Listado de eventos

Azaroak

24

Asteazkena

19:00etan

Rafa Rueda: Rueda

Kontzertua


Rafa Rueda (Mungia, 1972) euskal abeslari eta gitarrajole bizkaitarra da, pop–rock arlokoa. Halaber, Broken Bihotz eta Pi L.T. taldeetako abeslaria izan zen eta 2015etik aurrera Zarauzko Lou Topet taldeko gitarrista ere bada.

Rafa Rueda Pi.L.T. taldeko abeslari eta gitarrajole gisa eman zen ezagutzera 1990eko hamarkadan, batez ere Hil da jainkoa kantu arrakastatsuari esker, baina azken urteotan metal musika baztertu eta pop-rockarekin lotutako bakarkako ibilbidea garatu du. Hain zuzen, Pi.L.T.-en etenaldi bat aprobetxatu zuen bere bakarkako lehen diskoa grabatzeko, beste hiru musikariren laguntzarekin: David Gonzalez baxu jotzaile eta Pi.L.T.-eko taldekidea – Berri Txarraken ibilitakoa-, Joakin G. Pikaza gitarrista –Ama Say eta Zein? taldeetan aritutakoa- eta Borja Barrueta bateria jotzailea. Kea (Metak) izenburua jarri zion hamar kantuz osaturiko lanari. Pi.L.T.-en diskoen soinu esperimentaziotik urruti, kantuak biluztera jo zuen Ruedak bakarkako lehen diskoan. Jeff Buckley, Elvis Costello edota The Beatlesen eragina jaso zuen Ruedak kantu haietan.

Hiru urte geroago heldu zen Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006), bere bigarren diskoa, baina horren aurretik Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko diskoa koordinatu zuen: Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005). Hainbat kantarik parte hartu zuten diskoan, eta Rafa Rueda ekoizpen artistikoaz arduratu zen, Kanta ariña abestia sortu eta grabatzeaz gain. Disko hartako musikariekin grabatu zuen Saredun eskua –David Gonzalez, Rufo Urbina eta Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream)- eta zenbait lagunengana jo zuen hitzak osatzeko: Gotzon Barandiaran, Jon Benito, Kirmen Uribe eta Edorta Jimenez idazleak, Unai Iturriaga bertsolaria…

Urte berean Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudiora itzuli zen Rueda, Txuma Murugarren eta Petti kantariekin batera partekatutako Hauxe diskoa (Gaztelupeko Hotsak) grabatzeko. Bakoitzak bina abesti grabatu zituen. Ruedarenak: Hodeietan eta Boga boga herrikoiaren moldaketa.

Hirugarren diskoarekin autoekoizpenaren bidea hartu zuen Ruedak. Zuhaitz okerretan gora noa (2008) AEBetako musikariekin grabatu zuen, Jonan Ordorika soinu teknikariaren eta Fernando Saunders baxu jotzailearen arteko adiskidetasunaren ondorioz. Lou Reeden taldeko musikariaz gain, Jane Scarpantoni biolontxelo jotzailea (Lou Reed, Bruce Springsteen, Sheryl Crow, Patti Smith eta beste hainbatekin aritutakoa), J. T. Lewis bateria jotzailea (Marianne Faithfull, Living Colour, Herbie Hancock, Lou Reed…) eta Zeljko McMullen soinu artista izan zituen ondoan Ruedak. Baita Joseba Irazoki gitarrista nafarra ere (Atom Rhumba, Petti…). Loturak kantua aukeratu zuten singlea izateko eta Mikel Clementek zuzendu zuen bideoklipa. Diskoko hamar kantuen artean John Cale galestarraren (The Velvet Underground) Paris 1919 kantuaren bertsio bat dago.

Enaren geometria (2011) izan zen Ruedaren bakarkako laugarren eta. Etengabe aldatzen ibiltzearen kontzepuaren inguruko diskoa zen, Ruedak berak aurkezpenean azaldu zuenez. Ohi bezala, Jonan Ordorikarekin grabatu zuen Azkaraten, baina musikari taldea eraberritu zuen: Txus Aranburu eta Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Ruper Ordorika…), Iban Urizar (Amorante, Andrakan, Cafe Teatro…), Jaime Nieto, eta PI.L.T.-en taldekide izandako Jose Manuel Sampedro Xanpe. Aurrekoa bezala, autoediziora jo zuen Ruedak diskoa argitaratzeko, baina kasu honetan bere webgunean eta kontzertuetan bakarrik jarri zuen salgai. Ez al dakizu izan zen diskotik ateratako singlea.

