«Estrategias contra la gentrificación» ARGIAn

LISA VOLLMER, ERRENTARIEN MUGIMENDUKO EKINTZAILEA ETA IKERLARIA

"Subjektu politiko berri bat ari da eratzen etxebizitzaren problematikaren inguruan"

Weimar-ko Bauhaus Unibertsitateko Europar Ikerketa Urbanoen Institutuan lan egiteaz gain, sub\urban. zeitschrift für kritische stadtforschung (sub/urbano. Ikerketa urbano kritiko aldizkaria) aldizkariko erredakzio taldeko kide ere bada Lisa Vollmer (Radolfzell, Alemania, 1987). Berlingo errentarien mugimenduko kide gisa urteetako ibilbidea du atzean, eta Alemania luze-zabalean alokairuaren bueltan sortutako mugimendu eta protestak gertutik ezagutzen ditu. Ezagun duen errealitate hori ikerkuntza esparrura eraman eta Berlin zein New York-eko errentarien mugimenduak aztertu ditu doktoretza tesian. Ikerketa horren bidez egindako zenbait aurkikuntza plazaratu ditu argitaratu berri duen Strategien gegen Gentrifizierung (Gentrifikazioaren aurkako estrategiak) liburuan, Katakrak argitaletxeak gaztelaniara itzuli duena.
AMAIA LEKUNBERRI 2019ko uztailaren 07a
(Argazkia: Iban Aginaga)

Gentrifikazio prozesuak aztertzen aritu zara. Prozesuok bultzatzeko klase ertainaren sustapena egiten dela diozu.

Gentrifikazioa hiri kapitalistaren testuinguruan eta hiriaren produkzio kapitalistaren logikaren baitan ulertu behar da. Berau ikertzeko, higiezinen enpresei behatu behar zaie, irabaziak lortzen baitituzte gentrifikazio prozesuen bidez. Bestalde, udalak ere estuki lotuta daude higiezinen industriako lobby-ekin, hauen interesei erantzuten baitiete, ustelkeria praktiken bidez kasu. Udalen interesak jende aberatsa erakarri eta txiroak desplazatzean datza, gentrifikazioak udalerrira dakarren populazio aberatsagoak zerga gehiago ordaintzen dituelako, eta zergen bidez irabaziak lortzen direlako. Hori baita gentrifikazioa: jende aberatsagoaren bidez, jende txiroa desplazatzea.

Klase ertainaren sustapen horrek bizi-estilo jakin batzuk sortzen ditu, sarri askotan gentrifikazioaren erreduntzat jotzen direnak: artistak, hipsterrak, etab. Alabaina, zuk gentrifikazioaren adierazpide besterik ez direla defendatzen duzu.

Aipatu dituzun talde edo subjektu horiei errua bizkar gainera botatzeak arreta benetan garrantzitsua den horretatik desbideratzea dakar. Dinamika horren atzean estrategia bat dago, zenbait talde sozial erruduntzen dituena eta tentsioa eztabaida moral batera mugatzen duena. Eztabaida horrek, gentrifikazioaren atzean dauden interes eta egituretan erreparatu ordez, jendearen praktikak seinalatzen ditu, eta horretan oinarrituz bilatzen ditu errudunak.

Argi izan beharko genuke kolektiboak ez direla arazo printzipala, baizik eta gentrifikazio prozesuen biktima. Adibidez, erruduntzat jo ohi diren artistek nahi dutena beren lana egitea ahalbidetuko dien toki merkeak dira, eta zenbait tokitan gentrifikazioaren aurkako mugimenduetan parte hartzen dute. Are gehiago, aktibo baliotsua dira mobilizazioak dibertigarriagoak eta koloretsuagoak bilakatzen dituztelako, eta tresnak dituzte mugimenduarentzat baliagarri izan daitezkeen narratibak sortzeko.

"Hainbat etapa ditu gentrifikazio prozesuak, desplazamendu olatu ugarirekin"
Auzo bateko biztanleak auzotik kanporatzea gentrifikazioaren funtsa izanik, gentrifikazio prozesu baten abiarazle izandako klase ertaina ere prozesu beraren bidez kanporatua izan daiteke luzera begira. “Supergentrifikazioa” deitu diozu zuk fenomeno horri.

