Salgaien zerrenda

«Den-dena nahi dugu» GARAn

28/11/2019
KULTURA

Iparraldetik hegoaldera heltzen diren ametsak gezur hutsa dira maiz

Lehen aldiz ekarri da euskarara Nanni Balestrini italiarraren lan bat. «Den-dena nahi dugu» (Katakrak) lana izan da bide berriaren lehen urratsa. Italiako hegoaldean bizi den gazte batek, lan kaxkarrekin aurrera egiten duenak, entzun du iparraldetik datorren promesa, baina urrutiko intxaurrak… han deskubrituko ditu xenofobia, diru gosea eta bizi baldintza gogorrak. Dena aldatu nahiko du, goitik behera. Fernando Rey aritu da itzulpen lanetan.
OIHANE LARRETXEA | DONOSTIA

Nanni Balestrini idazlea (Milan, 1935) iragan maiatzean zendu baino aste batzuk lehenago sinatu zuen bere lana euskaratzeko baimena. Katakrak-ek ireki du bidea, 2004an idatzi zuen “Den-dena nahi dugu” lanarekin. Jatorrizko italieran egileak erabili zituen ahozkotasun kutsua, hitz jarioa eta musikalitatea gurera itzultzeaz arduratu da Fernando Rey. «Itzultzaileak beti gara irakurle pribilegiatuak, behin eta berriz irakurtzen ditugu testuak eta oso barrenean sartzen gara», aitortu zuen.

Narrazioak 60ko hamarkadan Italiako hegoaldean kokatzen gaitu lehendabizi, bizimodua aurrera ateratzeko mota askotako lanak egiten dituen langile baten larruan, zehazki. Besteak beste, tomate sail eta lantegietan ari den gazteari ailegatzen zaio Italiako iparraldetik kolore distiratsua eta usain ona duen amets baten oihartzuna.

Itzultzaileari nahi gabe etorri zitzaion burura gaur egun Afrikan hainbesteri ailegatzen zaien promesa bera Europaren inguruan. Behin han direla, hormak eta trabak baino ez dituzte aurkituko. Protagonistak ere, beste hainbeste. Turinera ailegatu eta, zer? Han daude hegoaldearekiko xenofobia eta bizi baldintza kaskarrak. «Gezur handi bat eta bazterkeria deskubrituko ditu, baita ere diru gosea. ‘Dirua nahi dut, zeren bizi nahi dut, jan nahi dut’», esango du azkenik gazteak.

Errealitate horretan sentituko du den-dena botatzeko eta den-dena eraldatzeko beharra. «Den-dena ez da aldaketa txiki bat, dena bota nahi du, Estatua ere bai. ‘Zein zirrikitu dut?’. Langileen borroka eta langileen batasuna», ohartuko da protagonista. Ezinegon hori jasotzen du Balestrinik.

Eta agerian gelditzen da kapitalismoak nola desegiten duen jendea eta bere duintasuna, autoestimua, nola deserrotzen den jendea. «Gazte baten bizimodua eta ibilbidea kontatzen den arren, ondo jasotzen du azal bakarrean kolektibo oso baten egoera», adierazi zuen Katakrak-eko Hedoi Etxartek.

Hurbiltzeko urrundu behar

Oreka batean aritu da borrokan Rey, ezinbestean itzultzaileak mantendu behar duen oreka horretan. «Itzulpen on bat egiteko ibili behar da ahal bezain hurbil jatorrizkotik baina behar bezain urruti. Traduttore tradittore. Ez da ebitatu behar dena, baizik egin behar dena. Idazlearen asmoa eta edukia aldatu gabe, baina ezinbestekoa da aldentzea, askatasun handiagoaz sentitzen gara jatorrizkotik itzulpen hobea egiteko. Ez dut esaten zailtasunak ebitatzeko. Urrundu beharra dago, bestela ez da euskara onik ateratzen», defendatu zuen.

Ahozkotasunak indar berezia du lan honetan, lasterka egiten du hizkuntzak. Egileak baliatu zuen esperimentalismoa ere azpimarratu zuen Reyk. «Kontatu nahi ditu gauzak bata bestearen segidan. Hori izan da niretzat itzulpen ariketa gisa zaila baina polita aldi berean. Nola ekarri musika eta erritmo hori euskarara, ulertzen den euskara batean, jakina».

Zailtasunak baditu, baina euskarak ere ematen ditu irtenbideak, baliabideak izan badituelako. «Ez dut uste hizkuntza batzuk direnik errazagoak edo zailagoak itzultzeari dagokionez, eta egoki eman daitezke gauza guztiak. Euskarak baditu baliabideak, gauza da landu egin behar direla».

Italierak euskarak bezala baditu dialektoak eta horretan ere arreta jarri du. Kutsu hori eman dio, euskara batutik atera gabe baina.

BALIABIDEAK

Itzulpenak zailtasunak izan dituela aitortzen du Rey-k, baina euskarak dituen «baliabideak» goraipatzen ditu. «Egoki eman daitezke gauzak. Euskarak ematen ditu aukerak, gauza da landu egin behar direla», dio.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak