Un solete
Irailak 02 Astelehena
1939-40ko neguan, eskola-kaier batean idatzi zuen Lidia Txukovskaiak «Sofia Petrovna» eleberria. Anna Akhmatova poeta errusiarraren bizipenetan oinarrituta, Terrore Handiaren garaiko giro errepresiboaren kronika egiten du Txukovskaiak, artifiziorik gabeko literatura lanean. Josu Zabaletak ekarri du lana euskarara, eta Katakrak-ek eman du argitara.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Literatur lanen ertzak behar bezala interpretatzeko, idazleen biografiara joan behar da maiz. Bizipenek narrazioa zeharkatzen duten obren kategoriakoa da Lidia Txukovskaiaren “Sofia Petrovna”, Josu Zabaletak itzuli eta Katakrak-ek argitaratua.
1939-40ko neguan Txukovskaiak eskola-koaderno batean idatzitako eleberria da “Sofia Petrovna”, han-hemenka ibili eta galdutzat eman ostean argia bost hamarkada beranduago ikusi zuena. «San Petersburgotik alde egin behar izan zuen eta ezkutatu aurretik eman zion nobela lagun bati. Handik gutxira alemaniarrak sartu eta setiatu zuten San Petersburgo. Gosez hil zen nobela zuena eta galdutzat eman zuen Txukovskaiak», azaldu zuen Zabaletak. Beranduago jakin zuen hil aurretik eleberria andre bati eman ziola, eta emakume haren eskutik itzuli zen nobela idazlearen eskuetara.
Nobelaren bidaia fisikoa bezain liluragarria da planteatzen duen bidaia literario-historikoa. Denboran atzera egin eta 1939ra, Terrore Handiaren garaira, garamatza eleberriak eta, hain zuzen, hori da bere bertuteetako bat: denbora errealean, Stalinen agindupean bizi izan zen errepresio bortitza indarrean zen une berean idatzi zuela eleberria. «Txukovskaia kontziente zen egiten zuen ekarpenaz, esan zuen meritua izan zitekeela Terrore Handia gertatu bitartean idatzitako lana izatea. Gainerako eleberriak memoriaren lanketari esker idatziak izan dira», nabarmendu zuen Katakrakeko Hedoi Etxartek.
Eta, eleberriaren tramara bidaiatzeko, autorearen zehaztapen biografikoak eman zituen Zabaletak. Kontatu zuen, adibidez, Txukovskaia poeta, literatur kritikaria, editorea eta itzultzailea ere izan zela eta literaturaren bide horretan lerratzea ez zela kasualitatea izan. Kornei Txukovski zuen aita, literatur itzulpenean eta kritikan puntaren puntan zebilena, eta alabak gazterik ezagutu zituen garaiko margolari, idazle eta artista esanguratsuenak.
«Matvei Bronstein fisikari teorikoarekin ezkondu zen eta hura atxilotu zutenean hasi zen Txukovskaia kartzelara joaten, haren berri jakiteko eta ea dirua edo arropak sartzerik bazuen galdetzen zuen. Epaitua zegoela esaten zioten, eta sententzia zela ‘hamar urtez korrespondentziarik gabe egotea’». Txukovskaiak, beste askok bezala, beranduago jakingo zuen eufemismo hark senarra fusilatu egin zutela esan nahi zuela.
Kartzelarako joan-etorrietan, «burokrazia errepresiboaren ilaran» ezagutuko zuen Anna Akhmatova. Poeta hura ere, semea zuen kartzelan eta, Zabaletaren hitzetan, Akhmatova hartu zuen oinarri Txukovskaiak “Sofia Petrovna” idazteko.
Izan ere, eleberrian hiritar sobietar arrunt baten kontrako errepresio kasua kontatzen da, amaren ikuspegitik. «Semea atxilotu eta urte batera esan zioten segituan fusilatu zutela, eta bera joaten zen espetxera hildako bat bisitatzera. Amaren irudia hartuta idatzi zuen eleberria», aipatu zuen Zabaletak, eta zehaztu zuen nobelaren gaia errepresioa bada ere, giro horren bueltan sortu zena izan zuela hizpide. «Errepresioak sortzen zuen giroa, jendearentzat zer izan zen hura... kontatzen du. Esaten da bi milioi pertsona zeudela kartzelan eta hartaz badakigu, baina haien denuntziak sinatu zituzten lau milioi salatariez zer dakigu?», galdegin zuen Zabaletak.
Adibide modura, aipatu zuen Txukovskaia eta Akhmatova elkarren konfidente izan zirela eta KGBkoak maiztasunez etxera sartzen zitzaizkienez batak bestearen poemak buruz ikasi zituela, topa ez zitzaten eta, noski, haien obrak betiko ez galtzeko.
«Errepresioak badu beste konponente bat: aleatoriotasuna», nabarmendu zuen Zabaletak, eta Euskal Herriarekin paralelismoa eginez, Altsasuko gazteen kasua izan zuen gogoan. «Guk ere ezagutu ditugu kartzelako ateak, txibatoak eta errepresoreak... Zergatik Altsasukoak? Tokatu egin zitzaielako. Stalinen garaian aleatoriotasun hori are zehatzagoa zen, ‘hainbeste behar ditut’ esan eta zerrendak ateratzen ziren». Aleatoriotasunaren beldur horrek gizartea «zurrundu» zuela ere nabarmendu zuen Zabaletak, «errepresioak bakardadean baino ez baitu funtzionatzen».
Eleberrian hiritar sobietar arrunt baten kontrako errepresio kasua kontatzen da, amaren ikuspegitik. «Semea atxilotu eta urte batera esan zioten segituan fusilatu zutela, eta bera joaten zen espetxera hildako bat bisitatzera», kontatu zuen Zabaletak.