«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
ARIANE KAMIO | DONOSTIA
Datorren abenduan bi urte beteko ditu Katakrak argitaletxe nafarrak liburuak argitaratzen hasi zenetik eta dagoeneko euskarazko zazpi titulu eraman ditu liburu-dendetara, horietatik bi Angela Davisenak. Idazle, pentsalari eta aktibista feministaren bigarren lana atzo bertan aurkeztu zuen Hedoi Etxarte editoreak Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.
Xabier Olarraren koordinaziopean, Fermin Zabaltzak, Itziar Diez de Ultzurrunek, Estibalitz Lizasok eta Joxemari Berasategik egindako itzulpen lanaren ondorio da “Emakumeak, kultura eta politika”. Davisek 80ko hamarkadan idatzitako testuekin egindako lana da, antza, bere amak egindako gomendio bati erantzunez egina, ordura arte idatzitako hitzaldi, hitzaurre eta artikuluen laburbilduma egin zezan.
«Unibertsitateko irakasle zela oso ezagun egin zen Angela Davis, campus barruan geratu beharko liratekeen hainbat afera prentsako lerroburuetara iritsi zirelako. Garaiko kontserbadoreek zioten, gainera, unibertsitatean ezin zela irakasle komunistarik izan, eta bera emakumea eta afroamerikarra zen gainera». 1972an Soledad anaien auzian nahasia ikusi zuen bere burua, bahiketa eta hilketa delituak leporatu baitzizkioten. Kasuak nazioartean sona handia izan zuen eta kanpaina erraldoiak egin ziren bere askatasuna galdegiteko. Handik urtebetera absolbitu zuten.
«Horrek oso famatu bihurtu zuen Angela Davis eta hamaika lekutatik deitzen hasi ziren, Egiptotik, Nairobitik edo Ipar Carolinatik. Bidaia horietan idatzitako testuak biltzen dira bilduma honetan», gaineratu zuen Etxartek. Hamarkada batean pentsatu eta idatzitakoak dira Katakrakek euskal irakurleen esku uzten dituenak, askotariko gai eta gogoetak batzen dituen liburuan.
«Aurkituko dugu adibidez New Yorken egiten den argazkilaritza beltzari buruzko erakusketa batetik abiatutako testu bat, non azaltzen duen nola AEBetan ez den kontatzen argakilaritza beltzaren historiari buruz apenas ezer». Bere azalpenen arabera, liburua 80ko hamarkadako munduari egindako ikuskatze bat da, bere bidaietatik eratorritako lanen batasuna. «Liburuan dagoen testu luzeenetako bat Egiptora egindako bidaia baten ondorioa da. Hara joango da Davis bertako feminista talde batek deituta, baina errezeloz begiratuko dituzte Mendebaldetik etorritako feministak. Saturatuta daude, Mendebaldetik egiten baitiete agenda, zertaz arduratu behar diren esanez». Emakumeen buruko zapiari buruzko eztabaidak edo sexualitatea bera izango ditu hizpide Davisek lerrootan. «Egipton entzun egiten du eta irakasle paper horretatik jaitsi egiten da», gaineratu zuen Etxartek.
Baina testu zehatzak ere aurkituko dira bilduman, familia afroamerikar baten egunerokoa, adibidez, edota langabezia eta familia estrukturak.