«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
2023 MAI. 18
MIKEL ZUBIMENDI
DONOSTIA
Liburuaren 60. urteurrenenean, "Eichmann Jerusalemen" berriro euskaraz irakur daiteke, Koro Navarroren (ber)itzulpenarekin eta Mario Zubiagaren hitzaurrearekin. Funtsezko eztabaida batzuk euskaraz egiteko ezinbesteko klasiko bat. Hannah Arendt egileak zintzotasunez eta seriotasunez landutako gai filosofiko konplexuen inguruan dihardu, eta aldarria ere badakar: izan gaitezen deserosoak, ausartu galdetzera, ez baztertu inoiz zure juzgu etikoa.
Eichmannen paperak, Ricardo Klement izen faltsuarekin.
ZERGATIK ARENDT?
«Deserosoa delako. Deserosoa garaiko espirituarentzat, deserosoa juduentzat, «self-hatred» bat, liberala izanik liberalentzat deserosoa, aurrerakoia izanik aurrerakoientzat, irrintzi bat delako finean: izan gaitezen deserosoak!»
Holokaustoan parte hartze zuzena izan zuen Adolf Eichmann nazia 1961. urtean bahitu zuen Mossad edo Israeleko zerbitzu sekretuak Argentinan. Nurenbergen ez bezala, estreinakoz nazi bat Israelen epaitua izango zen, oihartzuna mundu osora zabalduz. Hannah Arendt pentsalaria kazetariz jantzi zen eta bere burua "The New Yorker" aldizkariari aurkeztu zion, munduaren atentzioa bereganatu zuen epaiketaren kronika egiteko. Ofizioan intrusismoaren inguruko kexak gorabehera, onartu egin zuten.
Baina Nurenbergeko epaiketetan ez bezala, Eichmannen kontrakoan ez ziren frogak aurkeztu, ikuskizun hutsa izan zen, show bat, presio diplomatikorako erabilia, besteak beste. Alemaniak Israeli ematen zizkion dirulaguntzak bukatzear zeudelako, edo Israelgo armadak Alemaniatik armak lortzea behar zuelako. Frogak ez ziren aurkeztu, baina lekukoak bai. Holokaustoa bizi, ezagutu eta sufritu zuten pertsonak beren bizipenen lekukotza ematen eta Eichmannekin eztabaidatzen jarri zituzten.
LIBURU ETA GAI KONPLEXUAK
Itzultzailea denetan irakurle onena dela esan ohi da. Baina “Eichmann Jerusalemen” bigarrenez euskarara itzuli duen Koro Navarro ez dago baieztapenarekin ados. Haren hitzetan, itzultzaileek lupa handi batekin irakurtzen dute, lexikotik estiloraino dena arakatuz. Eta aitorpena ere egin zuen: liburu hau ez da erraz irakurtzen eta itzultzen. Konplexua da, oso. Gai konplexuez dihardu, bere konplexutasun guztian. Idatzita dagoen moduan idatzita dagoelako, esaldi nagusiak beste sei edo zazpi esaldi menpeko izan ditzakeelako, Hannah Arendt zetorren eskolatik zetorrelako, alemanez pentsatu eta ingelesez idatzi zuelako.
Baina liburu oro balioztatzeko itzultzaileena baino gorago eraman behar da lupa. Liburua bere testuinguruan kokatu behar delako, bere testuinguru filosofiko, historiko eta juridikoan. Bere inpaktua neurtu ahal izateko. Eta Navarrok adierazi zuenez, eskertzen dio Hannah Arendti bere zintzotasuna eta seriotasuna, gauzak ondo eta sakon aztertzeko bere ahalegina.
OBEDIENTEA DA ARRISKUTSUA
«Zergatik Eichmann?», beharrezko galdera horrekin abiatu zuen Zubiagak bere hausnarketa. Zientzian bezala, moral mailan aurrerabidea existitzen al da? Ala betiereko itzulera batean gaude, beti betikora bueltatzen? Seguruenik ez bata ez bestea edo, klasikoek esaten zuten bezala, itzultzen dena fartsa gisa dator.
Eta zer egin berriz itzul ez dadin? Are, XIX. mendeko kontu batzuk itzultzen ari direnean. Orduan kapitalismoaren pilatze fasea azkartu zen eta masak diziplinatzeko tresna ideologikoa faxismoa izan zen. Logika antzekoak dabiltza egun, ezberdintasun batekin: orduan planteatutako sozialismoaren alternatibarik ez dagoela. Eta kapitalismoak faxismoa behar du, eta faxismoak, faxistak.
Eta faxista izan daitezke pertsona arrunta, aita ona, langile obedientea, Eichmann bezalakoak. Hori da benetako arriskua, faxismoaren mentalitate hutsala: denok izan gaitezkeela funtzionalak.
Torturatzaile guztien barruan, gora egitea interes bakarra duten burokrata ororengan, bizi da Eichmann. Indarra erabili behar duen burokratarentzat edo Ertzaintzaren Arkautiko akademian nahitaez irakurri beharreko liburua izan behar luke.