Salgaien zerrenda

«Larruazalaren periferiaz haraindi» GARAn

Silvia Federici, gorputzak saldu eta eros daitezkeen aroaz
Azken hilabete eta urteetako bere hitzaldi eta artikuluak bildu ditu Silvia Federici pentsalari italiarrak «Larruazalaren periferiaz haraindi» saiakera liburuan, feminismoaren hainbat konturen inguruko gogoeta pizteko asmoz. Amaia Astobizak itzuli du Katakrak argitaletxearentzat. Euskaratu duen Federiciren laugarren lana da.
2021-12-14

Hamar gai jorratzen ditu liburuak: medikuntza, arraza, kutsadura, elikadura, lurra, psikologia, feminismoa, askapena, ekoizpena, antzezpena, ugaltzea eta gorputzaren gaineko kontrola
Silvia Federici idazle eta pentsalari italiarraren “Larruazalaren periferiaz haraindi” saiakera liburua ekarri du euskarara Katakrak argitaletxeak. Amaia Astobizak euskaratu du, Katakrakek argitaratu dituen Federiciren beste hiru liburuak bezala. Atzo, Donostian egin zuten aurkezpenean izatekoa bazen ere, ezin izan zuen bertaratu eta argitaletxeko bi kidek egin zuten aurkezpena bere izenean, Hedoi Etxartek eta Maitane Unzu Jabatek.

Gorputzaren mugen inguruan mintzatu zen azken hau, idazlearen ustez, gorputzak mugak baititu eta gorputzak erosi egiten dira egun. «Hori aztertzen du Federicik: baldintza materialak, gorputzaren eta inguruaren arteko harremana, gorputzaren esperientzia. Sakoneraino begiratzen du Federicik gorputza, nia aztertzeraino, nia ulertu eta kritikatzeraino», aipatu zuen Unzuk.

“Larruazalaren periferiaz haraindi” Federiciren azken lana da, azken hilabete eta urteetako lanak antolatu eta zentzua eman osteko fruitua, hiru hitzaldiz eta zazpi artikuluz osatua. Gai ugari jorratzen ditu eta horiek lau ataletan eta hamar kapitulutan banatu ditu: medikuntza, arraza, kutsadura, elikadura, lurra, psikologia, feminismoa, askapena, ekoizpena, antzezpena, ugaltzea eta gorputzaren gaineko kontrola.

Silvia Federicik argitaratu zuen lehenengo liburua, “Etxeko lanen kontrako soldatak”, taldean idatzi zuen eta lan kolektibo horren ondoren bakarkako bideari ekin zion. Hortik etorri ziren “Caliban eta sorgina” (2004), “Iraultza zero puntuan”(2012), “Soldataren patriarkatua” (2017), “Mundua berriz liluratuz” (2018) eta “Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria” (2018). Bere liburu bakoitzean lanketa eta ikuspegi ezberdinak ekarri ditu: ikerketa historikotik hasita (“Caliban eta sorginak”), abagunea aztertzeko testu militanteen bildumetara (“Iraultza zero puntuan”, “Soldataren patriarkatua”) eta lan mardulen eguneraketara (“Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria”).

Testamentuaren ondorengoa

«‘Caliban eta sorgina’-n hasi zuen zikloa, kontzeptualki, ‘Mundua berriz liluratuz’-en itxi zuen. Azken liburu hura testamentu moduko bat izan zen, munduan salbatu beharrekoaren, munduaren eraldaketaren sare bat marraztu zuen. Bere obrako liburu mardulena zen. Baina nola idatzi beste liburu bat, jada testamentu lanak egin ditzakeena argitaratu baduzu?», galdetu zuen Unzuk.

Testamentua jada idatzia utzi duen arren, «oraindik bizirik dagoela eta aurrera begira ere bizitza zain duela dakienaren larritasunetik» idazten duela adierazi zuen Hedoi Etxartek. Premia horretatik heltzen dio «prostituzioaren eztabaidari, heltzen die Freudi, Butlerri, Foucaulti, guztia termino historikoetan kokatuz, eta sartzen da gaixotasunen inguruko gogoetetan eta haurdunaldi subrogatuaren aferan».

Unzuk azpimarratu zuenez, «feminismoak gaur egun dauzkan eztabaiden markoa zabaltzen du batzuetan eta auziak ixten ditu beste batzuetan». “Larruazalaren periferiaz haraindi” liburua «%100 Federici» dela uste du, baina aldi berean espero du irakurleengan gogoetak sortzea.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak