«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Azaroak 22 Ostirala
ITZIAR DIEZ DE ULTZURRUN
ITZULTZAILEA
IÑIGO SATRUSTEGI
Hannah Arendt-en ‘Indarkeriaz’ kaleratu berri du Katakrak argitaletxeak. Itziar Diez de Ultzurrunek ekarri du euskarara, Mario Zubiaga politologoaren hitzaurrearekin
HANNAH Arendt pentsalariaren On violence, aurrerantzean euskaraz ere irakurri ahalko da. Indarkeriaz izenpean, Iruñeko Katakrak argitaletxeak bere saiakeren bildumara gehitu du Arendten lana. Hauxe da egilearen bigarren lana euskaraz. Hedoi Etxarte argitaletxeko editoreak azaldu duenez, “heldulekurik gabeko” pentsalaria izan zen Arendt. “Gazte eroek” irakurtzeko gomendioa egiten du, berriz, Mario Zubiaga politologoak, indarkeriaren irakurketa kritikoa egiten duelakoan. Itziar Diez de Ultzurrun (Iruñea, 1967) itzultzaileak egin du euskaratzeko lana. EIZIEko zuzendaria ere bada Diez de Ultzurrun, eta hainbat dira dagoeneko bizkarrean dituen itzulitako lanak: Virginie Despentes, Agatha Cristie edo Virginia Woolf.
Ezagutzen al zenuen Hannah Arendten lana itzuli aurretik?
Nik bere testu esanguratsu guztiak ez nituen irakurriak. Hala ere, itzultzailea izateaz gain, antropologia ikasitakoa ere banaiz, eta graduondoko bat egin nuen bakearen kulturari buruz. Hor, nolabait, bere oihartzuna bazegoen, eta itzuli dudana baino gehiago, bere testuetako batzuk entzunak eta ezagunak nituen, gizartean ezagunagoak direnak, tartean, Koro Navarrok euskarara ekarri zuen Eichmann Jerusalemen (Klasikoak, 2008). Baietza esan aurretik, beraz, liburua irakurri behar izan nuen, zuzenean enkargua onartu aurretik.
Liburua indarkeriaz mintzo da. Zertan oinarritzen da, ordea, bere iritzia emateko?
Arendtek errealitateaz hausnartzen du. Hori da bere ezaugarrietako bat. Batetik errealitate hori ulertzeko oinarri teorikoetara jotzen du. Baina, bestetik, bere behaketa-hausnarketari esker ondorioak ateratzen ditu.
Berak indarkeria aztertzen du iraultza edo askapen mugimenduetan, adibidez, 68ko maiatzaren testuinguruan, ikasle mugimenduan, AEBtako giza eskubideen aldeko mugimenduan… Sorel, Sartre edo Marxen mailako egileak irakurtzen zituen, hau da, bere inguruko gazteek irakurtzen zutena. Hortik tiraka, gertatzen ari zenari erreparatzen zion eta indarkeriari buruz esaten zutenaren gainean hausnartu egiten zuen. Berak esaten zuen hezkuntzak ematen dituela mundua ulertzeko giltzak. Eta bere liburuetan ariketa hori egiten duela esango nuke.
Zer dio indarkeriaz, bada?
Liburua testuinguru jakin batean dago kokatua, eta ez da gogoeta filosofiko abstraktua. Hau da, ez da kontzeptuen munduan gelditzen, baizik eta horiek alderatzen ditu beste batzuek diotenarekin, eta gertakizunen jarraipenarekin. Era berean, liburuaren giltzetako bat da Mario Zubiagak aurkezpenean aipatutakoa: indarkeria eta boterea ia beti elkarren ondoan, nahasiak, agertzen badira ere, biak bereiztea garrantzitsua dela. Boterea izango litzateke gizakiok elkarrekin jarduteko dugun gaitasun hori, eta indarkeria bitartekoa litzateke. Erabat instrumentala da idazlearentzat. Beraz, bitartekoa den heinean, eta ez helburua, bere erabilerekin kontuz ibili behar dela esaten du. Helburuen eta bitartekoen arteko gogoeta egiten dum Hannah Arendtek Indarkeriaz-en.
Jatorrizkoaren izenburua ‘On Violence’ da. Euskaraz, aldiz, ‘Indarkeriaz’ aukeratu duzu. Aukera ugariren artean, zer dela eta, hori?
Hasieratik bi aukera ikusi nituen nahiko argi: indarkeria eta bortizkeria terminoak erabiltzea. Iruditzen zitzaidan terminorik arruntena erabili behar genuela ingeleseko ‘violence’ hori ekartzeko. Beste aukerarik ere proposatu zidaten, baina itzultzaileok beti esaten dugun moduan, itzultzea aukeratzea da.
Batzuetan, bete-betean asmatzen da, beste batzuetan ez horrenbeste. Biolentzia hitza izaten ahal zen aukerarik errazena. Lehen hobeto funtzionatuko luke, agian, bortizkeria hitzak. Baina gurean, gaur egun, indarkeriaz egokiago ikusten dut.
Itzulpen lanari dagokionez, zeintzuk izan dira zailtasun nagusiak?
Testua ez zitzaidan katramilatsua eta ulergaitza iruditu. Egia da ere, aise xamar irakurtzen dela, baina esaldi guztietan dagoela zerbait. Oso mamitsua da. Euskarara itzultzerakoan, kontuan izan nahi nuen ez zela testu akademiko bat bere horretan. Baina, era berean, Arendtek gauzak zorrotz azal errespetatu nahi nuen. Fikzioa edo beste testu mota batzuk itzuli ditudanean, askeago sentitu izan naiz urruntzen. Euskaraz jario ona izan zedin nahi nuen.