2017an Hiri kristalezkoa diska aurkeztu zuen, hamar kantuz osatutako hiriaren inguruko lan kontzeptuala. Abestiak hainbat idazlek idatzi zituzten: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza eta Leire Bilbao tartean. Abestietako bateko letra berea da, ordea. Diskoan Jaime Nieto, Txus Aranburu eta Ander Zulaika musikarien lanarekin kontatu zuen eta Elkar estudioan grabatu zuen Jon Aguirrezabalagaren ekoizpenarekin.

2020koa du “RUEDA” ( ZART) bere azken proiektua, hemendik aurrera bere marka bihurtuko dena. Gitarra, ahotsa eta elektronika oinarri duten 8 kantuz osatua, Joseba Sarrionandia, Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Audre Lorde, Inge Müller eta Josu Goikoetxearen poemak kantu bihurtu ditu Bilboko Koral Elkartearen “Euskeria” abesbatzaren kolaborazioarekin eta berriz ere Jon Aguirrezabalaga ekoizle.

Bakarlari moduan grabatutako diskoekin tartekatzuz, poesia eta musika ustartu duten hainbat ikuskizunetan hartu du parte. 2003. urtean Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna sortu zuen Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal (Nahiko, Hertzainak) eta Mikel Valverde marrazkilariarekin batera. Hamar urte geroago, taldea berriz elkartu zen Jainko txiki eta jostalari hura sortzeko eta taularatzeko. 2010. urtean Haragizkoa ikuskizuna martxan jarri zuten Ruedak eta Edorta Jimenez idazleak. Omar Nabarrok -Jimenezek poesia lanak sinatzeko erabiltzen duen heteronimoa- urte berean kaleratutako Haragizko amoreak (Susa) liburuko poemak musikatu zituen Ruedak, eta Jaime Nieto baxu jotzailearen eta Joseba Barrenetxea argazkilariaren laguntzaz ikuskizuna osatu zuten. Ondoren, disko batean jaso zuten elkarlana

Horrez gain, Gabrielen lekua sentikarian (2013) parte hartu du Ruedak. Musika, bertsoa, antzerkia eta poesia biltzen ditu Gabriel Arestiren omenez sortutako ikuskizun honek, eta Ruedaz gain, Andoni Egañak, Alain Urrutiak, Iraia Eliasek, Ainhoa Alberdik eta Oier Guillanek hartzen dute parte.

2017koa du ere HARIAK sentikaria, Yoseba Peña idazlearen izen bereko liburuan oinarritua eta Iraia Elias aktorea eta Nahikari Gabilondo bertsolariarekin batera taularatua.

Ekoizle gisa, Petti, Txuma Murugarren, Anje Duhalde, Jon Enbeita edo Kokein bezalako taldeekin lan egin izan du.

Antzerkirako musika lanak ere egin ditu: Lauaxeta herri opereta (Maskarada, 2005), Otehitzari biraka -Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera- (Kukai–Tanttaka, 2006), Ohean (Maskarada, 2008) eta Antartikako lorea (Erre produkzioak, 2010). Halaber, Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugako ospakizunen barruan, Hemen gaude ikuskizunaren alderdi musikalaz arduratu zen Rueda. 2017an Lua Kastore (Ma kolektiboa) antzerki eta dantza garaikidea uztartzen zuen obraren musika konposatu zuen Aritz Aranbururekin elkarlanean. 2021 Artxipielagoa ( Ulu media) fikziozko podcast-aren soinu banda sortu du ere Aritz Aranbururekin elkarlanean baita.

Egun, ZART sortzaileen plataformaren kidea da Harkaitz Cano, Elizabeth Macklin, Alain Urrutia eta Mikel Urdangarinekin batera.