Salgaien zerrenda

«Kultura, aurkakotasuna eta boeterea» DIARIO VASCOn

Ibai Atutxa | 'Kultura, aurkakotasuna eta boterea'

Erantzunak baino, «egungo auzi eta arazoei buruzko galderak» egiten laguntzeko liburua

Stuart Hall kultur teorialari eta pentsalariaren sei testu hautatu eta itzuli ditu Ibai Atutxak 'Kultura, aurkakotasuna eta boterea' (Katakrak) lanean
Jon Agirre
Donostia
2025eko martxoak 11

Euskal kultura ulertzeko modu edo irakurketan, zapalkuntza arrazialean edota neoliberalismoa ulertzerakoan «kritikoki pentsatzen eta galdetzeko tresnak bilatzen» lagun dezakeen 'Kultura, aurkakotasuna eta boterea' (Katakrak) liburua aurkeztu dute asteazken honetan. Stuart Hall (Kingston, 1932 - Londres, 2014) kultur teorialari, soziologo eta militante marxistaren idatziak ditu ardatz eta haren artikulu mordotik Ibai Atutxak apailatu eta itzulitako sei testu biltzen ditu, zehazki 973 eta 1987 artean idatzitakoetatik. «Ez dizkigu dauzkagun arazoak konponduko. Hori bai, lagunduko digu begiratzen, galderak egiten, kultura ulertzen eta gure borrokak artikulatzen. Gehiago atzeratu ezin dugun funtsezko irakurketa bat da», adierazi du hain zuzen Atutxak.

Irakurleak Hall ezezagun badu eta kokatze aldera, apailatzaile eta itzultzaileak «ezker global emantzipatzailearentzat pentsalari erreferentzialetakoa» dela azaldu du, ostean etorri diren pentsalari askorengan eragina izan duela, besteak beste Angela Davies edo Mckenzie Wark, eta itzulpenak beraz «elkarrizketa hori ere euskarara ekartzea posible» egin duela. Hein batean pentsalariaren ibilbideak eta egindako «hautu politikoek», hau da, «testuak eztabaidatzeko, irakurri zitezen eta lokatzera jaisteko» idatzi izana edota bere kabuz libururik ez ateratzea -artikulu solteak dira gehienak- ekarri dute. Hala, sei testuak hautatzerakoan zenbait ertz izan dituzte kontuan. Batetik, Hallen «ikerketa eta politika lerro ezberdinak» biltzea; bestetik, «pentsamenduaren oinarriak ondo azaltzen» dituztela eta, era berean, «egungo auzi eta arazoei buruzko galderak egiten lagun» dezaketela.

'Kultura, aurkakotasuna eta boterea'
Egilea: Stuart Hall.
Itzultzailea: Ibai Atutxa.
Argitaletxea: Katakrak.
Orrialdeak: 270.
Prezioa: 21 euro.

Prozesua ez da erraza izan, Etxartek esan bezala «kultur ikerketak sortu zituen pentsalarietako bat» baita Hall, baina Atutxak «anbizioz» egin duela azaldu dut. Azaldu duenez, britainiarrak -jaiotzez jamaikarra bada ere «bizitzez» han kokatu dute- 60ko hamarkada bukaeran «inolako bitartekaritzarik gabe» pentsalari iraultzaileak «irakurtzen, ulertzen eta esplikatzen» ahalegindu zen. Hala, «[Karl] Marxen ondorengoak ziren pentsalarien irakurketa oso eguneratuak» utzi zituen. Era berean, «fenomeno sozialen genealogiak» egin zituen, hau da, arrazakeria edo bestelakoei loturiko diskurtsoak «non sortu, non garatu eta atzean zer egon zitekeen» aztertu.

Egitura aldetik hiru atal nagusi ditu liburuak. Lehenak, sarrera moduan balio dezakeena 'Hasierak. Kultura era neoliberalismoa', «kultur ikasketak nola eta zein beharrizani erantzuteko sortu ziren» azaltzen du. Atutxak iritzi du «kultura maiz ez dela modu eraginkor eta askatzailean pentsatzen ezkerretik» eta, horren aurrean, Hallek «gudu zelai» bezala irudikatzera deitzen duela. «Izenburuak oso ondo biltzen du liburu honetako ideia nagusiak. Berridatziko nuke 'kultura boterearen klaseari aurka egiteko gudu zelaia da' bezala. Are zehatzago, kultura popularra dela klase popularren gudu zelaia boterearen klaseari aurre egiteko», gehitu du. Jarraian datorrenak, 1987an Margaret Thatcherren «neoliberalismo betean» idatzia, hain zuzen neoliberalismo britainiarraren sorrera azaltzen du, egun «esplikatzeko modu erreferentzialena» omen dena.

Bigarrenak, 'Kulturaz. Klasea, arraza eta indar popularrak', terminoen bueltan dabil. «Kultur ikasketen adibide behinenak dira eta diskurtsoak, asko baztertzaileak, nola zabaltzen diren azaltzen du». Hala, medioetan zenbait gaik izan duten agerpenetatik inperialismo britaniarraren erradiografia osoa egiten du. Hirugarren eta azkenean, 'Zimenduak. Kultura eta materialismoa' Hallek bere pentsamendu kritikoa eraikitzeko idatzi zituen bi testu aurkituko ditu irakurleak. Batetik, telebistako diskurtsoek «azpitik edo atzetik» dutena lantzen du; eta azkenean Marxen «lan guztian proposatzen zuen metafora espazialaren, 'oinarriak eta superestruktura', irakurketa mekanizista kritikatzen» du. Hori bai, pentsalaritik gehiegi aldendu gabe. Horren ordez «gehiago irakurtzen du, kasik banan banan».

Bilduma zazpigarren atal batek osatzen du, Etxartek azaldu bezala, McKenzie Wark pentsalariaren hitzatzea baitu.

Itzulpena eta erabakiak

Ez da liburuak duen berritasun bakarra, Hallen testuak euskaraz irakurtzeko lehen aukera izango baita. Bidea ez da erraza izan Atutxarentzat, izan ere Karl Marx pentsalaria «hartu eta garatzen» baitu bere lanetan. Horrek galdera nagusi bat sortu zion, Marxek euskaraz nola hitz egingo zukeen. Bere hainbat lan itzuliak izan dira, baina ez beti modu berean eta haren terminologiak aldaera ezberdinak izan dituenez, «aho txikiarekin» Amaia Astobizak emandakoak proposatu ditu oinarri bezala harena izan daitekeelakoan pentsalariaren euskarazko ahotsa. «Silvia Federici itzuli du eta badago Marxen hiztegi eta lexikoaren sistematizazio bat».

Eduki eta artikulu andana idatzitako autore bat euskarara ekartzean zeuden aukera ugarietatik, «Hallen aurpegi ezberdinak lantzen» dituzten testuak hautatzearekin. Hurrenkera ez da ausazkoa, liburuko orriak aurrera joan ahala maila eta sakontasuna areagotzen direlako -«amaierakoak sofistikatu eta abstraktuagoak dira», esan dute-, nahiz eta modu autonomoan ere irakur daitezkeen. Hori bai, Etxartek aholkatu du dena irakurtzea bada asmoa hurrenkera jarraitzeko.



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak