«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Abenduak 16 Astelehena
FILOSOFIA
Jonathan Lavilla, itzultzailea:
Antzinako Greziar filosofoaren ‘Zoriontasunaren defentsan’ liburua kaleratu berri du euskaraz Katakrak etxeak. Javier Aguirre eta Jonathan Lavilla izan dira bere itzultzaileak
AmpliarJonathan Lavilla filosofo eta irakaslea pasa den astean Iruñeko Anelier pasealekuan
Jonathan Lavilla filosofo eta irakaslea pasa den astean Iruñeko Anelier pasealekuan
JOSE CARLOS CORDOVILLA
ION STEGMEIER
21/04/2023
Filosofiako autore eta korronte gehientsuenak oso gustoko baditu ere, Jonathan Lavilla de Lerak aintzinako filosofian egin du bere ibilbide nagusia. Orain, 35 urteko iruindarra Bartzelonan Filosofia ikasi ondoren zazpi urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitatean klaseak ematen, Donostian, eta Javier Aguirrerekin batera Epikuroren testuak euskaratu ditu 'Zoriontasunaren defentsan' liburuan (Katakrak argitaletxea).
Bi mila eta hirurehun urte beranduago, Epikuroren testuek gaurkotasuna mantentzen dute?
Bai. Bai eskola helenistikoek, baita ere Platon eta Aristotelesek, azken finean nola bizi galderari erantzuten diote. Hau da, betiere zoriontasunaren bilaketa hori. Epikuroren kasuan bere gogoeta guztiek hori dute helburutzat. Bere garaia baita ere ezegonkortasun politiko garaia dela kontuan hartzen badugu, gure garaiarekin loturak daude. Gero eta desira eta premia gehiago ditugu eta Epikurok dei bat egiten du horiek modu arrazional batean mugatzeko, eta batzuk ezeresteko, funtsean. Esango nuke gaurkotasun haundia duela testu honek eta erantzuten diela oraindik egun ditugun hainbat premia eta beharrei.
Etsai asko izan ditu historian zehar, bere mezua nolabait aldatu izan dutenak, justizia egin behar zaio Epikurori?
Bai. Diogenes Laerciori esker jaso ditugu Epikuroren testu gehientsuenak eta testu horietan bertan oso ongi islatzen da nola Epikuro konsziente den bere garaian bertan dagoeneko kritika ugari jasotzen zituela inolako justifikaziorik gabe.
Zergatik?
Bere planteamendua batez ere hedonismo lelopean heldu zaigu, autore askok iradoki nahi izan dutena da Epikurok besterikan gabe parrandan eta haragiaren plazeren bizimodua proposatzen duela. Baina egia esan Epikurok proposatzen duena oso bizimodu aszetikoa da.
Gauzak garbi esaten zituen, adibidez, heriotzak ez zekarrela sufrimenturik. Horrelakoak orduan esatea atentzioa deitzen zuen?
Ziurrenik bai. Kontuan hartu behar dugun beste gauzetako bat da filosofoek oso gauza bitxiak esaten eta egiten dituztela. Platonek berak aldarrikatzen duenenan badagoela beste errealitate bat, gure mundukoa baino egiatiagoa dena, edo Aristotelesek planteatzen duenean bizimodurik hoberena bizimodu behatzailea dela, ziur aski hori biztanleriarentzako oso arraroa izango litzateke. Epikurok esaten dituen gauzak oso ezohikoak dira. Besteak beste jainkoen inguruko teoria oso berritzaile bat du eta aldarrikatzen duen gauzetako bat da guretzako heriotza ez dela ezer. Epikurok pentsatzen du bakarrik esperientzia edo bizipenen bidez ezagutu ditzakegula gauzak. Guk gure bizitzan sekula hautemango ez duguna da heriotza, hil egiten garenean dagoeneko ez dugulako sentitzen eta, aldiz, bizi garen bitartean sentitzen ditugun gauzak ez direlako heriotza.
Pentsamendu magiko edo erlijiosotik alde egiten du, beraz.
