testua, nola eman tonu frenetiko eta abiadura hori, baina ulergarri eginez eta euskara naturala erabiliz», dio itzultzaile nafarrak.

Balestrinik kritika soziala landu zuen batipat bere literaturan. «Kapitalismoa kritikatzeko erabiltzen zuen batez ere, langileen borrokaren berri emateko eta garai baten berri emateko baita ere», dio Fernando Reyk.

Beste hainbatek bezala, Italiako hegoaldetik iparraldera joan behar izan duen pertsonaia jarraitzen du eleberriak. Fiat-en lan egitera doa, amets bat jarraituz, baina gerraosteko gizarte horretan industria eraldaketa ugari ekartzen ari da. «Motorrak telebistak autoak, zer kontsumitu, badago. Dantzatokiak ostatuak zinema aretoak, non pasa denbora lanetik ateratakoan, bada. Baina zertarako behar du langileak begiak betetzen dizkion mundu hori guztia ez badu zerekin erosi, denbora badu ments», idazten du liburuaren hitzaurrean Iñigo Aranbarrik.

Liburuak gazte horren historia kontatzen du.«Hegoaldean tomate lanetan eta denetik egiten zuen nekazaritzan. Iparraldera joan eta industrian hasi zen eraldaketa industriala hasi zen momentuan eta han deskubrituko du nolako baldintza kaskarrak dauden, nola funtzionatzen duen kapitalismoak, bai fabriketan eta baita fabriketatik kanpo ere, etxebizitza lortzeko zailtasunak... eta nola galarazten duen kapitalismoak pertsonen duintasuna eta pertsonen ametsak», azaltzen du Fernando Reyk.

Alde hortatik nahiko garratza da testua. Balestrinik langile horri ematen dio narratzailearen papera. «Kontatzen ditu miseri asko eta nola pizten den langileen borroka, ikusten da jendea nazkatuta hasten dela fabrikaren kontra, estatuaren kontra, denaren kontra, esanez: beste zerbait nahi dugu, dena nahi dugu eta ez digute deus ematen», gaineratzen du Reyk.

Fernando Reyk dioenez itzultzaileei beti ideia asko pizten zaizkie testuen barrenetik, eta oraingoa ez da salbuespena izan, antzekotasunik aurkitu dizkio gaur egungo egoerarekin. «Gazte honi ailegatu zitzaion iparraldetik amets bat, 'utziko dut nere lurra joateko iparraldera eta han ongi biziko naiz eta aurrerapena dago', eta ikusten dut neurri batean errepikatzen direla gauzak gaur egun Afrikatik etortzen zaizkigun emigranteekin ere, amets bat saltzen zaie eta hona ailegatu eta ikusten dute oso bestelakoa dela, bazterkeria dagoela», dio.

Nanni Balestrini Milanen jaio zen eta Umberto Eco, Antonio Porta, Giorgio Manganelli eta beste askorekin batera Neoavangoardia mugimenduaren parte izan zen 1960ko hamarkadatik aurrera. Esperimentazioa, eta bereziki poesia, landu zuen hasieran. Erabili zituen ordenagailuen serieak, collagea, mundu zoroa eraldatu eta mundu zoroa plastizidadez azaltzeko teknikak. Gruppo 63 izena zuen bere taldeak. Hogei poema liburu baino gehiago argitaratu zituen orduz geroztik. Horrez gain, hamabi eleberri, bi ipuin liburu eta bestelako antologia dezente. Bere hiru liburu ezagunenen artean dago Den-dena nahi dugu. Beste biak dria Ikusezinak nobela mardula, berunezko urteen gaiari buruzkoa, estetikan apustua handitu zuen orduan: letra larririk eta puntuaziorik gabeko lana da. Eta Urrezko aldra historia liburua Primo Moronirekin batera.

DEN-DENA NAHI DUGU
Egilea: Nanni Balestrini
Itzulpena: Fernando Rey
Hitzaurreak: Iñigo Aranbarri, Franco Berardi «Bifo»
Argitaletxea: Katakrak
Orrialde kopurua: 208
Prezioa: 17 euro



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak