«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Azaroak 22 Ostirala
Hannah Arendten 'Eichmann Jerusalemen. Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat' liburua argitaratu du Katakrak argitaletxeak, Koro Navarrok euskaratuta.
Adolf Eichmannen epaiketa, Jerusalemen, 1961. urtean.
2023ko maiatzak 14
Beti jakin nuen filosofia ikasiko nuela, hamalau urte nituenetik. Nolabait, niretzako kontua zen: edo filosofia ikasiko dut, edo leihotik behera botako dut neure burua». XX. mendeko pentsamendu politikoaren figura garrantzitsuenetako bat da Hannah Arendt. Filosofiak harrapatu zuen gaztea zela, nahiz eta ez zuen bere burua filosofotzat. Totalismoaren, holokaustoaren eta gizaki «normal» bat ankerkeriak egitera eraman dezaketen inguruabarren gainean hausnartu zuen, besteak beste. Izan ere, gertutik bizi izan zituen horiek denak. Judua zen, ihes egin zuen Alemaniatik, bai eta Frantziako kontzentrazio esparru batetik ere.
Adolf Eichmann izan zen sarraski horretan sei milioitik gora judu akabatu izanaren arduradun nagusietako bat, eta bahitu egin zuten, hargatik, israeldarrek, 1960ko maiatzaren 11n, Argentinan. Bederatzi egunez izan zuten bahitua. Bi aukera baino ez zituen une hartan Eichmannek: Jerusalemen epaitua izan edo hil. Bi aukerak iritsi zitzaizkion azkenean; bata bestearen atzetik. Izan ere, 1961eko apirilaren 11n hasi zen haren kontrako epaiketa, eta urkamendira kondenatu zuten bertan. Hala hil zen handik urtebetera, Tel Aviven (Israel).
Garai hartako hedabideetan egon zen gertakari mediatiko handienetako bat izan zen hura, eta, hain justu, epaiketa horren lekuko izan zen Arendt, korrespontsal gisa eman baitzuen prozesuaren berri The New Yorker aldizkari estatubatuarrerako. Harrituta zegoen; arrunkeria baitzen gizon haren ezaugarri nagusia, kontzientzia moralaren arrastorik gabea.
Ikusten ari zenak «gaizkiaren hutsaltasuna» kontzeptua biribiltzeko balio izan zion Arendti. Zer esan nahi du, baina, kontzeptu horrek? Bada, gizabanakoak, gainontzeko gizakienganako inolako errukirik sentitu gabe, bere sistemaren arauen barruan jardutea. Gerora ezinbesteko izan zuen kontzeptu hori filosofoak, akusatuaren epaiketari eta nortasunari buruzko kontaketa egiteko. Liburu batean bildu zituen bertan jazotakoak: Eichmann Jerusalemen. Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat (1963).
Eichmannen aurkako epaiketa kontatzeaz gain, haren gogoaren azterketa psikologikoa egiten du Arendtek lanean. Egilearen arabera, Eichman ez zen antisemita, eta, itxura batean behintzat, ez zuen psikopata izatearen inolako zantzurik. Bere karrera profesionalean gora egiteko nahiagatik jardun zuen hala, antza; Arendtek zioenez, «goitik zetozkion aginduak konplitu besterik ez zuen egiten».
Gehiengoak munstrotzat zeukan Eichmann. Arendtek, baina, kontrakoa erakutsi nahi izan zuen liburuan. «Egindako basakeriak ez zituen egin berezko ankerkeria zuen izaki bat zelako, sarraskietan oinarritutako sistema batean bizi zelako baizik». Nabarmendu nahi zuen, nolabait, nazismo garaiko gaiztakeriak ez zirela ezer demoniakoa, sakona, berezia, baizik eta egunerokotasunari zegokion zerbait; Eichmann bezalako «jende arruntari» zegokiona, alegia.
Haize kontra jo zuen, beraz, Arendtek, eta aurreko mendeko polemikarik bizienetariko batzuk piztu zituen horrek. Izan ere, Eichmann munstrotzat zeukan jendeak beste hitz batzuk nahiagoko zituen, beharbada, hura deskribatzeko. Hargatik, bere herria traizionatu eta nazismoa zuritu izana leporatu zion jendeak filosofoari.
Hirurogei urte beteko ditu aurten Eichmann Jerusalemen liburuaren lehendabiziko argitalpenak. 2007an agertu zen lan hori euskaraz aurrenekoz, Klasikoak sailaren barruan. Koro Navarrok egin zuen itzulpena. «Oso liburu handia da Arendtena, eta gauza asko esaten ditu. Kapitulu bakoitza istorio bat da. Momenturen batean oso gogorra egin zitzaidan», zioen itzultzaileak orduan. Atera eta pare bat urtera katalogotik kanpo geratu zen, ordea.
Lehen argitalpenaren efemeridearen harira, itzulpen hori berreskuratu du Katakrak argitaletxeak, eta argitara eman du oraintsu, Navarroren itzulpenean oraingoan ere.
Irakurlea testuinguruan kokatzeko, ohar bat dakar, lehen-lehenik, liburuak, eta, ondoren, Mario Zubiagak egindako hitzaurrea. Hala definitzen du hitzaurreak liburua: «Egoera basatienaren aurrean ere, pentsatu beharra. Galde egin beharra. Zergatiak ulertu beharra. Eichmanni kritika saihestu barik eta ezarri zitzaion heriotza zigorra txarretsi gabe, mundua txuri-beltzean marrazten duen gorentasun morala alboratu beharra. Hausnartu. Ez justifikatzeko, etorkizunean giza basapiztia berriro esnatuko balitz hari aurre egiteko prest egon gaitezen baizik. Hau da Hannah Arendtek liburuan luzatzen digun proposamena».
Deserosotasuna helburu
Zubiagaren arabera, hainbat galdera jaurti nahi izan zituen airera Arendtek. «Zergatik gertatu zen? Noraino heldu zen aliatuen erantzukizuna? Nolatan lagundu zuten juduek, haien buruzagi propioen eskutik, auto suntsiketa hartan? Zer dela eta joan ziren denak zintzo, ardi otzanak legez, gas kameretara?». Deserosotasuna piztu nahi zuen egileak galdera horiekin, eta, bide batez, jendeari hausnarketarako bide eman. «Eta, halere, galdera horiek egin izanagatik larrutu zuten», dio Zubiagak. «Eichmann epaitzea ez baitzen nahikoa, gaiztotasunaren ikur huts eta garbitzat hartu ezean».
Gaurko garaiekin alderatzen ditu ordukoak argitaletxeak, eta, Arandtek egin bezala, hausnarketarako bide ematen dio hasierako oharrean irakurleari; nork bere gogoaren barrenak araka ditzan: «Botere egituren logika burokratikoa hogeigarren mendean bezain indartsu dago egunotan. Horregatik, gertakizun historiko bikoitz bat bezala irakur daiteke liburu hau, baina baita ispilu gisa ere. Borondaterik onena duena ere ez da, egunen batean, eta baldintza jakin batzuetan, bere eskala eta neurrian, Eichmann bat izateaz libratzen».