«Erbesteko gutunak Victor Hugori» GARAn

2021 URT. 17
Marcel PENA
Bilbo

«Victor Hugori gutunak» Louise Michelen bizitza ezagutzeko

«Erbesteko gutunak Victor Hugori» liburuak aukera ematen du Louise Michel militante anarkistaren bizitza, pentsamendu politikoa eta lan literarioa idazle frantsesarekin trukatu zuen korrespondentziaren bidez ezagutzeko. Liburuaren argitalpenak Parisko Komunaren 150. urteurrenarekin bat egin du. Pariskoa izan zen Europako lehen esperientzia sozialista, eta Louise Michel bera partaide aktiboa izan zen bere aldarrikapenean eta defentsan.
2021-01-16

Katakrak argitaletxeak argitaratu du “Erbesteko gutunak Victor Hugori” liburua, Louise Michel militante anarkistak 1850 eta 1879 artean idazle frantsesari bidali zion korrespondentzia biltzen duena. Erlazio epistolar horrez gain, liburuak Michelen literatura-lana eta lan politikoa ere aztertzen ditu. Izan ere, Michel Parisko Komunako pertsonaia garrantzitsuenetako bat izan zen eta 2021 honetan 150 urte beteko dira Europako lehenen esperientzia sozialista ekarri zuen matxinadatik. Liburuak Amaia Lasa poetaren hitzaurrea du –Michelen gutunak itzultzeaz ere arduratu da–, baita Nora Arbelbide kazetariaren hitzartzea eta Xaviere Gauthierrek idatzitako biografia ere. Horri guztiari esker, Michelen bizitza eta lana ezagutu ahal ditugu.

Victor Hugo, “Notre-Dame de Paris” edo “Miserableak” bezalako literatura unibertsaleko klasikoen egilea, mundu osoan da ezaguna. Baina, nor izan zen Louise Michel, Besanzonen jaiotako autorearekin gutunak trukatu zituen emakumezkoa? Ezer baino lehen, argitu behar da Michelen ekarpenak Victor Hugorekin izandako posta-truke honetatik harago doazela. Michel Vroncourt-la-Côteko gaztelu batean jaio zen, Marne Garaiko departamenduan, 1830eko maiatzaren 29an. Marianne Michel zerbitzariaren eta aita ezezagun baten alaba zen, nahiz eta Laurent Demahis gazteluko jabeen semea izan zitekeela uste den.

Aitona-amonak Louiseren hezkuntzaz arduratu ziren. Louise poeta izateko ametsarekin hazi zen, Victor Hugo bere idoloaren antzera. Bere poesiari buruz, Lasak nabarmendu zuen lirikotasun handikoa dela eta «indar handia» islatzen duela idatzi guztietan. Gainera, aitortu zuen Michelen olerkiek «asko hunkitu» dutela.

Bertsoak idazteari utzi gabe, handitan Michel irakaskuntzan aritu zen, lehenik Marne Garaian eta gero Parisen, non lehenbizi Prusiako tropen Parisko Setioa (1870-1871) bizi izan zuen eta, gero, Komuna. Michelek modu aktiboan parte hartu zuen Komunaren defentsan, fusila eskuan. Parisko Gobernu sozialistaren amaieraren ondoren, Michel epaitu eta Kaledonia Berrira erbesteratu zuten. Bertatik ere Victor Hugori gutunak bidaltzen jarraitu zuen.

Txikitatik, Michelek mirespen handia sentitzen zuen Victor Hugorengatik, bera nerabea zenean Hugo idazle ezaguna baitzen. Pentsatzekoa da Hugok jende askoren gutunak jasotzen zituela eta ezin ziela guztiei erantzun, baina, arrazoiren batengatik, harreman epistolar luzea izan zuen Michelekin. Zoritxarrez, Michelen bizitza gorabeheratsua dela eta, Victor Hugok bidalitako gutunak ez dira gorde.

Liburuan ia 30 urtez bidalitako gutunak jasotzen dira, eta, horietan, Michelen bilakaera pertsonal eta ideologikoa agerian geratzen da. Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak azaldu zuenez, gutun horiei esker, «ikusten dugu gaztelu batean zerbitzaria zen baten alabak nola bukatu zuen gizateriaren historia baldintzatzen eta prozesu kolektiboetan parte hartzen».

Erbestea kanakekin

Kaledonia Berrian erbesteratu zenean (1873tik 1880ra), Michelek konexio berezia izan zuen kanak herriarekin. Kanaken jatorrizko hizkuntza ikasteaz gain, Michelek “Légendes et chants de gestes canaque: avec dessins et vocabulaires” liburua idatzi zuen. Bertan, ipuinez gain, kanak hizkuntzaren lexikoa ere jasotzen du. Nora Arbelbideren arabera, garai hartako ezker frantsesak kanakak «basatitzat eta inzibilizatu gisa» ikusten zituen, Victor Hugo berak ere partekatzen zuen ikuspuntua. Michel, berriz, Kaledonia Berrira iritsi zenetik, hezkuntzaren bidez kanakak alfabetatzen aritu zen. «Alde horretatik, beste anarkistengandik bereizten zen», azaldu zuen Arbelbidek.

Nahiz eta Louise Michel ez zen inoiz egon Euskal Herrian, harreman bat dago anarkistaren eta euskaldunen artean, zehazki Arrasaterekin eta Bergararekin. Michelen “Erbesteko gutunak Victor Hugori” liburuan argitaratutako bederatzi poemetako batean, autoreak Michele Angiolillo anarkista italiarra omentzen du. Angiolillok Canovas del Castillo Estatu espainoleko gobernuburua hil zuen Arrasateko bainuetxe batean 1897an. Ostean, Angiolillo atxilotu eta Bergarako kartzelan exekutatu zuten.

Louise Michel Kaledonia Berrian zen artean, inperialismo frantsesaren etapa berri bat hasi zen. Aztarna horrek Ipar Euskal Herrian ere izan zuen oihartzuna, Arbelbidek liburuan ongi azaltzen duen bezala. Zehazki, euskal herri eta hirietan barna ibili ziren Adolphe Thiers, «Parisko Komuna suntsitzeko plantan jarritako errepresioaren arduraduna», eta Leon Gambetta, «Errepublikaren aita» eta kolonialismo espantsionistaren bultzatzaileetako bat. Napoleon III.aren udako egoitza izandako Hôtel du Palais Biarritzeko jauregia ere garai horren isla da.

Libro:

Erbesteko gutunak Victor Hugori

Louise Michel
Amaia Lasa Alegria
Nora Arbelbide Lete

Erbesteko gutunak Victor Hugori