«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Robert Menasse idazle eta kazetariaren Der Europaische Landbote saiakera (2012) euskarara itzulita, itzulpegintza literariora jauzi egin du Eneko Aizpurua idazleak (Lazkao, 1976). Eleberri beltzean aritua orain arte —hiru liburu ditu argitaratuak—, Europar mezularia. Burujabetza eta demokrazia XXI. mendean liburuarekin iritsi da orain liburu dendetara. Herenegun aurkeztu zuten itzulpena, Donostian. Katakrak argitaletxeak atera du.
Europako Batasuna du ardatz Menasseren lanak. Eztabaidarako puntua jartzen du: Europako demokraziaren egoeraz, bidegurutzean egotearen patuaz, krisi ekonomiko, sozial eta politikoaz. «Europaren ikerketa bat egiten du Menassek, baina ez hori bakarrik. Europa zatitzen duten lubaki ideologikoetara jaitsi, eta bertako lokatzetan zikindu eta busti egiten da», dio Aizpuruak.
Europar mezularia saiakerak bi bideren arteko aukera proposatzen du, Europa atakatik irteteko: «Iraganeko nazio-estatuen galbideari jarraitu, edo Europako herritarretan eta komunitate naturaletan oinarrituko den nazioz gaindiko europar errepublikaren bideari heldu». Europan «demokrazia postnazional bat» eraiki behar dela ere badio, «interes nazionalen gaindi».