Hainbat etapa ditu gentrifikazio prozesuak, desplazamendu olatu ugarirekin. Aipatu artistekin abiatu daiteke, edo ikasleekin, baina era berean hauek ere kanporatuak izan daitezke. Desplazamendu prozesuaren lehen kate-begia izandako klase ertaina aberatsagoa den klase ertain baten bidez desplazatua izan daiteke, eta era berean bigarren sektore hau klase altuak kanporatu dezake. Alemanian, adibidez, errealitatea hemengoaren oso bestelakoa da, jende asko da alokairuan bizi dena, baita klase ertainari dagokionez ere. Hala bada, prozesu hauek erasan egiten ditu.

Guzti honek zer lotura dauka turismoarekin?

Turistifikazioaren eta gentrifikazioaren eraginak banaezinak dira, eta hiru eremutan antzeman daiteke bien arteko erlazioa. Batetik, bertakoen etxebizitzak etxebizitza turistiko bilakatzea eragiten da, Airbnb gisako enpresen jardunaren bidez argi antzeman daitekeen modura. Bigarren, gentrifikazio ekonomikoari ematen zaio bide: turistek eta auzora heldu berri den klase aberatsagoak beste saltoki mota bat bultzatzen dute, ordura arte bertako dendak izandakoak desplazatuz. Bestalde, turistek eta bertako bizilagunek egiten duten espazio publikoaren erabilera ezberdinek ere gatazkak sortzen dituzte maiz.

Jendea esku-argiekin Berlingo Kreuzberg auzoko gentrifikazio prozesuaren aurkako ekintza batean. "Boterea errentarientzat" irakurri daiteke etxebizitza itxurako esku-argi batean (Argazkia: Umbruch Bildarchiv)

Egunerokotasunaren turistifikazioaz ere mintzo zara: geroz eta gehiago, norbanakoek beren hirian bertan turista bezala jarduten dutela diozu. Nor da subjektu turista?

Galdera zaila da erantzuten. Akademian termino bat hedatu da: neoturismoa. Izan ere, gaur egun turistek ez dituzte bilatzen soilik toki bateko puntu seinalatu edo turistikoak, tokikoak eta autentikoak diren lekuak ere bisitatu nahi izaten dituzte. Era berean, turismoaren jo puntu diren hirietako biztanleak dinamika berarekin beste helmuga turistiko batzuetara bidaiatzen duten norbanakoak dira. Eta horrek zaildu egiten du turista nor den eta nor ez den ezberdintzea.

Bestalde, sarri zaila da turista nor den zehaztea. Adibidez, ekonomia krisiarekin italiar eta espainiar asko Berlinera lekualdatu ziren, eta halakoetan zaila izaten da zehaztea zein den turista eta zein bertakoa. Turista eta tokikoen arteko bereizketa ez litzateke oinarritu behar norbanakoen arteko desberdintasunetan, baizik eta horiek egiten duten espazioaren erabilera eta kontsumo praktika ezberdinetan.

Airbnb non, turistifikazioa han.

Etxebizitza turistikoen aferaz asko ari da eztabaidatzen Alemanian, eta joera honen aurrean zenbait politika bultatzen ari dira administrazio publikoak ere. Berlingo Udalak, adibidez, debekatu egin du pisuak etxebizitza turistiko bilakatzea. Arazoa da ez dutela neurria gainbegiratuko duen inor kontratatu, eta ondorioz ez dago indarrean jarritako neurriaren inolako ikuskapenik.

Lege hau indarrean jartzearekin batera, Airbnb enpresak hiri osoan zehar kartelak jarri zituen. Horietan, hainbat pertsona ageri ziren ondokoa bezalako aipuen ondoan: “Nire auzoa oso anitza da, baina orain ez didate uzten nire logela alokatzen”. Karteletan azaltzen zirenen gehiengoa azal kolore eta etnizitate anitzetako jendea ziren, alemaniarrak ez ziren abizenak zituztenak. Hala bada, enpresak etxebizitzak pisu turistiko bilakatzeko debekuaren gaia desbideratu, eta arrazakeriatzat jo zuen.

"Hiru zutabe daude etxebizitza politika neoliberalaren paradigma errotik ateratzeko: eskuragarritasuna, demokratizazioa eta desmerkantilizazioa"
Etxebizitzaren inguruko problematikaren aurrean, hiria behetik eraikitzeko beharrizana azaleratu da. Esango zenuke etxebizitzaren afera politizatu eta kolektiboan jartzen duen errentariaren subjektu politikoa sortzen ari dela?

