Salgaien zerrenda

«Michael Kohlhaas» DIARIO VASCOn

'Michael Kohlhaas', pertsona xehe bat injustiziaren aurrean

Xabier Mendigurenek 1993an euskaratu zuen XIX. mendeko eleberri aleman klasikoa berreskuratu du, Narratiba sailerako, Katakrak argitaletxeak
Nerea Azurmendi
Jueves, 17 enero 2019, 19:02

Katakrak argitaletxea pixkana-pixkana ari da osatzen bere Narratiba saila, urtean pare bat liburu ekarriz laugarrenera heldu berri den bildumara. Takiji Kobayashiren 'Nagusia kanpoan bizi da'-rekin (Hiromi Yoshidak itzulia) hasi ziren, eta ondoren etorri ziren Sergei Dovlatoven 'Filiala' (Amaia Apalauza Ollo, Aroa Uharte) eta Leslie Feinbergen 'Mari-mutil handi baten bluesa' (Fermin Zabaltza).

XX. mendeko lan horiei XIX.eko bat gehitu zaie, mende hura hasi berritan Heinrich von Kleistek (1777-1811) argitaratutako 'Michael Kohlhaas' eleberria. Obra klasiko ezaguna, zinemara ere bitan eramana izan dena (1969an eta 2013an, Vokker Shlöndorffek eta Arbaud des Pallièresek, hurrenez hurren); 1993 urtean Xabier Mendiguren Bereziartuk Literatura Unibertsala bildumarako euskaratu zuena.

Hedoi Etxarte editoreak aurkezpenean esan bezala, sorta horretako aleak lotzen dituen haria bada «jende xeheak gatazken eta zapalkuntza mota desberdinen aurren dituen jarrerak erakustea», ederki txertatzen da proiektuan von Kleisten lana. Aurrerantzean ere jarraituko dute «mapa zabaltzen, hizkuntza gehiago eta zapalkuntza mota desberdinak» aintzat hartzen dituzten lanak aukeratzen. Hurrengoa Lydia Chukovskayaren 'Sofia Petrovna' izango da, Stalinen garaiko Purga Handiko laztura gordina ekarriko duena.

Orain dela bi mende idatzia bada ere, askoz ere atzerago egiten du 'Michael Kohlhaas'-ek, XVI. mendera, «sistema operatibo politikoa erlijioa zen garaietara». Alemanezko lehen nobela erromantikotzat jo izan duten 'Michael Kohlhaas'-ek izen bereko zaldi-tratularia du protagonista. Kohlhaas ez da gizon txiroa, baina jauntxoa ere ez da, eta aldatzen ari den mundu batean bizitzea tokatu zaio, testuinguru konplikatuan, non Erreformaren baitan Lutero eta Thomas Müntzer (Ernst Blochek 'iraultzaren teologoa' deitu zuena) lehiatzen diren, Lutero garaile irteteko; non laborarien matxinadak ohikoak diren; non Kohlhaas bezalako hainbat hasten diren sinesten euren eskubideen jabe direla, eta ez morroi.

Ortografia, puntuazioa... Ukituren batzuk eman dizkiote 1993ko testuari. Beste berritasun bat ere badakar 142 orrialdeko liburuak: Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea. Idazle bizkaitarraren hitzetan, «handiki harroen eta epaile injustuen kontra justiziaren alde bortxaz errebelatzen denaren arketipo unibertsala da» Kohlhaas. Eta haren zorigaitzeko patuak edozein momentutan eta edozein tokitan egin daitezkeen galderak proposatzen ditu. Esate baterako, «noiz arte aguantatu injustizia armak hartu gabe?».

Probetxuzko nekeak

Literatura Unibertsala bildumatik irten gabe, Heinrich von Kleistekin batera, Chejov, Tolstoi, Hesse, Goethe eta Grass ekarri ditu euskarara Xabier Mendiguren Bereziartuk (Ezkio, 1945). Hortaz, 'Michael Kohlhaas' euskaratu zuenetik mende laurdena joan den honetan lan haren zailtasunarekin akordatzen bada, zerbaitegatik izango da.

Asko kostatu omen zitzaion, alegia, «gizona ulertzea, eta bere munduan, bere testuinguruan kokatzea». «Hasi eta bukatu, sukarraldi batean» idatzitako testua alemanetik euskarara ekartzea bere ibilbide profesional luzeko mugarri gisa edukitzeak ere ematen du ariketaren zailtasunaren tamaina. «Esaldi bihurri eta luzez» osatutako testuak jartzen zizkion hainbat oztopo «garai haietan ondo ikusia ez zegoen zeinismoa» ausardiaz erabiliz gainditu zituela azaldu du aurkezpenean. Eta gogoratu du irakurlearentzat ere badituela gordeta nekeak von Kleisten testuak. Ez ordea alferrikakoak, probetxuzkoak baizik, «zukua ateratzen zaien horietakoak».



Gomendatutako liburua:


Gaiari buruzko artikuluak