«Michael Kohlhaas» mintzagai DIARIO VASCOn

«'Michael Kohlhaas' berriro itzuliko banu, erosotu egingo nuke, arindu»

Xabier Mendigureni orain dela mende laurden buruhauste handiak eman zizkion itzulpena berrargitaratu dio Katakrak argitaletxeak
NEREA AZURMENDI Sábado, 2 febrero 2019, 11:01

Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945) erretiroa hartuta dago. «Garai batean uste nuen hil arte ibiliko nintzela jo eta ke, baina itzulpenak ia ez ditut egiten, gauza oso bereziren bat ez bada». Itzulpen batek ekarri du haatik berriro lerroburuetara: euskaraz lehen aldiz 1993an argitaratu zuen Heinrich von Kleist-en 'Michael Kohlhaas'-en berrargitalpenak. Katakrak etxeak argitaratu du, euskararen aldetik egokitzapenen bat eginda, XVI. mendeko gertaeren berri ematen duen XIX.eko eleberria.

–Espero zenuen aspaldiko itzulpen hori berrargitaratzea?

– Ez, ez nuen espero. Justu liburu hau izateak pixka bat harritu nau. Ez liburuaren balioa zalantzan neukalako, baina dezente itzuli ditut eta esperoko nuen besteren bat izatea, agian erosle edo irakurle ugariago izan zezakeena. Gero, ikusirik argitaletxeak balioan jartzen duela norabide jakin bat, ulertu dut aukera.

«Ez badituzu liburu onak itzultzen, hizkuntza ere ez duzu garatzen»

–Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zen, orain mende laurden. Ordurako ba zeneramatzan bi hamarkada itzulpengintzan.

– 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, asko ibili nintzen ikastoletarako-eta liburuak prestatzen eta euskaratzen, horren premia handia zegoelako. Xabier Gereñoren CINSA argitaletxerako ere bai, Salgari, Heidi eta modan zeuden liburu xelebre samar batzuekin; Iñaki Beobiderekin ere egin zuen zerbait...

– Hala ere, ekimenak ez ziren asko izango, eta itzultzaileak ere gutxi.

–Oso gutxi.

– Bigarren gabezia hori laster jarri zuen konponbidean Donostian sortu zen Itzultzaile Eskolak.

–Juan San Martinek deitu zidan esanez Euskaltzaindiak nahiko zuela Donostian ireki itzultzaile eskola bat, laster itzulpen-eskari handia etorriko zelako. Munduko hainbat itzultzaile eskolatako programak eskuratu eta aztertu ondoren, ideia bat atera nuen, eta gure egoerara egokitu. Plan bat, azken batean, guk hemen egiteko modukoa izan zitekeena. 1980an hasi zen aurreneko promozioa, Aurrezki Kutxa Munizipalak utzitako Arbide dorreetan. Oñatiko enpresario batzuk izan ziren dirua jarri zutenak.

– Fama Martutenen hartu zuen.

–Hurrengo urtean pasa ginen Martuteneko egoitzara. Han talde bat sortu zen: Zabaleta anaiak (Josu eta Pello), Koro Navarro, Aintzane Ibarzabal, ingeleseko irakasle batzuk... Lehenengo plantilla txiki moduko bat. Azkenean unibertsitatean txertatu zen arte, estatus zalantzakorra izan zuen eskolak, baina itzultzaile asko sortu eta trebatu ziren. Hor egon zen transmisio bat, zubi lan bat egin genuen adineko jende baten eta ez hain adinekoaren artean. Ordura arte itzulpena borondatez egiten zen, eta orduan iritsi ziren enkarguko lanak, Administraziotik batik bat.

«Ez da liburu samurra, baina merezi du ahalegina, oso ondo doakio gaurko egunari»

«Ez badituzu liburu onak itzultzen, hizkuntza ere ez duzu garatzen»

– Premiazkoenari erantzun ondoren, literatur itzulpena sustatzeko garaia heldu zen, Literatura Unibertsala egitasmoaren bidez. Ordurako, bide batez, EIZIE elkartea ere sortuta zegoen.

– Gogoan daukat horretaz hitz egiten genuenean esaten genuela Sobietar Batasunaren hasieran Leninek deitu ziola Maxim Gorkiri, esateko itzuli behar zutela errusierara munduko literatura interesgarrien. Estatuaren laguntzarekin, noski. Horrelako zerbait aurreikusten genuen. Jaurlaritzaren laguntzarekin mundu literaturako obrarik interesgarrienak itzultzeko proiektu bat.

– Munta handiko proiektuan sartu zineten gero!

