Katakrak zabalik: abagunea + sukaldaritza
2014/07/29
Itzuli gara, ez geldi egoteko baina. Une latzak bizi izan ditugun azken asteotan, Euskal Jai-ren eraistearen hamargarren urteurren honetan. Guztietan egon da espazioarekin, etxearekin loturaren bat. Gazan kolonialismoaren suntsiketa: 1.000 palestinar hil dituzte (%77 zibilak) eta 43 israeldar (%3 zibilak). Granadan 37 urteko Etxegabetzeen Plataformako kide batek bere buruaz beste egin du. Vienan 1.700 polizia kidek Pizzeria Anarchia Zentro Sozial Okupatua erasotu dute, ezingo da Garcia Lorcaren «gerri hautsiko vals» hura gehiago dantzatu. Jordi Pujol Kataluniako Printzipatuko presidente izan zenaren ustelkeria kasua jakin den astean albistetzarra jaso dugu Bartzelonako Sants-etik: Can Vies-ek 89.760€ eskuratu ditu. Inoiz baino Aresti zaleago gaude: «Geure etxeak defendituko ditugu. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen ditugu geure etxeak».
Astelehenean zabaldu genituen ostera ateak eta udako eskaintza berezia eskaini nahi dizugu. Goizeko 9:30etatik aurrera gosariak egunero. Pintxoak goizaldetik eta bazkariak 14:00etatik 16:00etara astelehenetan barne (asteroko asanbladak oporrekin jarraituko du abuztuan). Berritasun nabarmenena egunero 19:00etatik 23:00etara izango da: udako produktu freskoekin 2 entsalada eta 2 plater bero eskainiko ditugu razio edo pintxo erara. Hondartzako txosna baten modukoa izango da eta berritasun iraunkor gisa txoriopila eta fruituzko bizkotxoa. Ostiral eta larunbatetan geure betiko afariak izanen dituzu eskura.
Liburu denda 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00 ordutegia izango du. Udako nobedadeez gainera, etxeari, udalgintzari eta Palestinako kolonizazioei buruzko hautaketa fina: geopolitika, poesia eta komikia nahasten diren eremukoa.