«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Abenduak 20 Ostirala
Sarri aztertu ditu emozioak, artea eta kapitalismoa Eva Illouz idazle eta soziologoak. Orain, lehen aldiz, bere bi testu euskaratu dira, Katakrak-en eskutik. Danele Sarriugarte itzultzailea aritu zaigu maitasunaz, kapitalismoaz, emozioaz, psikeaz eta arimaz.
Maitasunak eta emozioek kapitalismoarekin zelako lotura daukaten landu du, beste gai askoren artean, Eva Illouz soziologoak. Danele Sarriugarte itzultzaileak kontatu digu itzulitako bi testuek eman dezaketela bidea egilearen lanean gehiago arakatzeko: «Oso sakona da lana, baina, motzean izanda ere, Illouzen pentsamenduko ideia batzuk hor daude».
Lehenengo testua, 'Arimaren etorkizuna', arimaz eta psikeaz mintzatzen da. Sarriugartek azaldu digu arimaren kontzeptuak funtzio bat bete izan duela historikoki eta, kontzeptua bera aldatu bada ere, ezin diogula bizkarra eman funtzioari: «Illouzek dio lehen arimaren domeinukoak ziren gauza pila bat gaur egun psikearen bitartez bideratzen direla. Arimaren eta psikearen arteko desberdintasunak zerrendatzen ditu Illouzek eta niretzako aldaketa nabarmena izan litekeena da arimaren kontuak erlijioak kudeatzen dituela eta, psikearen kontuak berriz, medikuntzak».
'Estandar emozionalen sorrera' da bigarren testua. Itultzaileak dio Illouzek agerian jartzen duela ez dela ausazko gauza bat nola kudeatzen ditugun gure emozioa: «Eta interes batzuk daudela emozioak modu jakin batean eta, kasu honetan, gure psikeak, modu jakin batean kudeatu ditzagun».
Maitasunaren eta kapitalismoaren arteko harremanaz ere hitz egin dugu Sairrugarterekin, biak ala biak uste duguna baino hurbilago daudela seinalatzen du egileak: «Bikote harremanez edo maitasun pasionalaz ari garenean, dio hori ongi egokitzen zaiola sistema kapitalistari. Indibidualista da, kontsumorako bidea ematen du, eta psikearen kudeaketak ere kontsumorako bidea eman dezake, autolaguntzarako liburuen bidez... Azkenean gauza horiek ez direla kasualitatea. Badirudien arren emozioak barneko zerbait direla, badirela ere bizi dugun garaiaren seinale».