Bestetik, edozein hizkuntzatik itzultzen denean gertatzen den moduan, aipu bat agertzen denean, aipu hori euskaraz ote dagoen begiratzera jo behar dugu. Eta gaur egun zorionekoak gara, Interneti esker nahiko azkar topatu ditzakegulako euskaraz baldin badaude. Eta gero, gertatzen zitzaidan, agian, Sartreren aipu baten bila jotzen nuela eta han geratzen nintzela hori irakurtzen.
Agian egun batean bi parrafo bakarrik itzultzen nituen, hori dela eta.
Egoerak atzeratu egin du argitalpena, eta zuretzat itzulpena “aspaldiko’’ zerbaiten gisan geratu da, ez al da hala?
Hala da, berriz irakurri beharko nuke ongi azaltzeko, ahantzia bezala baitut. Orain itzuli beharko banu, beste modu batean egingo nion aurre lanari, beste irtenbide batzuk izango nituzke. Hannah Arendetek aipatzen du ustekabeko gertaerek garrantzia handia dutela.
Indarkeria erabiltzen baduzu helburu bat lortzeko, nolabait, helburuak zuritzen du bidea. Baina ustekabeak agertzen badira eta helburua lortzen ez baduzu… Itzulpen honetan antzeko gertatu zait. Ustekabeko gertakizun bat izan zen itzulpenaren azken orrazketa egiten ari nintzela, eta ia beste batzuen esku utzi behar izan nuen lana. Azkenean, bukatu genuen, eta zuzentzaileek lan handia egin dute horretan, ia aitortzen ez diegun arren.
Orain dela bi urte hartu zenuen EIZIEren, Euskal Itzultzaile eta Zuzentzaileen Elkartearen, zuzendaritza. Zeintzuk izan dituzu urteotan erronka nagusi?
Gure lanbideari dagozkion erronkak ditugu, beste lanbide batzuetan ere egon daitezkeenak: lan baldintzak hobetzea eta gure jardunaren aitortza, itzultzaile zein interpreteenak. Interpreteen kasuan, pandemiak lanaren beherakada ikaragarria ekarri zuen, adibidez.
Itzulpen lanak eta itzulpengintzak berak gero eta zabalkunde handiagoa dutela esango zenuke?
Ikusgarritasunari dagokionez, urteetan landu izan dugun zerbait da. Uste dut azken urteetan aitzinamendu handiak egin direla.
Arendten liburuaren argitalpenaren harira etorritako elkarrizketak horren adibide izan daitezke. Esango nuke ez dela gurean bakarrik gertatzen ari den zerbait, baizik eta beste testuinguru kulturaletan ere hala dela, geroz eta handiagoa da itzulpenen kantitatea, eta ikusarazten da.
Euskal Herrian, literatur itzulpenaren inguruan aurreiritzi asko egon dira, baina gero eta harrera hobea jasotzen ari dira lan itzuliak.
Irakurle taldeetan, adibidez, gero eta naturaltasun handiagoz sartzen dituzte euren irakurketa-zerrendetan euskaratutako liburuak. Aurrerapauso handiak egin dituzte, halaber, itzultzaile automatikoetan.
Euskaratik eta euskarara itzultzeko tresnak asko hobetu dira. Oso baliagarriak dira, baina erne ibili behar da haiek erabiltzen direnean, egiten den erabilerarekin… Administrazioan badakigu euskarazko testu asko itzuliak direla, baina tresna horiek, hori bada, tresna baino ez dira, eta ongi erabiltzen jakin behar da.
Azken asteetan asko zabaldu da Amanda Gorman poeta afro-amerikarraren kasua. Emakume beltza izanik eta editoreek itzultzaileek ere hala behar dutela iritzita, itzultzaile batzuei ukatu egin diete enkargua. Zer deritzozu?
Ika mika horretan ertz desberdinak daude. Batetik, kontua ez da arraza eta generoaren ikuspegi esentzialista bat azaleratu dela. Zuk ez badituzu idazlearen ezaugarriak, kasu honetan, ez bazara beltza eta emakumea ezin duzu Amanda Gorman itzuli. Nire ustez, hor ez dago koska. Eztabaida Herbehereetako itzultzailearen inguruan zabaldu zen, baina ez nuke esango eztabaida sortu zenik itzultzailea zuria izatean kalitate txarragoko itzulpena eginen zuelako. Egia esan, Marieke Lucas Rijneveld itzultzailearen ibilbidea ez dut ezagutzen. Halakoetan, nire iritziz, mahaigaineratu nahi izan dute erabakia nola hartu den. Eta erabaki horiek hartzerakoan zeren arabera egin duten. Beste kontu bat da itzultzaile batzuek, kasu honetan, gizonezkoek hari-mutur horri eutsi diotela, eta balio du horri buruz ez hitz egiteko, eta ad absurdumera eramateko. Zein dago horren kontra? Nork jarriko du auzitan XVI. mendeko autoreak ezin ditugula itzuli? Eta hor bukatzen da eztabaida. Ondorioak ere izan ditu. Katalanaren kasuan, itzultzaileari emana zioten enkargua, eta gero kendu diote. Itzultzaile katalan horrek betoa jarri diotela adierazi du. Nik uste dut ez duela ulertu, edo ez duela ulertu nahi. Besterik gabe, agian ez zen itzultzailerik egokiena.