«El algoritmo paternalista» en la SER
Abenduak 04 Asteazkena
Leire Lakasta itzultzailea, Annie Ernauxen azken lanarekin. Xalba Ramirez
Xalba Ramirez
2024/11/14
Annie Ernaux da euskarara ekarritako obra gehien dituen autoreetako bat. Azken aurrekoa, atzo bertan, Igela argitaletxearen eskutik. Azkena, gaurkoa, Katakrak argitaletxearen eskutik, eta Leire Lakasta itzultzailearen lehen lana: Idazketa labana bat da.
Ernauxen eta Frederic-Yves Jeannet idazlearen arteko korrespondentzia da honakoa, korrespondentzia “elektronikoa”, e-postak sozializatu ziren garaikoak, Lakastak ñabardura egin duenez. Gaia? Ernauxen obrak “oinarri dituen eta hura posible egin duten idazketaren modalitatea eta testuingurua” arakatzea. Emaitza? Estetika eta politikaren arteko harremana lantzen duen saiakeratxoa, Ernauxen proiektu artistikoa hezurmamituz.
Lakastarentzat liburu “borobila” da. Borobila, batez ere, amaieran Ernauxek gibel solasean itxiera ematen diolako. Itxiera baino, hausnarketa eguneratzen duelako, gaia, oraindik, “oso pil-pilean” baitago.
Lakastak Ernauxen metodologia nabarmendu du. Honela deskribatzen du, autoreak berak, egindako lana: “Segurutzat nuen zerbait aurkitu izanaren susmoa nuenean, zuzenean ekiten nion ordenagailuan erantzuna idazteari, oharri gabe eta ahalik eta gutxien orraztuta, neure buruari ezarri nizkion joko arauei jarraikiz”. Eta, helburua? “Zintzotasuna eta zehaztasuna izan dira elkarrizketa honetan axola izan zaizkidan bakarrak; zailagoa izan da bigarrena”.
Lakastaren ustez, “ekarpen itzela” egin dezake liburuak Euskal Herrian “estetikaren eta politikaren arteko harremanean” eta “artearen funtzio politikoan” interesatua dagoen edonorentzat.
Izan ere, Ernauxen obran, beti egon da proiektu estetiko propio bat garatzeko beharra eta gogoa. Hedoi Etxarte Katakrakeko editorearentzat, “beti izan zuen literatura iraultzeko bokazioa, ordura arte egin ez zen modu batean idatzi nahi zuelako”. Eta hori, “hil ala bizikoa” zen Ernauxentzat.
Honela, langileen bizitza intimoaren alderdi sozialak jarri zituen bere literaturaren erdigunean: “Oso azkar ohartu zen istorio pertsonal eta intimo horiek askorenak zirela. Jende askok idazten zion eskerrak ematen, jende xehearen istorioak kontatzeagatik”, Etxarten hitzetan.
Lakastak gogora ekarri duenez, ez zen lehen aldia, noski, gai sozialak literatura obra baten erdigunean zeudela. Baina Ernauxentzat, “erromantikoki” edo “modu populistan” agertzen ziren, eta hurbilpen hori “faltsua” zen berarentzat: “Modu objektiboenean, eta egiatik ahalik eta hurbilen dagoen obra bat” eraiki nahi zuen Ernauxek, Lakastak azaldu duenez.
Honela, bada, Idaztea labana bat da Ernaux ezagutzen ez dutenentzat, Ernauxen zaleentzat, zein artearen eta politikaren arteko harremanaz interesa duen edonorentzako liburu aproposa dela azaldu du Etxartek. Euskal literaturan eragin itzela izaten ari den autorea ulertzeko, eta, batez ere, oraindik, arteak zerbait alda dezakeela sinisten duten horientzat guztientzako liburu bat. Irakurtzeko, eta ziurrenik, elkarrekin eztabaidatzeko.