Salgaien zerrenda

«Walden» DIARIO VASCOn

Henry David Thoreauren 'Walden', «politikoa, poetikoa, polifonikoa eta oso emankorra»

Danele Sarriugartek itzulia eta Thoreaun zein haren lanetan aditua den Antonio Casado da Rocharen hitzaurrearekin argitaratu du Katakrakek
NEREA AZURMENDI .
Sábado, 11 diciembre 2021, 13:44

1845. urtean, hainbat arrazoi eta bizipen tarteko naturan murgiltzea eta bakartzea erabaki zuenean, Henry David Thoreau (Concord, Massachusetts, 1817-1862) idazle eta pentsalaria –eta arkatzak egiten ziren lantegi baten jabea– ez zen toki ezagunetatik asko urrundu. Txabola xume bat eraiki zuen lagun baten lurretako basoan, haren etxetik 2,5 kilometrora, Walden lakuaren ondoan eta herritik ere nahiko gertu.

Bizirik irautearen aldetik ez zen izan muturreko esperientzia, baina naturarekin bat eginik –gizakiekiko loturak erabat apurtu gabe, betiere– igaro zituen bi urte, bi hilabete eta bi egunek literatura estatubatuarraren eta pentsamenduaren historiako libururik ezagunenetako bat ekarri zuten: 1854an argitaratutako 'Walden'.

Ideiak astintzeko, gogoeta bultzatzeko eta eztabaida sustatzeko gaitasuna duten liburuak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen bost urte bete berri dituen Katakrak argitaletxe nafarrak ekarri du euskarara. Ez da, hala ere, itzulpen soila. Thoreauren lan ezagunena euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzeaz gain, testu bat eta oin-ohar oso lagungarriak idatzi ditu Danele Sarriugartek. Argitaletxeak ere egin du bere ekarpen liburua gaurko testuingurura ekartzeko ordua. Aparteko aipamena zor zaio, liburua asko aberasten duelako, Henry David Thoreaun eta haren lan eta pentsamenduan aditu nagusietakoa den Antonio Casado da Rocha filosofo eta EHUko irakasleak idatzitako aitzinsolasari.

Hedoi Etxarte editorearen hitzetan, 'Walden' klasikoak «liburu sakratu gisa funtzionatzen du genealogia politiko askotan», 'Biblia'-ren, 'Manifestu komunista'-ren edo 'Bigarren sexua'-ren pare. Toki hori du alegia «askapenaren tradizio askotan», Thoreauren pentsamenduaren ildo garrantzitsua jasotzen duen 'Desobedientzia zibila' (1849) lanak bezala (Edu Lantzagurenek euskaratua, Booktegin dago irakurgai). Casado da Rocharen hitzetan, halere, hura baino «positiboagoa» da 'Walden'.
Desazkundea, bizitza sinplea

1845tik 1847ra basoan emandako 26 hilabeteak urte bakar bat izango balira bezala kontatzen ditu Thoreauk, egunkari formatuan. Gomendio bat luzatu zieten Sarriugartek eta Casado da Rochak irakurleei: aurreneko kapitulua kontrako eztarrira joan eta bertan geratzen bazaie, ez etsi. Utzi beste baterako, eta segi aurrera, hortik aurrera liburua «sinfonia bat bezalakoa» delako, «prejuizioak alde batera utzita» era askotara irakur daitekeena.

Hirugarren kapituluan hasten da Thoreau bere esperientzia pertsonala kontatzen eta, horren harira, edozein momentutan eta edozein egoeratan ia edonorentzat baliagarriak izan daitezkeen gogoetak egiten. «Mikrotik makrora eta buelta dabil Thoreau liburu honetan», azaldu zuen Casado da Rochak, «handiaren printzipio gidaria txikia» delakoan.

«Askori bizitza eraldatu dien liburua», hain zuzen, «inoiz agortzen ez den iturri bat da», nondik edan duten ekologismoak, intsumisioak eta beste dinamika eraldatzaile askok. Casado da Rocharen ustez «politikoa, poetikoa, polifonikoa eta oso emankorra» den liburuak, hain zuzen, interpretazio ugariri eman die bide. Irakurketak kontrajarriak izan dira maiz, baina Thoreau ez zukeen horrek kezkatuko, beraxek gonbidatu zituelako irakurleak liburutik abiatuta nork bere bidea egitera.

Gaur egungo ikuspegi eta beharrak aintzat harturik, Thoreauz asko idatzi duen –biografia barne– Casado da Rocharen ustez liburuan bada mezu argi bat, zerikusia duena «desazkundearekin, bizitza sinple eta etikoago batekin» eta askorentzat gero eta beharrezkoagoak diren bizitzeko modu alternatiboekin.

Thoreauk ere «hastapenetan zegoen kapitalismo industrialari» alternatiba bat bilatzen saiatzeko egin zuen esperimentua, Danele Sarriugartek gogoratu bezala. Edonola ere, itzulpenari heltzeko orduan erronka nagusia jatorrizko «tonu musikalari» eustea izan zuen itzultzailearen aburuz «abentura liburu bat bezala ere irakur daiteke. Ez du orain dela 200 urtekoa ematen».

Naturarekiko harreman ahulduak indarberritzeko da halaber gomendagarria da Thoreauk, besteak beste, naturari buruz zuen ikuspegia erakusteko idatzi zuen liburua. «Ez dut basoa berdin ikusten liburu hau irakurri nuenetik», adierazi zuen Hedoi Etxartek aurkezpenean.
Gramsci eta Federici

Edonola ere, Katakraken 2021eko uzta ez da 'Walden'-ekin amaitu, hurrengo egunotan aurkeztuko baitituzte argitaletxearen ildoa aberasten duten bi liburu, Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eta Silvia Federiciren 'Larruazalaren periferiaz haraindi'.

Italiako alderdi komunistaren sortzaileetakoa izan zen Antonio Gramsci (1891-1937) kartzelatu egin zuen Mussoliniren erregimen faxistak 1927tik 1935. Handik idatzitako gutunak oso gogorrak dira, baita Gramsciren erretratu zintzoa ere. Federiciren lanak, berriz, beti presente eduki duen gai bati, gorputzari, beste modu batera erreparatzeko modua dakar, 'Caliban eta sorgina' ezagunekoaren osagarri, edo ifrentzu.



Gomendatutako liburua:

Walden

22,00 €

Badugu


Gaiari buruzko artikuluak