«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Abenduak 20 Ostirala
Walden / Henry David Thoreau (Danele Sarriugarte) / Katakrak, 2021
Asier Urkiza
Berria, 2022-01-09
Henry David Thoreauren klasikoa ekarri du euskarara Katakrak argitaletxeak, Danele Sarriugartek itzulia. Bi urte pasatxo —1845etik 1847ra— igaro zituen filosofoak Walden lakuaren ondoko etxola batean, Concord bere jaioterritik hurbil, Massachusettsen. 1854an kaleratu zuen garai horretan oinarritutako liburua. Nekez sailka daitekeen obra bat da Walden, saiakera eta kronika uztartzen ditu, gai ugariri buruzko gogoetak egunerokoaren kontaketarekin tartekatuz. Hainbat ataletan bereizia dago, batzuk mardulak, laburragoak besteak. Beharbada, komeni da Antonio Casado da Rochak hitzaurrean proposatutako irakurketa ibilbideari jarraitzea, hartara lehenengo atala —Ekonomia deritzona— trinkoegia suerta ez dadin, horretan heltzen baitio autoreak bere esperimentuaren alderdirik teknikoenari —etxolarako materialak, gastuak, janaria…—. Edozein kasutan, beste zenbait lanekin gertatu bezala, nahierara irakur daiteke, biltegi izugarri eta ordena finkorik gabekoa denez. Gainera, tarteka berrirakurtzeko modukoa ere bada, inoiz agortzen ez diren liburu horietakoa da eta.
Ezin konta ahala norabidetan hedatzen da Thoreauren esperientziaren oihartzuna. Loturarik argiena ekologismoarekin egin daiteke, gaurkotasun erabateko mugimendua izanik berau. Thoreauren ekologismoa, halere, ez da naturarekiko harremanetara mugatzen eta bere pentsamoldeari ere badagokio, hots, ikuspegi holistikoari. Autorearen pentsaera ekologista jardun intelektual integralaren aldeko apustua da, jakintza mota askoren gurutzaketan oinarritua —biologia, geologia, geografia, ekonomia, filosofia, teologia—. Teoria eta praktika banaezintzat jotzen ditu Thoreauk, bien bat egitean konkretizatzen du abstrakzioa. Sarritan kontrako bidea ere egiten du, hau da, egitate zehatzetatik abiatzen da bidezidorrik ilunenetan. Era berean, ohartarazpen bat ere bada Walden, etengabeko mugimenduari eta denboraren abiadura zorabiagarriari galga ezarri eta gure inguruari bezainbat geure buruari begira jartzeko gonbita.
Kapitalismoaren garai loriatsuan bizi izan zen arren, ordurako ohartua zen Thoreau produkzio-sistema horren eta bizitzaren arteko bateraezintasunaz. Ingurumenaz gain, gizakiaren barrunbeak ere esplotazioaren kalteak nozitzen dituela deitoratzen du behin baino gehiagotan. Kontsumismoa, alienazioa, merkantilizazioa… gaitz horiek eta gehiago seinalatzen ditu Concordeko maisuak, ahoan bilorik gabe. Bestalde, bitxia da Walden-etik maiz nabarmendu izana norbanakoaren askatasunaren aldarria; Thoreauk, ordea, kutsu kolektiboa ematen die bere ekarpen gehienei, komunitatearen garrantzia azpimarratuz: “Bizibidea aurrera ateratzea, elkarrekin”. Liburuaren asmoa bera, izan ere, irakurlearengan eragitea da. Azkenik, Danele Sarriugarteren lana aipatu beharra dago, autorearen prosa kementsua eta gogoeta zein hitz-joko zoliak bikainki ekartzeagatik. Izugarri eskertzen da, halaber, erreferentzia ugarien zehaztapena. Liburu monumentala da Walden, laku-leku batetik kosmosa harrapatzeko adinako apaltasunez idatzia.