Listado de artículos

«Kontu pribatu bat»i iruzkina ARGIAn

Kultura > Literatura > Liburuak

Jelosia posesiboaz, eta ez maitasunaz

IBAI ATUTXA ORDEÑANA 2020ko abenduaren 13a
Kontu pribatu bat |
Egilea: Beppe Fenoglio |
Itzultzailea: Josu Zabaleta Kortaberria |
Katakrak, 2020.

Katakraken oharrean eta Paul Beitiaren hitzaurrean esango zaigu: Kontu pribatu bat ez da soilik gerra-eleberria, maitasun-eleberria ere bada. Eta onartu behar dut, zerbaitekin insistitzen zaidanean automatikoki datorkit sospetxa. Istorioa irakurri eta diot: hau ez da maitasun-eleberria; hau da eleberri bat jelosia toxikoaz eta maskulinitate posesiboaz –agian klase zapalkuntzaren abolizioak ezabatuko ez lukeen genero zapalkuntzaz– diharduena.

Heart of Darkness, Apocalypse now, Rambo II, Saving Private Ryan, 1917: ezagutzen duzu jada eleberri hau, agian pelikula forman bada ere. Gerraren batean bidaiari ekiten diote protagonistek eta narrazioek maila kasik alegorikoa hartzen dute. Kasu honetan, Bigarren Mundu Gerran gaude, Italian, eta Milton partisanoak ekingo dio bidaiari. Kurtzen bila baino, Giorgio salbatzera joango da, eta Kontu pribatu bat beharrean izan zitekeen Saving Partisan Giorgio. Ezagutzen duzu eleberria eta sarri gertatu bezala, interesgarria da arreta jartzea errepikapenetan baino, Fenoglioren eleberriaren diferentzietan.

Ez dago maitasunik eleberrian. Miltonek dio Fulviarekin maiteminduta dagoela. Eta? Akzioa akuilatzen duena beste zerbait da. Protagonistak Giorgio eta Fulviaren arteko harremanaz jakin eta kontrola galtzen du erabat: “Burua lehertzeko zorian daukat” esango du harremana ezin onartuta, jeloskor; “Fulviarik gabe ez zen udarik egongo beretzat”, dio posesibo. Maitasunaren arrastoak baino, ideia erromantikoei darien maskulinitate biolentoen tranpak irakurri ditut etengabe pertsonaian.

Argi gelditu dadila: ez naiz ari eleberria ile kontra interpretatzen. Ez behintzat testuaren amaiera kontuan hartuta. Horixe da hain justu, interesgarri egiten duena: ezkerreko gizon iraultzailearen biolentzia erromantikoa irakurgarri egitea. Maitasun erradikalak eta eraldatzaileak elkar eraikitzeko eta elkarrekin eraikitzeko eginbide berriak mahaigaineratuko baditu, lehenengo jabetu beharko dugu jelosia erromantiko posesiboak dakartzan bortxez; baita gerra garaian ere.



Libro recomendado:

Kontu pribatu bat

17,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema