Un solete
Irailak 02 Astelehena
Jueves, 28 marzo 2019, 10:51
«Denak literatura anglosaxoiari begira bagaude ere, badaude beste literatura asko», esan du Josu Zabaleta (Legazpi, 1948) itzultzaileak Lidia Txukovskaiaren (1907-1996) 'Sofia Petrovna'-ren euskarazko bertsioaren aurkezpenean. Horien artean dago, besteak beste, errusiera ikasten eta herrialde hartako egileen lanetan murgiltzen hasi zenetik Zabaleta euskarara ekartzen ari zaigun errusiar literatura.
Liburua plazaratu duen Katakrak etxeko Hedoi Etxarterekin batera aurkeztu zuen atzo Josu Zabaletak Donostian Errusiaren XX. mendeko historia ia osoa bertatik bertara bizitzeko, eta hainbat kasutan sufritzeko, aukera izan zuen Lidia Txukovskaiaren eleberria. Nataliya Myslyvets ere alboan izan dute, Zabaletaren errusieratik euskararako itzulpena hark gainbegiratu baitu, gaztelania medio.
XX. mendeko 30eko hamarkadan Stalin, Beria eta enparauen menpeko Sobietar Batasunean milioika pertsonak jasan zuten Terrore Handiaren kontakizun oso berezia da 'Sofia Petrovna'. Etxartek eta Zabaletak nabarmendu zutenez, «Terrore Handia gertatu bitartean idatzia da, kronika zuzena, ez gerora idatzitako gainerakoak bezala». Zuzenean, eta ia lehen pertsonan, Txukovskaiak ere bete-betean jasan baitzuen 1937-39 urteetako 'purga' ere deituriko hura.
1937an Txukovskaiaren senarra atxilotu zuten, Matvel Petrovitx Bronstein fisikaria. Berak ere izan zituen arazoak, lan egiten zuen taldea sabotatzailetzat jo baitzuten, hainbat kide atxilotuz eta desagerraraziz. Txukovskaiaren senarra atxilotu eta berehala fusilatu zuten, baina berak urteak eman zituen kartzelara bisitak egiten, harekin harremanetan jarri nahirik, hilda zegoela jakin gabe. Bisita horietan Anna Akhmatova poeta handiarekin egin ohi zuen topo. Akhmatovak semea zuen desagertuta, eta esan ohi da haren bizipenetan oinarritzen dela 'Sofia Petrovna'. Koaderno batean idatzi zuen istorioa Txukovskaiak 1939-1940 arteko neguan, modu argi eta soilean, eta hamarkadak eman zituen argia ikusi gabe. Mendebaldean argitaratu zen aurrena, 60ko hamarkadan. Urteak igaro beharko ziren iraganaren erretratu horren latza egiten duen liburua Errusian argitaratu zenerako.
Horren protagonistak, Sofia Petrovnak, fede itsua du iraultzan eta agintariengan, harik eta semea, hura ere itxuraz iraultzaile zintzoa, atxilotzen duten arte. Orduan egingo du topo susmatu ere egiten ez zuen errealitate batekin, kikilduta bizi den gizarte batekin, edonon eta noiznahi gerta daitezkeen gehiegikeriekin. Horrexegatik, erraz irakurtzen den liburuaren unibertsaltasuna nabarmendu dute editoreak eta itzultzaileak aurkezpenean.