«Idazketa labana bat da» GARAn
Azaroak 19 Asteartea
Ryszard Kapuscinskiren 'Kristo fusilarekin' euskaratu du Amaia Apalauzak. Ekialde Hurbil, Latinoamerika eta Mozambikeko gatazkak ageri dira bertan. Katakrakek argitaratu du
2019ko azaroak 15
AMAGOIA GURRUTXAGA URANGA
Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarra (1932-2007) da, ziurrenik, joan den mendeko kronikalari ezagunenetako bat. Kontinente guztietako gatazken berri zuzenean jaso, eta guztien inguruko kronikak utzi zituelako, Gerra Hotza deitu izan zaion Mendebalde-Ekialde dikotomiaren eta borroka antikolonialen bitartez kontatutako garaietan; geopolitika zale ez zirenek ere bere testuak irakurtzea lortu ohi zuelako, literato askok nahiko luketen begirada eta kontaketarako dohaina lagun.
Kristo fusilarekin lana izan zen haren kronikagintza nazioartean ezagun egin zuten lanetako bat. 1975ean argitaratu zuen, joan den mendean, Afrikan, arabiar herrialdeetan eta Latinoamerikan gertatu zen gerrillen loraldiaren erakusgarri. Prentsan argitaratuak zituen hamar kronika bildu zituen bertan, eta Carlos Alonso argentinar margolari iraultzailearen koadro baten izenburua hartu zuen bilduma izendatzeko. Che Guevara hil eta denbora gutxira egin zuen Alonsok Kristo fusilarekin koadroa, eta 1960-1970eko urteetan Latinoamerikan piztu ziren borroken sinbolo artistiko bihurtu zen. «Espiritu horri keinu egin nahi izan zion Kapuscinskik bere bildumari ere Kristo fusilarekin izenburua jartzean», Amaia Apalauza itzultzailearen (Iruñea, 1979) esanetan. Liburua euskarara ekarri du, eta Katakrakekin argitaratu. Atzo aurkeztu zuen, Donostian, Katakrakeko Hedoi Etxarte ondoan zuela.
«Gerrillariaren figurari eskaini zion Kapuscinskik liburu hau, gerrillari hori edonongoa izanik ere. Gerrillaria esanda, Latinoamerika etorri ohi zaigu burura guri, baina mundu guztian zehar ibili zen hura, eta harentzat berdin-berdin zen gerrillari Latinoamerikakoa, edo Ekialde Hurbilekoa, edo Afrikakoa», zehaztu zuen itzultzaileak. Horren adibidetzat du, hain zuzen ere, itzuli duen lana.
Hiru ataletan dago banatuta lan hori. Munduko hiru ertz agertzen ditu, nahiago bada. Lehendabizikoan, Palestinako gatazkari buruzko lau kronika daude, «arabiarren ikuspegitik emanak beti»; Libanotik, Siriatik eta Jordaniatik. Bigarren atala da liburuko luzeena. Bolivia, Guatemala, El Salvador eta Haitiri buruzko testuak daude bertan; eta Che Guevararen eta Salvador Allenderen ibilbideak alderatzen dituen beste bat. 1967an joan zen Kapuscinski Latinoamerikara.
Bigarren atal horretan jasota dagoen Guatemalari buruzko testua, Zergatik hil zuten Karl von Spreti, lehenago argitaratua zuen Kapuscinskik, liburu beregain gisa. «1970ean argitaratu zuen. Gero, testu hura laburtu, egokitu, eta Kristo Fusilarekin bildumara ekarri zuen». 1970eko bertsioa berreskuratu dute, bada, euskarazko libururako; Sonia Kolaczeki esker. «Artur Domoslavski biografoak dio Gerra Hotzaren eta garai hartako Iparra-Hegoa harremanen parabola bat ere badela testu hori». Kapuscinskiren ustez kaltegarria zelako munduari Gerra Hotzaren betaurrekoetatik begiratzea, Ekialdea-Mendebaldea edo Komunismoa-Kapitalismoa ardatzak erabiltzea. «Nahiago zituen Iparra-Hegoa, Aberatsak-Txiroak ardatzak, eta hori oso nabaria da liburu honetan», itzultzailearen esanetan.
Afrika agertzen da, azkenik, liburuko hirugarren atalean, Mozambikeko independentzia gerraren hastapenak azaltzen dituen kronika ez oso luze batean. «Domoslavskik dio Kapuscinskiren kosmobisioa ulertzeko lan gakoetako bat dela liburu hau, haren sentiberatasun soziala eta bestearenganako enpatia ikusteko. Gertutasun hori metodo bat da hark egiten duen lanean», nabarmendu zuen Apalauzak.
Etxarte ados agertu zen itzultzailearekin. Zehaztu zuenez, liburuko erreportaje guztietan ageri da Kapuscinskik «kazetaritza literarioa» deitu ohi zuenaren ederra. «Hark ulertu zuen kazetaritzarik interesgarriena polifonikoa dela beti. Toki batera joan, jendeari entzun, eta jendeak esandakoa hartu, nahastu, eta beste era batera aurkeztea erabaki zuen». Horrek eman ei zion Europa abandonatu eta munduan zehar aritzeko aukera. «Ekarpen asko egiten ditu liburuak. Gauzak esplikatzeko daukan patxada, bat». Toki asko ezagutu eta tokiotan dauden argia, kolorea, usainak, hotsak, bizimoduak, eta, batez ere, jendeak azaltzeko. Ezagunak batzuk, ezezagunak asko.
«Gertaerei buruzko literatura egin zuela esango nuke nik. Gertaera dago Kapuscinskiren lanaren atzean. Baina badu ukitu literarioa. Liburu honetan bada, esaterako, Kapuscinskiren beste lan batzuetan ere agertzen den motibo narratibo bat: botak edo oinetakoak. Askotan erabili zuen irudi hori, errealitatea kontatzeko», azaldu zuen Apalauzak.
Liburuko errealitatea eta egungoa ez dira erabat desberdinak, Etxarteren aburuz: «Gaurkotasun handiko gaiak dira hemen agertzen direnak». Antzeko gogoeta irakur dakioke Ane Irazabal nazioarteko berriemaileari liburuaren hitzaurrean. Duela mende erdiko ametsen bilakaera ere aipatu zuen Etxartek: «Liburu hau eta beste hainbat argitaratu zituenean, Kapuscinskik esperantza jarria zuen deskolonizazio prozesuetan, baina ez zuten aukerarik eman hark espero zuen mundu berria lortzeko».