Salgaien zerrenda

DRIG DRAG DRUG: kronika bat

Iruñean, martxoaren 31n

Kaleetan berotasun falta izan arren eta hau dena aldatzea erraza ez den arren, Leslie Feinberg-ek zioen moduan «errenditzea borrokatzea baino askoz arriskutsua denez», berriro arriskatu gara eta programazio berezi bat aurrera eramateko borrokatu dugu. Drig Drag Drug jardunaldiak pasa dira eta aje galanta utzi digute gorputz, buru zein bihotzetan.

Francisen auzia lantzen eta ezagutzera ematen duen liburuaren aurkezpenarekin hasi ziren jardunaldiak; memoria, garaiko kaleko protestak, kide oihen samurtasuna eta EHGAMen sorreraz ere aritu ziren Julen eta Xabier. Argi dago gure historiaren erreferenteak, genealogia, ezagutu behar ditugula, ahoz-ahoz zabaldu behar ditugula ahaztu ez daitezen.

Ostiraleko mahi-ingurua laburra egin zitzaigun. Hainbeste dugu euskal terminologia disidenteari buruz hausnartzeko, hitz egiteko, eztabaidatzeko, asmatzeko. Dotore ibili ziren Irati, Danele eta Fermintxo euskarazko itzulpengintzari buruz ideiak zein sentipenak partekatzen. Gaualdean pentsaldi luzearen ostean, argi ilunago batekin, bafle, gitarra, ahotsak eta sintetizadoreez armatuta emanaldi ederra eta giro nostalgiko euforikoa sortu zuten Mirenek eta Danelek Poperra, Afterra eta Utopia kontzertuarekin.

Larunbat goiza iparraldeko xirimiri arriskutsu batekin hasi zen, eguerdian berriz temperatura gora igo zen eta hodei grisen barealdia lortu zen Chikazos bartzelonako Drag King kolektiboa gurean izan zirelako bingo show berezi batekin. Hegemoniatik at dantzatu, abestu, ikasi, barrez lehertu ginen; jolastera animatu ziren guztiek sari oso oso bereziak lortu zituzten gainera. Gogo handiz espero dugu haien buelta gurera.

Eta nola ez, egindakoa ospatzeko itxiera jaia egon zen; Plazeratu kolektiboak eta Gordas Pimponeras dj-ek dezibelioz, erritmoz, dantzaz eta izerdiz bete zuten Aitzinako beheko solairua. Goizeko ordu txikitan gertatu zena norberak berarentzat gordeko du, edo ez?

Mila esker hasieratik etortzeko gogoa izan duzuenoi, duda egin arren etortzea erabaki duzuenoi, lagunak konbentzitu dituzuenoi, lagunak lagundu dituzuenoi, beste plan bat egon arren hau erabaki duzuenoi eta azken momentuan animatu zineten guztioi, bihotz-bihotzez.

Ehun eta hamar pertsona inguru, hamahiru txela, zortzi bomba transmore, hiru egun, bi gau eta goiz bat. Bi emanaldi, liburu bat, eztabaida bat, jai bat. Hamaika gogo eta milaka betebehar.

Izakun Mata Coloma
Katakrakeko Ikerketa Gunea

Hau dena aldatzea denon kontua delako: drig, drag, drug!!



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak