«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Lidia Txukovskaia eta Zukhovaren 'Haurrek hitza', argitaratu du Katakrakek
Josu Zabaletak aurretik Lidia Txukovskaiaren beste bi liburu itzuli ditu errusieratik euskarara, 'Sofia Petrovna' eta 'Urpean murgildu'.
Ukrainako eta Erromako aldirietako haurren hitz gordinak, liburu banatan
Pier Paolo Pasoliniren 'Kale gorriko umeak' argitaratu du Igela argitaletxeak, eta Lidia Txukovskaia eta Zukhovaren 'Haurrek hitza', berriz, Katakrakek
NEREA AZURMENDI
Astelehena, 10 urria 2022
Donostiako Konstituzio plazako arkupeetan jolasean ari ziren haurren algarak entzuten ziren goizean. Kontraste galanta udal liburutegi zaharrean bata bestearen atzetik aurkeztu diren bi liburuetan, Lidia Txukovskaia eta Zukhovaren 'Haurrek hitza' kronikan eta Pier Paolo Pasoliniren 'Kale gorriko umeak' eleberrian, azaltzen eta kontatzen diren haurtzaroekin.
II. Mundu Gerran, frontearen lehen lerrotik urruntzeko, Ukrainatik Uzbekistanera ebakuatu zituzten haurren hitzak dira, zehatz-mehatz, Katakrakek argitaratu duen 'Haurrek hitza' liburuaren osagai ia bakarra. Lidia Txukovskaia (1907-1996) eta Lidia Zhukova (1905-1985) idazle errusiarrek jaso zituzten, eta 1942an Taxkenten liburu gisa argitaratutako bilduma Josu Zabaletak ekarri du euskarara errusieratik, aurretik Txukovskaiaren beste bi lanekin egin duen moduan.
Haren bizitzan murgildu zenean izan zuen alegia, Txukovskaia familiaren webgunearen bitartez, Europako hizkuntza handietan –ingelesa, frantsesa, gaztelania...– argitaratu gabe dagoen lanaren berri. Katakrakeko Nerea Fillatek esan bezala, argitalpena ez zegoen aurreikuspenetan, baina otsailaz geroztik bizi dugun egoeran Zabaletaren proposamena ezin egokiagoa iruditu zitzaien «gerraren aurka eta bakearen alde azaltzeko».
Liburua
Izenburua: 'Haurrek hitza'.
Egileak: Lidia Txukovskaia / Lidia Zhukova.
Itzultzailea: Josu Zabaleta.
Generoa: Kronika.
Argitaletxea: Katakrak.
Orrialde kopurua: 84.
Sanleurria; 10 euro.
Txukovskaiak Zhukovarekin partekatu zuen lanak ez du ezer fikziotik. Testigantza-bilketa hutsa da. «Beste hainbat intelektual bezala, Uzbekistango umezurtz etxeetan zeuden milaka haur ukrainarrak zaintzen jarri zituzten –gogoratu du itzultzaileak–, eta entzun zutenean neska-mutil haiek kontatzen zutena pentsatu zuten jaso egin behar zela idatziz».
Horrela egin zuten, eta emaitza kontakizun izugarri gordina izan zen: «Istorio oso gogorrak, batere dramatismorik gabe kontatuak», gaur egun ere Ukrainan zein gerrak zartatutako edozein herrialdetako haurrek kontatuko lituzketen bizipenen antzekoak.