Prólogo de «Lo que Engels no podía saber»
Miércoles 13 de Noviembre
Otsailaren hondarrean Baionako liburu-denda batean guk argitaratutako Molly Smith eta Juno Mac idazleen Puta zikinak. Sexu-langileen aldeko eskubideen borrokaren ale guztiak erasotu zituen talde integrista eta transfobo batek. Ale bakar bat ere ez zen osorik eta txukun geratu.
Ekintza honek ondorio zenbait ditu. Hona hemen batzuk:
Baionako gertuko historiako garairik ilunenak ekartzen dizkigu gogora, hogeigarren mendeko hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarkada: liburuak erasotzen ziren garaia. Liburu zehatzak propio hondatzeak liburu-denden, argitaletxeen eta idazleen bizitzak kaltetzeko helburua du.
Legearen bidez eta egunerokoan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermaturik ez dauden lurralde batean erasotu da euskarazko liburua. Lapurdin dauden liburu-denda gehien-gehienetan ez dago euskarazko libururik. Horregatik, euskarazko liburuei toki egiten dion liburu-denda bakarretako bateko liburuak erasotzea euskaldunoi erasotzea da.
Prostituzioan lanean ari diren pertsonen bizitzak mehatxatuak dira mundu osoan: 2022ko azaroaren 8an 33 urteko gizon batek Parisko Cesaria Evora karrikan koman sartzera arte kolpatu zuen sexu-langile bat, hiru egunera hil zen ospitalean; 2018an Vanesa Campos peruar trans prostituta hil zuten sei gizonek Parisko Boulogne basoan; 2022ko ekainan beste prostituta bat ito zuten toki berean. Indarkeria hori kapitalismoak eta patriarkatuak beren tresna guztiekin ezartzen dute egunero: legeen bidez, polizien bidez, muga politiken bidez, hedabideen marko komunikatiboen bidez, gizon misoginoen indarkeriaren bidez. Puta zikinak horri guztiari buruzko liburu bat da: zapalkuntza horien azterketa landu eta zehatz bat.
Egun eta mundu osoan, arrakala bat sortu da feminismoaren baitan. Aldeetako batek uste du feminismoan badela jendea soberan: prostitutak, migranteak, trans pertsonak. Beste aldeak uste du ezetz, feminismoak, emakumearen askapenak, bazterreko guztiekin bat egin behar duela gizarte justuago batean. Puta zikinak bigarren alde horretatik idatzi zuten Juno Mac eta Molly Smithek eta handik argitaratu dugu geuk ere.
Guk argitaratutako liburuei eraso egitea Katakrak proiektua erasotzea da. Gure proiektua jende askoren ahaleginaren ondorio da, lan profesionala bezain ezinbestekoa da lan militantea eta elkarlana gure jarduna mantentzeko. Argitaletxe izateaz gainera liburu-denda eta zentro sozial garen aldetik, Puta zikinak liburua argitaratu dugu baina gurean ere egin dira debeku legeen bidez prostituten bizitzak kaltetzearen alde dauden liburuen aurkezpenak.
Ez da zertan Puta zikinak liburuarekin ados egon, inor ez dago irakurtzera behartua, inor ez dago erostera behartua, are irakur daiteke eta kritika zorrotza egin. Baina liburuak hondatzea, dendariak, editoreak eta egileak beldurtzeko asmoz, hori beste zerbait da, garai autoritario, sektario eta erasokorren adierazgarri.
Horregatik, liburua irakurri eta zabaltzera gonbidatzen zaitugu: oparitu, eztabaidatu, sortu solasaldiak. Eskura daukauz, gainera, lizentzia libreei esker liburua webgunean: zabaldu.
Erasotzaileen aurrean: hitza, eztabaida, izpiritu kritikoa.
2023ko martxoan Iruñea