«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Azaroak 22 Ostirala
Nerea Ibarzabal eta Edorta Matauko.
Xalba Ramirez
2023/11/23
“Artista bakar bat ere ez da eguneko hogeita lau orduetan etenik gabe artista. Lortzen duen funtsezko guztia, iraunkor guztia, ohiz kanpoko inspirazio une bakanetan gertatzen da beti”. Une historikoen tarteetan jazotako gertakariak egun batean, minutu batean, are, segundo batean gertatu daitezkeelakoan idatzi zuen Stefan Zweig austriarrak Gizadiaren oren orenak klasikoa.
Euskarara ekarri du Edorta Matauko donostiarrak liburua, Katakrak argitaletxearekin, eta gaur aurkeztu dute. Austriarraren euskarazko bosgarren lana izango dugu honako hau. Hedoi Etxarte argitaratzaileak azaldu duenez, hamalau miniatura historiko eskaintzen zaizkigu “garai ilun batean begirada distiratsu batek izkiriatu eta salbatu zituen izar gisa”.
Hamalau pasarteetan igaroko ditugu Zizeron, Bizantzio, Frantziako Iraultza, Napoleon eta Waterloo, Goethe eta Dostoievski, Eldorardoren aurkikuntza, Scott kapitaina eta Lenin, San Petesburgora bidean trenez. Hain zuzen, 1919ko apirilaren 15ean geratuko da Zweig, lehen mundu gerra amaitu berritan, bigarrena zetorrela oraindik ere jakin gabe.
Hilabete luzez aritu da Matauko “urregilearen zehaztasunarekin” ontzen dituen miniatura historiko hauek, Etxarteren arabera. Mataukok berak azaldu du lan luzea izan arren ez dela izan zailtasun berezirik, gaur egun, jada, eta zorionez, euskarak badituelako corpus sendoak.
Modu “eklektikoan” aritu dela onartu du itzultzaileak, eta euskara batuak onartzen dituen sinonimo kopuruetan libreki mugitu dela, bere estilo propioa garatuz. Ilusioz eta pasioz azaldu ditu xehetasunak,
Bihozkada eta nostalgia
Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea arduratu da hitzatzeaz. “2023ko Europako premonizio” gisa irakur daiteke liburua: gizadiaren une gorenak gerra eta gerren artean topatzen ditugu eta. Ibarzabalek dio “domino fitxen pare” ikus ditzakegula XX. mendeak emandakoek nola ekarri gaituzten egungo egoerara.
“Humanista etsitu” bat da Zweig Ibarzabalen arabera, eta bere garaiari egindako “begirada xamur” honetan, “despedida” moduko bat ikusten da. Hiru dira garaiari erantzuteko Zweigek emango lizkigukeen irakaspenak, Ibarzabalen arabera: nostalgiari ihes egitearen beharra, inpotentzian ez geratzeko; etorkizunean itsu-itsuan sinestearen beharraz; eta gerraren kontrakotasuna.
Bihozkada gisa jaso zuen, bada, maiatzean Ibarzabalek egunez egun aktualitatea irabazten duen aldarria: “Balio dezatela miniatura historikook iragana zorroztasunez eta etorkizuna irudimenez aztertzeko, eta, batez ere, aldarririk oinarrizkoena eta humanoena berriro mahai gainera ekartzeko: gerrarik ez”.