–Hala da, baina proiektuari bi alde interesgarri ikusten genizkion. Batetik, liburu interesgarriak euskaraz irakurtzeko aukera nahi genuen. Bestetik, hizkuntza bera lantzeko modu bat iruditu zitzaigun. Ez badituzu liburu onak itzultzen, hizkuntza ere ez duzu garatzen, eta askotan euskarara itzultzen ziren liburuak ziren belaxkak, oinarrizko hizkuntza batean eginak... Irakurketa erraztu nahi zen, baina literatura ezin da erraztu. Den bezalakoa da, edo ez da. Horrek eskatu zuen euskarak bere burua trebatzea, maila hori emateko.

–Zuen onena ematera behartu zintuzten erronka moduko bat?

– Horrelako zerbait. Bide erraza zen lehenagoko batzuek egin zutena: istorioa kontatzea beste hitz batzuekin. Baina hori ez da literatura. Esateko modua bera inportantea da literaturan, eta hori egiteko behar zen lehengo idazleen esperientzia ezagutu; Orixe eta horiek noraino iritsi ziren jakin; zertan egin zuten aurrera eta zertan huts... Hori guztia egosi behar izan genuen gure lapikoetan.

–Bildumak euskarari egin dion ekarpena ukaezina da. Hasi zinetenean, nola aurkitu zenuten lanerako tresna nagusia?

– Hizkuntza bera ez zegoen behar bezala batua eta finkatua. Prozesu hartan dena zegoen kolokan. Hiztegiak ere zirenak ziren, Plazido Mugikarena, Lhanderena, Azkue bera... Bere burua egiten ari zen hizkuntza, eta horrek eskatzen zigun idazten zen dena irakurtzea, eta gero ikustea nola aplikatu guren lanean. Aldi berean, hasi zirenean gure itzulpenak hartzen corpusak-eta osatzeko, atzeraelikadura oso interesgarria sortu zen. Tresna teknologiko berriek ere asko lagundu digute.

–Zerorrek tresna teknologiko handirik gabe ekin zenion 'Michael Kohlhaas' euskaratzeari. Bazenekien non sartzen zinen?

–Nire alemanezko irakurketetan ohikoagoak ziren idazleen liburuak bezain ondo ez nuen ezagutzen, baina interesgarria iruditzen zitzaidan, eta zaila zela dudarik gabe nekien, hasieratik. Sasiarte handi batean sartu nintzela banekien, bai, eta horri zein irtenbide eman zen nire buruko minetako bat.

–Zein zuen arazo nagusia?

–Alemanetik euskarara itzultzean erlatiboaren kontua dago, eta hiztegiaren aldetik ere badaude arazoak. Kasu honetan sintaxiarena zen kezka nagusia, idazkeraren aldetik liburu berezia delako. Baina, hor ere, erabaki bat hartzen duzun arte...

–Zeuk 'zeina'-ren erabilera eskuzabalaren aldeko apustua egin zenuen.

– Oso garbi ikusi nuen jira-biraka hastea literatura desegitea zela. Banekien guk dauzkagun baliabide sintaktikoekin testu zaila eta konplikatua sortuko zela, baina bidea sekula ez da prestatzen ez bazara ibil- tzen... 'Zeina'-i dagokionez, baztertua zen, proskribatua bezala. Ez zen kontsideratzen euskara egoki baterako erabilgarria, baina nik oso argi neukan. Uste dut gerora gehiengoak horrelako kasuetan bide hori hartu duela, eta 'zeina' erabili dugu modu sistematikoan.

–Kritikarik jaso zenuen?

–Ez zen eztabaida handirik sortu, baina barruan izan nuen kontzientzia txar hori, nolabait transgresio nabarmen batean ibili izanaren sentsazioa. Gero ikusten duzunean beste batzuek ere egiten dutela, baretu egiten da.

–Argitaraldi berrirako egokitu egin duzue testua, zertxobait eguneratu. Berriz osorik itzuli beharko bazenu, berdin jokatuko zenukeen?

–Erronka izan zen heinean, bai, baina nire zalantzak baditut. Uste dut purista samarra izan nintzela, eta gauzaren batzuk erosotu egingo nituzke, esamolde batzuk erraztu, badaudelako hainbat hitz aurrera egin ez dutenak. Testua arindu daiteke gaurko egoeraren ikuspegitik, nahiz eta jatorrizkoa izaten jarraitu.

–Liburu bezala gogoko duzu?

– Izugarria da. Nire ustez da esperientzia berezi bat, gaurko egunari ondo doakiona. Orduan bezalaxe gertatzen dira nagusikeriak eta bidegabekeriak, eta horrek zer pentsatu handia ematen du. Ez da liburu samurra, baina merezi du ahalegina.

Libro:

Michael Kohlhaas