«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Abenduak 16 Astelehena
Danele Sarriugarte, Eva Illouzen bi lan jasotzen dituen liburua aurkeztu zuen egunean. /Félix Morquecho
NEREA AZURMENDI Donostia
Martes, 2019ko urriak 22
Durangoko Azokaren atariko liburu aldi oparoan, euskal sortzaileen lan berrienek erakartzen dute batik bat arreta; zenbait eta 'handiagoa' izena, orduan eta biziagoa interesa. Itzulpenek ere baliatzen dituzte ordea Azokaren hurbiltasunak pizten dituen fokoak, eta horren adibide dira azken asteotan genero ia guztietan argitaratu diren lanak.
Beste hizkuntza batzuetan sortutakoak euskarara -gaztelaniara ere bai- ekartzeagatik nabarmentzen den Iruñeko Katakrak argitaletxeak joan den astean aurkeztu zuen Donostian Eva Illouz soziologo eta idazlearen bi testu -'Arimaren etorkizuna' eta 'Estandar emozionalen sorrera'- jasotzen dituen liburua, Danele Sarripugartek euskaratua. «Eva Illouz zabalpen handia duen autore bat da, sailkatzen zaila da eta sakonki interesgarria», idatzi du hitzaurre argigarrian Patricia Amigot Leache Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak.
1961ean Marokoko Fezen jaio eta umetan Frantziara joan zen Illouzek gaitasun izugarria du sakontasun eta zorroztasun handiz aztertzeko printzipioz transzendentalak ematen ez duten gaiak: maitasunari lotutako mitoak; kosta ahala kosta zoriontsu izan beharra; telesailetan murgilduta bizitzea; adimen emozionala edo dena delakoaren jarraibideei men egitea... Badira, hain zuzen, gure egunerokotasunaren zati diren neurrian bere horretan, duda egin gabe, onartzen ditugun gauzak. Gaur egun Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko Soziologia eta Antropologia departamentuko irakasle den Illouzen ikuspegitik, baina, ez dira ematen duten bezain kaltegabe eta xaloak, haren ustez dena blaitzen duen kapitalismoaren amarru interesatuak baitaude ia horien guztien atzean.
Lehen begi-kolpean, zenbait irakurlerentzat harrigarri samarra izan daiteke aurrneko testuaren izenburua, 'Arimaren etorkizuna'. Bi kontzeptu alderatzen ditu hor Illouzek, arima eta psikea. Bien arteko zazpi diferentziak argitzen doan heinean ikusiko du irakurleak idazlea ez dabilela mundu abstraktuetan... Edonola ere, gaiaren aldetik hurbilagokoa egingo zaie askori bigarren atala, 'Estandar emozionalen sorrera' izenburua duena. Ezohiko ikuspegitik aztertzen du bertan egileak azken hamarkadetan horren modan dagoen 'adimen emozional' tranpatia.
Katakrak-eko editore Hedoi Etxarte eta Danele Sarriugarte bat etorri ziren esatean Illouzek «ideia sofistikatuak modu argian» azaltzeko trebetasun handia daukala. Itzultzailea ere hori egiten saiatu da, eta modu oso irisgarrian ekarri du euskarara orrialde gutxitan (80 orrialde ditu, eta 8 euroko prezioa) asko esaten duen liburua.