«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Abenduak 16 Astelehena
08 JUN. 2024
AINHOA ESPINOZA
DONOSTIA
Maider Ramirez itzultzailea eta Hedoi Etxarte Katakrakeko editorea izan dira ostegun honetan Donostiako Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, Juana Dolores poeta katalanaren ‘‘Girgileria’’ katalanez idatzitako bildumaren euskarazko itzulpena aurkezten.
Ramirezek poemen itzulpengintza lana nolakoa izan zen azaldu zuen: «Egilea oso gainean egon da poemak itzultzerako momentuan, hori eskertzekoa da. Niretzat oso lagungarria izan da, berak nigan konfiantza osoa jarri duelako, eta asko eskertu dut hori. Oso ondo egin dugu lan elkarrekin».
‘‘Girgileria’’ du izenburu Juana Dolores poeta katalanaren ‘‘Bijuteria’’ lanaren itzulpenak, Katakrakek argitaratuak. Aurkezpenean Hedoi Etxartek aipatu zuenez, poema-bilduma liburu bat da, baina ez poesia bakarrik: «Gure lehenengo poesia liburua izan da. Horregatik, honen lanketan egilea oso gainean egon da. Horrek liburura hurbiltzeko orduan beste panorama batean jarri gaitu. Prozesu honetan, guztiok pozik utziko gintuen zerbait egin nahi genuen, azaletik hasita», nabarmendu zuen.
Ramirezek erantsi zuen ‘‘Bijuteria’’ euskarara ekartzea, ‘‘Girgileria’’ osatzea alegia, egin duen «lehenengo itzulpen lan argitaratua» izan dela. «Niretzat lan hau egitea sekulakoa izan da. Izan ere, proposamena jaso nuenean, hasiera batean beldurrez eta insegurtasunezez hartu nuen, baina gero beldur eta segurtasun falta hori ilusio bihurtu zen».
Poema-bilduma honen egile Juana Doloresek, poetaz gain antzezle ere badenak, 2020. urtean, Gelarada argitaletxearen eskutik argitaratutako ‘‘Bijuteria’’ bere lehenengo poema-bildumari esker, 2020ko Amadeu Oller saria irabazi zuen (56. edizioa).
Bilduma hau poemaz betetako liburu bat baino gehiago da. Liburua, lehen orrian, izenburuaren definizioarekin hasten da. Etxartek garrantzia eman zion honi, pasartea irakurriz. Berak adierazi duenez, «bokaziozko bitxien bilduma bat da, eta baditu, nolabait ere, material ez-nobleekin eginiko bitxiak diren ideiak».
Aurkezpenari amaiera emateko, irudien nondik norakoak azaldu zituen Etxartek. Punk klasikoan oinarritutakoak direla aipatu zuen. Izan ere, klasikotasun hori gordez eta gaur egungo xarma emanez sortutako irudiak direla erran zuen.