«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Abenduak 20 Ostirala
2023 URR. 06
IRAITZ MATEO
DONOSTIA
Katakrak argitaletxeak plazaratu du euskarara itzulitako bell hooksen bigarren lana, hezkuntzaren inguruko hausnarketa eta proposamenak jasotzen dituena. Pedagogiaren, hizkuntzaren, segregazioaren zein ikasleek duten ahotsaren inguruko gogoetak jasotzen dira. Amaia Apalauzak itzuli du eta Nora Salbotxek egin du hitzaurrea.
Nora Salbotx aitzinsolasaren idazlea eta Amaia Apalauza itzultzailea atzoko aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)
IDAZLEA BERA
Nork esan duen baino, zer esaten den axola zaio, eta horregatik bell hooks amonaren izena hartu zuen goitizentzat Gloria Jean Watkinsek (1952-2021), AEBetako idazleak. Bere izena hizki xehez idaztearen aldarria egiten du, garrantzia edukiari emateko.
UNIBERTSITATEA
«Banku-hezkuntza» gisa definitzen du hooksek unibertsitatea, ikasleek datuak buruz ikasten zituztelako, eta bere ibilbide pertsonalean oinarrituta hainbat proposamen plazaratzen ditu Katakrakek argitaratu berri duen liburuan.
Katakrak argitaletxeak liburu bat argitaratzerakoan hiru gako hartzen ditu kontuan, bertako editore Hegoi Etxartek azaldu duenez: kezka sortzen duen gai bat izatea, kezka horren inguruan gogoetatzen ari den talde edo mugimenduren bat egotea, eta kezka gizarteko esparru ezberdinetan egotea. Garai ezin hobean jo dute gai ezin egokiagoarekin; hezkuntzarekin, alegia. Atzo aurkeztu zuten Donostian bell hooks-en “Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika”. Aurkezpenean izan ziren editorea bera, Amaia Apalauza itzultzailea eta Nora Salbotx aitzinsolasaren idazlea.
«Hezkuntza gure egunerokoan dago presente, izan lan gatazkak, legeak, pedagogia edota haurtzaro zein gaztaroko hainbat arazoren erantzule gisa markatzea», kontatu zuen Katakrakeko editoreak eta, beraz, gai garrantzitsua dela iritzita eta bell hooks pentsalari, aktibista eta idazlearen lanak zabaltzeko asmotan euskaratu dute lan berria.
Liburuaren egiturari dagokionez, argitaletxearen oharraz eta aitzinsolasaz gain, hamalau atal biltzen ditu liburuak. Aurkezpenean aitortu zuten material ezberdinekin osatutako liburua dela, eta hamalau artikuluetan hitzaldi zatiak, elkarrizketak, bere hausnarketak zein proposamenak jasotzen direla. Elkarrizketetako bat, adibidez, Gloria Jean Watkins (bere berezko izena) eta bell hooksen (bere izengoitia) artekoa da, ikuspegi ezberdinak plazaratzeko baliabide gisa.
ESPERIENTZIATIK, TEORIARA
Amaia Apalauza arduratu da hooksen ikuspegia euskarara ekartzeaz. Aitortu zuen hasieran zalantzak izan zituela gaiarekin, «mugatua» iruditzen baitzitzaion. Baina okertuta zegoela ohartu zen berehala: «Ikasgela barruan identifikatutako gatazketatik proposamenak egiten ditu, eta gogoeta horiek ikasgelatik kanpo ere erabilgarriak dira». Batez ere, hooksen begirada intersekzionala azpimarratu zuen, eta arraza, generoa eta klasea lotzeko gaitasuna.
Esperientzia pertsonaletik eratorritako hausnarketak plazaratzen dira liburuan, eta duen «abiapuntua» interesgarria dela azaldu zuen Apalauzak: «Eskola segregatu batean hasi zen ikasten hooks, beltzen eskolan, eta kontrahegemonikoa iruditzen zitzaion eskola hori; pentsatzen irakasten zietelako, eta ez errepikatzen; beltzen ahalduntzea sustatzen zuen eskola zen». Baina eskola segregatu horretatik «zuriak eta beltzak» zeuden eskolara igaro zen, eta han arazo ugari topatu eta aldarri bat egiten omen zuen: «Integrazioarena oso ongi, baina zama handiena beti beltzengan uzten duzue; lehenago joan behar dugu eskolara, sarreran zuriekin gatazkarik ez egoteko, eta gimnasioan itxaron, beraiek sartu arte».
«HIZKUNTZA MUNDU BERRIAK»
Salbotxek idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta aitortu zuen «sekulako pozez» jaso zuela proposamena. Hezkuntza munduari egindako hainbat ekarpen aipatu zituen, tartean hizkuntzarena: «Atal hori Euskal Herrian ongi ulertu eta bertaratu dezakegula iruditzen zait; berarentzat hizkuntza erresistentziarako tresna da». Salbotxek gehitu zuen idazleak aipaturiko «hizkuntza esperientziak» Euskal Herritik irakurtzea interesgarria dela.
Hezkuntza teorian ez geratzearen, «errezeta magikorik» ez egotearen eta esperimentaziotik abiatzearen ekarpenak garrantzitsuak dira, irakasle nafarraren iritziz, eta «irakastea praktika performatibo» gisa ulertzearen balioa azpimarratu zuen. Horrekin batera, hooksek «entzuketa aktiboa» aipatzen du liburuan eta, bere ustez ere, jarrera politiko bat izaki, egungo hezkuntzan ezinbesteko zutoina litzateke. Eta hirugarren «ekarpen erraldoi» gisa kontzientziazioaz mintzatu zen Salbotx: «Ikaslea subjektu gisa ulertzen du, eta ondorioz inguruko gauzak problematizatuz praktika eraldatzaileak martxan jartzearen garrantzia azpimarratzen du, eta praktika horiek, norberaren esperientziak, teoriarekin berresten ditu. Zirkulu hori osatzea oso interesgarria da».