Salgaien zerrenda

«Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza» GARAn

Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesen liburua euskarara ekarri du Aiora Enparantzak

Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesek sinatu zuten 1970eko hamarkadan ‘Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza’ liburua. Italieraz eta ingelesez idatzia, hainbat itzulpen egin dira hamarkada hauetan eta orain euskarara ekarri du Aiora Enparantzak.
2025 AZA. 13
Xole Aramendi

Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesen ‘Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza’ argitalpena euskaraz irakurri ahal izango da aurrerantzean. Aiora Enparantzak itzuli du eta Kataktrak-ek eman du argitara liburua.

Feminismo autonomoaren manifestua da liburua, hitz gutxitan esanda. Italian dauka jatorria feminismo autonomoak eta italiarra da Mariarosa Dalla Costa (Treviso, 1943). Selma James (New York, 1930), bere aldetik, AEBko idazle feminista da.

Hainbat testu aurkituko ditu irakurleak, denak 1971 eta 1972ren bueltan idatzitakoak. Bi egileen aldarrikapen nagusiena etxeko lanengatik emakumeei soldata ezartzea izan zen. «Etxeko andreak etxeko langile gisa izendatzen dituzte, etxeko andrearen rola errotik ukatuz», azaldu dute Katakrak-etik.

Kapitalismoari egindako kritikan txertatu zuten aldarria. «Emakumea gizarte kapitalistan bertan ulertzeko uste dute funtsezkoa dela ulertzea zein den etxeko andrearen rola. Modu esplizituan lotzen du emakumearen auzia auzi antikapitalistarekin. Emakumearen borroka klase borrokan kokatu behar delakoan daude eta bere tokia topatu behar zaiola. Ez dela posible kapitalismoaren barnean emakumearen askapen prozesua ematea. Uko egin nahi diote etxeari eta etxearen inguruan antolatzen den familia nuklearrari, emakumeak izan ditzan aukerak hortik kanpo borroka sozialean parte hartzeko», azaldu dute.

Katakrak-ek aurretik argitaratuak ditu ideia honen inguruko hainbat lan, Silvia Federiciren ‘Soldataren patriarkatua’ liburua, esaterako. Aipatzekoa da Federicik propio idatzi diola liburuari hitzaurrea. Bertan, beste hainbat hausnarketen artean, garaiko feminismoaren diskurtsoarekiko suposatu zuen apurketa nabarmendu du. «1979eko hamarkadako mugimendu feministaren testu garrantzitsuenen artean kokatu dute ‘Emakumeak eta komunitatearen iraultza’; izan ere, atzera begira, garaiko diskurtso feministarekiko apurtzailea izan zen. Emakumeen gizarte-maila lanaren antolaketa kapitalistarekin lotzen zuen, eta horrez gain, etxeko lanak gizarte-ekoizpenaren funtsezko elementu direla eta metaketa kapitalistari laguntzen diotela argudiatuz, emakumeen borrokak borroka antikapitalistaren erdigunean kokatzen zituen».

«Horrela, feminista garaikide gehienek defendatzen zituzten joeretatik aldendu zen, zeren, oro har, abortuaren aldeko borrokan zebiltzan, baita emakumeen gorputzeko gaineko estatu-kontrolaren eta sexu-harremanen egitura patriarkalaren kontrako borrokan ere (…)», dio Federicik bere hitzaurrean.

«Erronka handia»

Aiora Enparantzarentzat «erronka handia» izan da obra hau euskarara ekartzea. «Lehenengo aldia da horrelako ezaugarriak dituen testu bat itzultzen dudana. Ibili naiz bai italierako bertsioarekin, ingeleseko bertsioarekin, gaztelaniako bertsioarekin, gaztelaniako latinamerikako bertsioarekin... bueltaka. Polita da testua euskarara ekarri izana eta hitzaurrea Silvia Federicik egin izana, adinkideak direlako eta garai bera bizi izan zutelako. Garai hartan beraiek idatzitako testuen artean badago horrelako elkarrizketa bat eta hori oso polita iruditzen zait», kontatu du.

Ez da obra literarioa, testu teoriko-politikoa baizik. «Baina hizkuntzak berak baditu ezaugarri interesgarri batzuk ikuspuntu literariotik edo diskurtsibotik. Estiloa eta hizkuntzaren erabilera nahiko partikularrak direla esango nuke liburu honetan. Saiakera kutsua du hizkera politiko eta argumentatiboa erabiltzen duelako eta 1970eko hamarkadako diskurtso militanteetan eta testu militanteetan irakur dezakegun hizkera erabiltzen duelako», kontatu du.

Mami handiko testua da. «Baditu pasarte batzuk nahiko arinak direnak baino era berean bada diskurtso zuzena eta borrokalaria, borrokara deituz egindako testua delako. Era berean ez da manifestu bat ere %100ean. Ez da obra literario bat, ez da saiakera bat eta ez da manifestu bat, hor tartean dagoen zerbait da. Gainera, ez du erabiltzen hizkuntza akademiko neutroa, ze askotan irakurlea interpelatzen du, gehienetan emakumeak. Esaldi inperatibo asko ditu, aginte perpausak eta esaldi probokatzaile asko ere bai».

Egiturari dagokionez, alde batetik egitura diskurtsiboan analisi marxista eta eguneroko bizitzarekiko diskurso emantzipatzailea aurkituko du irakurleak. «Asko hausnartzen da eguneroko bizitzari buruz liburu honetan. Eta hizkuntza akademiko neutroa ez denez, egitura ere. Egiturari bakarrik begiratuko bagenio ematen du deklarazio politiko bat, delako argumentu eta baieztapen segida luze bat».

Liburuaren estilo nahasketa nabarmendu du. «Hiztegia bada nahiko politiko-ekonomikoa, terminologia marxista da eta feminismotik birpentsatutako terminologia marxista erabiltzen du, abstrakzio teorikoa eguneroko bizitzarekin nahastuta. Hitz egiten dizu zure senarrarekin eduki dezakezun harreman motaz, amatasunaz, etxeko lanaz, eta horrek sortzen du politikoa eta pertsonalaren arteko talka. Beno, seguraski Mariarosa Dalla Costak ja bazekielako pertsonala politikoa dela», adierazi du.

«Pasarte batzuetan ere badago tono poetiko metaforiko bat. Berak nahi du errealitatea irauli, iraultza nahi du eta eta horrek egiten du testua potenteagoa», jarraitu du.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak