Listado de artículos

«Muskuiluak afaltzeko»ren soinu banda

Narratzaile bat, bere anaia eta bere ama afaltzear daude. Muskuiluak afaldu behar dituzte baina aitaren zain daude. Aita ez dator. Hara Birgit Vanderbekeren eleberriaren funtsa. Ez da Alfred Hitchcock-en ROPE baina dena gertatzen da gela berean eta giroa gero eta gogorragoa da.

Baina hau ez da liburuaren iruzkin bat. Liburuan agertzen diren abestien eta konpositoreen kopilazio bat besterik ez da. Egia da liburuaren zentroa ez dela musika, baina zeharka, aipatzen dira abestiak, operen idazleak, pertsonaiek musikaz egiten dituzten irakurketak. Musika pieza gehienak ezagunak dira gure artean.

Eleberriaren amaiera aldera bada pasarte luze bat musikari buruzkoa:

«Hilean behin, kontzertu batera joaten ginen denok elkarrekin, abonamendu bat geneukan, eta enpresako goi-mailako enplegatu guztiek zuten gurea bezalako abonamendu bat eta hilean behin kontzertura joaten ziren. Ama zoriontsu joaten zen kontzertuetara; atsegiten zituen, eta joaten zen bakoitzean biziki goraipatzen zuen kontzertuarne musika-kalitatea. Musika-gose zela esaten zuen, eta beti jotzen zuten nazioarteko orkestra sinfoniko garrantzitusek, Londreskoak, Tokiokoak, Filadelfiakoak, eta programa ondo prestatuta zeuden, orekatuak ziren, amak esaten zuenez; izan ere, Haydnen lan baten ondoren zerbait modernoa etortzen zen, eta atsedenaldiaren ostean, Brahms. Kontzertu haien amaieran, txalo zaparrada luzea izaten zen, orkestrak bis bat egin arte, eta bisak gehienetan ausartak edo sutsuak izaten ziren, sarritan zerbait modernoa jotzen zuten berriz ere, baina laburra izaten zen, eta hori bereziki atsegin zuen amak, musika modernoa ez zuelako gustuko; esaten zuen, niretza, artea XIX. mendearen amaieran bukatu zen, Mahler bera arrotza egiten zitzaion, Mahlerrek ez dit ezer iradokitzen, esaten zuen askotan, baina kontzertu haietan ez zuten Mahlerren lanik jotzen, eta jotzen zituzten pieza modernoak gustu onekoak eta laburrak izaten ziren, programa orekatua izaqten zelako.»
80-81.or.

Hala eraiki dugu sarrera hau: eleberriko pasartea aurkituko duzu lehenik, abestia entzungai gero, eta abestiaren inguruko xehetasunak azkenik. On egin!

Brüder zur Sonne, zur Freiheit

«Txandakatu egiten ziren bainuontziaren gainean makurtuta egoteko, bizkarra ez gogortze aldera, eta ordubetez entzuten ziren komunetik aitaren barre-algarak eta amaren intziriak. Aspaldi batean Anaiok, eguzkirantz, askatasuneratz abesten zuten batzuetan, beste aldean ikasitako abesti bat, beti abestu behar izaten zutena...»
9.or.

1895-96ko errusiar langileen Смело, товарищи, в ногу! abestiaren alemanezko bertsioa. Leonid Petrovitx Radin poetaren hitzekin egin zen ezagun abestia, nahiz eta aurreko abesti baten bertsio bat zen, aurrekoa 1857-58an idatzitako ikasleen abesti bat izan zen. Radinek jatorrizko vals melodia motela borroka martxa batean bihurtu zuen.

Lehenengo bertsioa musikaren soilik, bigarrena alemanezko hitzekin. Hermann Scherchen konpositore eta zuzendariak 1917an entzun zuen Moskun eta alemanera pasa zuen eta 1920-21ean estreinatu zen alemanian. Langileriaren abesti bat izan da, SPD eta SED alderdiek erabili izan zuten eta Alemaniako Errepublika Demokratikoko abesti ezagun bat zen. Gerora, Alemaniako batasunaren aldeko eta AEDren aurkako mobilizazioetan ere abestu izan zuten.

Die Internationale

«... edo Internazionala eta horiek guztiak, amak bere soprano ahotsarekin eta aitak bere baritono ahotsarekin; geroago, ordea, enpresaren etxebizitzetara joan ginenean, kantatzeari utzi zioten.»
9.or.

Schubert: Winterreise

«Hori esaten zuen amak, bere biolina logelako armairuan gordeta zeukalako ihes egin zutenetik, eta bakarrik noizik eta behin, triste zegoenean, pianoan eseri eta Schuberten lied bat jo eta abesten zuen, Neguko bidaia osoa aurrera eta atzera, eta negar egiten zuen, eta egiazki goibela izaten zen, nahiz eta amak ahots polita izan omen zuen noizbait.»
26.or.

Verdi: Rigoletto edo Aida

«Gurean, igande goizero Verdiren disko bat entzuten genuen, gutxienez, eta aitak doinua txistukatzen zue, eta bitartean guk ezin genuen txintik ere atera, kirol albistegia ematen zutenean bezala, egongela eserita behar izaten genuen aitak Rigoletto edo Aida nola txistukatzen zituen entuzten, amak haragi errea prestatzen zuen bitartean, eta horrela eguerdira arte. Amak ezin zuen jasan Verdi betiereko hura, halaxe deitzen zion, musika-suzedaneo hori, esaten zuen, baxuen marmar txatxu hori, sukaldeko atea itxi eta ez zen handik ateratzen Verdi isildu arte, eta orduan leihoak irekitzen zituen berehala, Trovatorearen azken hondarrak atera zitezen, baina diskrezio handiz, zuhurki egiten zuen.»
48.or.

Mozart: Txirula magikoa

«Soilik noiz edo behin zortea izaten genuen eta aitak Mozart jartzen zuen, baina bakarrik Txirula magikoa, eta gai zen hasieratik bukaerara txistukatzeko eten bakar bat ere egin gabe, eta horrek gosetu egiten zuen igandeko errekia jateko.»
49.or.

«Izan ere, aitak, itxuraz igoerarako bidean azken koska izango zen laneko bidaia hartara joan baino lehen, esana zuen kontzertuen abonamendua deuseztatzeko asmoa zuela, eta, haren ordez, udan Bayreuthera joan nahi zuela, inoiz ez zuelako Wagner behar bezala balioetsi, eta Wagner behar bezala ez balioestea akatsa zela, eta akats hura zuzendu nahi zuela. Hala, amak martini lehorrekine ta auto gero eta garestiagoekin lotu zuen Bayreuth; izan ere, berari bost axola zitzaizkion Wagner eta martini lehorrak, eta gau hartan esan zuen, dena onartu izan dut beti, baina denak du bere muga, horrekin esan nahi zuen muga Wagner eta martini lehorrak zirela.»
83.or.

Hedoi Etxarte



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema