Listado de artículos

«Borrokalari transgeneroak» DIARIO DE NAVARRAn

“Transgeneroak mundu guztian eta Historian zehar izan dira”

FERMINTXO ZABALTZA ITZULTZAILEA
Leslie Feinberg-en ‘Mari-mutil handi baten bluesa’ kaleratu ondoren, itzultzaile iruindarrak ‘Borrokalari transgeneroak’ ekarri du euskarara: Feinberg-en bizi guztiko lanaren bilduma.
NEREA ALEJOS Iruñea
Leslie Feinberg-en Stone Butch Blues (1993) izeneko nobela irakurri zuenetik, Fermin Zabaltzak (Iruñea, 1974) aktibista transgenero honen bizitza eta lana ezagutarazi ditu bere bi lan nagusiak euskaratuz. 2018 an Mari-mutil handi baten bluesa kaleratu zen, eta orain Borrokalari transgeneroak saiakera. Zabaltzari “harrotasun pixka bat” ematen dio liburu hau euskarara ekarri izana: “Oraindik ez dago gaztelaniara edo frantsesera itzulita”.

Duela 20 urte izan zenuen Leslie Feinbergen berri, Londresko liburu denda batean. Zergatik deitu zizun arreta?
Gay’s the World liburu denda mitikora joan nintzen, Pride pelikulan agertzen dena, trans gaiei buruzko liburuen bila. Leslie Feinbergen Transgender Warriors liburua begiratu nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Berehala harrapatu ninduen. Liburu honek mundu bat ireki zidan, ordura arte ikusezina zen errealitate bat erakutsi zidan. Mundu guztian izan dira transak, transgeneroak, trabestiak... Historian zehar izan dira.
2018an Mari-mutil handi baten bluesa kaleratu zen. Liburu honek LGTB komunitatearen zapalkuntza sistematikoa salatzen du, Estatu Batuetan bertan gertatutakoa.

‘BORROKALARI
TRANSGENEROAK’
Egilea: Leslie Feinberg
Itzultzailea: Fermintxo Zabaltza
Argitaletxea: Katakrak
Orrialde kopurua: 272
Salneurria: 18 €

Garai hartan ez zen erraza LGTB izatea, baina asko harritu egin ninduen 60. eta 70. hamarkadetan kolektibo honek jasaten zuen bortizkeria mailak: sarekada sistematikoak, bortxaketa sistematikoak... Ikaragarria izan zen! Poliziak LGTB komunitateko tabernetara joaten ziren. Ohikoa zen lesbianak, gay-ak eta transgeneroak atxilotzea eta zanpatzea Leslie Feinbergen kasuan, zein neurritan jasan zuen biolentzia hori?
Mari-mutil handi baten bluesa askotan esan da Leslieren liburu autobiografikoa dela. Berak beti ukatu du hori, baino argi dago neurri batean autobiografikoa dela. Adibidez, Borrokalari transgeneroak liburuan bere
bizitzako pasarte batzuk kontatzen ditu eta orduan ikusten duzu horietako batzuk Mari-mutil handi baten bluesan kontatu zituela. Beraz, pentsatzekoa da gauza askok berari gertatu zitzaizkiola, edo bere lagun eta ingurukoei. Hori garrantzitsua da: Feinberg bere buruaz eta bere kolektiboaz ari da.
Borrokalari transgeneroak liburua bere bizi guztiko lanaren laburpena edo bilduma da. Bereziki ‘trans’ jendearen zapalkuntza aztertzen du.
Leslie Feinbergek bere buruari galdetzen zion ea betidanik pertsona transak izan diren edo betidanik zapalduak izan diren. Galdera hori abiapuntutzat hartuz, Feinberg munduaren Historia ikertzen hasi zen. Adibidez, Asiako indiarren artean transak bazirela ikusi zuen. Berarentzat hori sekulako aurkikuntza izan zen. Hari horretatik tiraka, ikertzen eta ikertzen aritu zen: era guztietako iturri bibliografikoak, liburuak, ikerketak, irudiak, argazkiak... Liburu hau bere bizi guztian bildutako informazioaren emaitza da. Leslierentzat,
artxibo hauek altxor bat ziren. Feinbergek deskubritu zuen generoaren kontzeptu orokorra “fluidoagoa” zela bizimodu tradizionalean, adibidez Ameriketako natiboen artean.
Bai. Ameriketako hainbat tributan, esan daiteke bi genero edo gehiago bazirela. Kultur hauetan ahalbidetzen zioten jendeari genero gehiago hautatzea. Estatu Batuetako natiboek termino bat adostu zuten errealitate trans hori izendatzeko, “Bi Espiritu”, baina hori termino berri xamarra da, XX. mendekoa. Hasieran, Europako kolonizatzaileek ‘berdache” esaten zieten —adibidez, emakume gisa janzten ziren gizonei–, baina hori mespretxuzko hitz bat da. Askotan, “berdache deitutako natibo hauek prestigiozko posizio bat zuten bere komunitatean. Tribu askotan xamanak ziren.

Zure ustez, zein izango litzateke liburu honen ekarpen nagusia?
Kultura ezberdinetan izan den ‘trans’ errealitate ikusezina agerira ekarri duela. Gainera, pertsonai famatu asko izan dira Historian zehar, bai transak edo ‘janzkera gurutzatua’ praktikatu dutenak. Adibidez, Joana Arcekoaren figura aipatzen da. Liburu honetan, ‘trans’ hitza oso adiera zabalean erabiltzen da. Joana Arc-ekoren kasuan, berak ikusi zuen gizon arroparekin janztea berarentzat oso inportantea zela. Ez zen gauza anekdotiko bat. Euskaldunen artean, Leslie Feinbergek Katalina Erausoren kasua aipatzen du. Guk beste kasu batzuk erantsi ditugu: adibidez, Pirinioetako andereñoen gerla. Hor gizonezko nekazari batzuk emakume arropekin jantzi ziren herri lurrak defendatzeko eta borroka egiteko. Antzeko kasu bat gertatu zen Zuberoan, liburu honetan ere aipatu duguna.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema