Silvia Federici
1942 Parma, Italia
Italiaren iparraldeko Parma hirian jaio eta hazi zen, eta, 1967an, AEBra aldatu zen. Gaur egun, New Yorkeko Hofstra Unibertsitateko irakasle emeritua da; beraz, erretiratuta badago ere, ikerketa-lana egiten jarraitzen du. Militantzia politikoa talde feminista autonomoetan (Soldatak Etxeko Lanentzat mugimenduan) hasi zuen, 1970eko hamarkadan; orduz geroztik, ekintzaile izaten jarraitu du hainbat alorretan, hala nola Occupy Wall Street mugimenduan, errefuxiatuen aldeko lanean eta Trump-en aurkako kanpainan. 2017ko urrian, «Sorginkeria egotzita hil zituzten emakumeen memoriaren alde» izeneko kanpaina jarri zuen martxan, sorginen memoriaren berridazketa feminista bat bultzatzeko.
Euskaraz irakurgai: Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak (Katakrak 2017), Caliban eta sorgina (Elkar 2017), Mundua berriz liluratuz (Katakrak 2019) eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria (Katakrak 2020) eta Larruazalaren periferiaz haraindi (Katakrak 2021). Caliban Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik itzuli zuten, gainontzeko laurak Amaia Astobizak.