Etxebizitzaren aferak dezenteko oihartzuna izan zuen Berlinen 2000ko hamarkadaren erdi aldera, eta errentariek elkarteak sortu zituzten. Horiek bultzatutako ekimen askok aurre egin zieten alokairuen prezio igoerei, eta etxebizitzaren afera politizatuz antolatu ziren. Ordura arte, hogei bat urtez, apenas eman zen etxebizitza eskubidearen bueltako eztabaida politikorik.

Errentarien ekimenak askotarikoak dira, eta talde anitzak barne hartzen dituzte: jatorri eta adin ezberdinetako jendea, migratu dutenak eta ez dutenak, esperientzia politikodunak eta gabeak… praktikan subjektu politiko berri bat ari da eratzen, muga eta problematika ezberdinek gurutzatzen dutena.

Zure arabera, hiru zutabe daude etxebizitza politika neoliberalaren paradigma errotik ateratzeko.

Bai, ondokoak: eskuragarritasuna, demokratizazioa eta desmerkantilizazioa. Gentrifikazioa etxebizitza politika bat denez gero, eskuragarritasuna oso garrantzitsua da, etxebizitzak behe klaseko jendearentzat eskuragarri izan daitezen. Horretarako alokairu prezioen sistema irmoki erregulatzea behar dugu, prezioak oso altuak izan ez daitezen. Baina etxebizitza merkatuaren funtsa onurak direnez, etxebizitza desmerkantilizatu beharra dago. Eraikin publikoak eraiki behar ditugu; edo etxebizitza pribatuak erosi publiko bilakatzeko xedeaz, eta etxebizitza kolektiboen sektorea hedatu, etxebizitza kolektibo proiektuak eta kooperatibak kasu.

Norbanakoak auzogune berrien eraikuntza prozesuen parte izan daitezen, planifikazio prozesuak demokratizatu behar dira, baita etxebizitza hornitzaile diren instituzio publikoak ere. Panorama neoliberalaren baitan, etxebizitza konpainia bat publikoa izateak ez du ezinbestean bermatzen alokairu arrazoizko edo merke bat, eta ez du ziurtatzen konpainiak mozkinik aterako ez duenik. Errentariak konpainia hauen egituraren baitan baleude, egoera honi aurre egin ahalko litzaioke.

Argazkia: Iban Aginaga
Eztabaidaezina dirudi etxebizitza eskubidea bermatuko duten legeak egitera begira dezenteko presioa egin behar dutela herritarrek. Zuk defendatzen duzunez, udal gobernuak ahalduntzeko egitura gisa balio beharko lieke etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendu sozialei.

Berez, Alemanian, kolektiboen gehiengoa horren kontra dago, udal gobernuen kontra borroka egiten dute, denbora luzez gentrifikazio prozesuak eta politika jakin batzuk bultzatu dituztelako. Baina etxebizitzaren aldeko mugimenduak erlatiboki indartsuak bilakatu direnez azken hamar urteetan, zenbait udalerritan aldaketak eman dira aspektu horri dagokionez. Mugimenduok inpaktu handiko kanpaina mediatikoak zituztenez, hainbat alderdi politikok etxebizitzaren afera txertatu zuten beren hauteskunde kanpainetan, etxebizitza eta hiri eskubidea promestuz. Esan daiteke gaur egun, zenbait tokitan, hartu-eman handiagoa dagoela herri mugimenduen eta udal gobernuen artean.

Bizitoki autogestionatuek hiriaren garapen kapitalistaren arrakaletan biziraun arren, aipatu garapen kapitalista suntsitzea lortzen ez dutela diozu. Hala ere, okupazioa helburutzat beharrean tresnatzat ulertzen badugu, ez litzateke baliagarri etxebizitza eskubidearen aldeko borrokarako?

Alemanian 80ko eta 90eko hamarkadetan okupatutako etxebizitzak geratzen dira, legalizatu dituztenak, jendeari etxebizitza eskuragarriak eskainiz. Baina zoritxarrez bertako bizilagunak ez dira ari errentarien mugimenduan parte hartzen. Azken urte hauetan okupazio saiakerak ere egon dira, baina arazoa zera da, dagoeneko ez dagoela lehen bezainbeste etxe huts, beraz konplexuagoa da orain. Horrez gain, Alemaniako okupazio mugimenduak ezker autonomo erradikalaren parte dira, eta dituzten okupazioaren inguruko narratibak partikularrak edo ezberdinak direla esan daiteke.

Libro:

Estrategias contra la gentrificación