Berriako Lara Madinabeitiak berriki argitaratu diren EMAKUMEAK, ARRAZA ETA KLASEA (Eskafandra 2016), BORROKA ARMATUA ETA KARTZELAK (Susa 2016) eta ASKATASUNA, ETENGABEKO BORROKA BAT (Katakrak 2016) liburuen inguruko erreportaia.
Hau da Angela Davisek argitaratu duen azken liburua. Bertan puri-purian dauden munduko mugimendu sozial batzuk aztertzen ditu. AEBtako Beltzen Bizitzak Axola Du fenomenoari buruz hitz egiten du, baita duela berrogeita hamar urte sortu ziren Pantera Beltzei buruz. Biolentziari buruz. Liderrez eta masa mugimenduez. Palestinarren erresistentziaren zilegitasuna argudiatzen du. Terrorismoaren izen beltzaz aritzen da, eta kartzelaz eta mozkinak ateratzeko zigorraren kultura hedatzen duten korporazioez. Baina bereziki, liburu honek, idazkera irmo, informatu, militante eta finarekin intersekzionalitatea lantzen du. Alegia, munduko borroka ezberdinak lotzen ditu, tokian tokiko gatazkak beste leku batzuekin konektatzen ditu. Hala egin zen Davis ezagun hirurogeita hamarreko AEBtan eta munduan: bere kontrako jazarpenak kubatarrak, alemanak, frantsesak, vietnamdarrak edota sobietarrak konbokatu zituen. Eta hori nahi du Davisek egun: Fergusonen zapaltzen diren beltzak, emakume beltzak, langileak, emakume lesbiana beltzak, trans emakumeak, haur palestinarrak, presoak, baztertuak, pobretuak mugimendu berri batean lotzea, memoria izango duen etorkizunera begirako mugimendu bat eratzea.
Angela Davis pentsalari eta aktibista ezagunak emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz liburu honetan. Esklabotza sistema, mugimendu abolizionista eta sufragista, abortua edota etxeko lanak problematizatzen ditu, eta horrekin, ordura arteko feminismoa, hau da, feminismo zuria, arraza eta klase menperakuntzekiko itsu izan zela agerian utzi.
Hiru aldiz zapaldua denak hiru aldiz errebelde eta hiru aldiz aliatu izateko aukera eta zoria duela aldarrikatzen du pentsamendu feministaren lan mugarrietako bat den honetan.
Gaurko gure errealitatea ulertzeko ez ezik, eraldatzeko tresna ere bada Emakumeak, arraza eta klasea liburua.
Euskal Herrian estatuaren aurkako borroka armatua egitera eraman zuten arrazoiak ez dira patriarkatuaren kontrako borroka armatua egitera daramaten arrazoiak baino legitimoagoak. Aldiz, patriarkatuaren aurkako borroka pedagogiaz eta kantuz armatu behar ei da, goxotasunez eta amatasunez, estatuaren eta kapitalismoaren aurkako borrokan ez bezala.
Ikuspuntu patriarkaletik, estatua omen da arerioa edo biolentzia gauzatzen duen erakunde multzo nagusia. Horregatik estatuaren aurka borrokatzen direnak gudariak dira. Aldiz, patriarkatuaren kontra borrokatzen garenok, putak, traidoreak, etsaiak, konbertsoak, burgesak edo espainolak gara. Ez euskal gudariak. Bada, hori bukatu da.