Erabat. Epikurorentzako giza gai gehienak heltzen dira bi faktoretatik, bat izango litzateke desira desegokiak edukitzea eta bestalde iritzi okerrak, adibidez jainkoekiko beldurrak, heriotzari beldurrak eta halakoak. Tesi honek irauli nahi luke adibidez hil osteko zigorrak, edo bizi garaian mesedeak ala zigorrak jasoko ditugula jainkoen partetik. Funtsean teoria zientifiko moduko bat erabiliko luke azaltzeko munduan gertatzen dena. Epikurok atomismoan sartuko du moldaketa bat askatasunari lekua emateko eta baita ere politikari eta etikari zentzua emateko.
Laguntasuna ere beste euskarri bat izango litzateke bere gizarte antolakuntzan? Gero Marx.en eragina izan du, besteak beste.
Hor lotura oso estuak leudeke. Epikurok pentsatzen du funtsean polisa edo gizartea dela komunitate forma natural bat bizimodua erraztu egiten duelako. Orduan berak ikusten du gizarteak berak hainbat arazo eta hainbat kalte sortzen dizkiola banakoari, lehiagatik, botere nahiagatik,etabar. Hori ikusita, egoera aldatu nahi beharrean erabakitzen du gauza bat askoz ere praktikoagoa: “Lur eremu bat erosiko dut, bertara joango naiz nire lagunekin eta bizitzeko modu berdintsua dugunon artean goxo biziko gara”. Berak uko egiten dio eskala handi horretan azaldu eta borrokatzeari, ze pentsatzen du horrek azken finean arimaren lasaitasuna ekiditen duela. Egiten duena da bere burua babestu lagun talde batean.
Bere lorategi famatua.
Hori da. Bere lorategia alde batetik filosofia eskola da baina batez ere lagun komunitatea, lagun epikurear komunitatea.
Aintzinako grekeratik euskaratu dituzue testu hauek?
Bai. Hainbat laguntza izan ditugu, dagoeneko euskaraz bazegoen 1995.eko bertsio bat, baina baita ere beste hizkuntzetako bertsioak kontsulatzea oso baliabide egokia da.
Zergatik?
Testu hauek jaso ditugu jaso ditugun moduan. Batzutan testu ba-tzuk zalantzazkoak dira, beste batzuk mozketak dituzte, batzutan editoreen artean zalantzak daude, eta kasu batzutan hitz bat polisemikoa denean esanahai desberdinak eduki ditzake. Hori guztia osatzea da atalik zailena. Gure ahalegin handiena testua oin oharrez hornitzea izan da ulergarriagoa egiteko. Kontua da Epikurok lan oso zabala idatzi zuela baina lan hori galdu dugula eta bakarrik heldu zaizkigu hiru gutun, batez ere. Hiru gutun horiek kondentsazio karga handia dute, oso trinkoak dira.
Galdutako idatzietan zer egongo litzateke?
Zaila da jakiten. Nire ustez Epikurok egun oraindik oso ongi fun-tzionatzen du bere testua laburra eta zuzena delako. Aldiz, edukiko bagenitu bere beste testu batzuk ez dakit horrenbeste jendea tematuko litzatekeen testu horiekin.
Nondik datorkizu filosofiarekiko grina?
Nik gogoan dut 17 urterekin literatura irakurtzen hasi nintzela eta oso gustoko nuen zerbait zela. Gogoan dut Dostoieskiren testu baten hitzaurre bat irakurri nuela eta bertan besteak Nietzscheren eta beste pentsalari batzuen inguruan gauzak azaltzen zituela. DBH eta Batxilergoko klaseekin apur bat engantxatu eta erabaki nuen filosofia ikastea. Eta egia esan gauzarik erabakiorrena izan zen behin karrera hasita ze gustora jasotzen nituen irakasleen klaseak. Niretzako karrerako lehenbiziko urtea izan da akademikoki nire bizitzako urterik garrantzitsuenetako bat.
'ZORIONTASUNAREN DEFENTSAN'
Egilea: Epikuro
Itzultzaileak: Jonathan Lavilla eta Javier Aguirre
Hitzaurrea: Pierre Hadot
Argitaletxea: Katakrak
Orrialdeak: 90
Salneurria: 10 euro