Salgaien zerrenda

Almudena Hernando BERRIAn

«Hasieran, denek talde identitatea genuen»

Historian genero identitatea nola garatu den ikertu du Hernandok. Esan duenez, gizakia ehiztari-biltzaile egin zenean hasi zen garatzen gizon eta emakumeen arteko bereizketa. Buelta eman nahiko lioke.
IÑIGO URIZ / FOKU
2019ko urtarrilak 22

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean irakasle da Almudena Hernando (Madril, 1959). Arkeologoa da, eta genero identitatean aditua. Brasilgo Awa eta Guatemalako Kektxi gizarte ehiztari-biltzaileak ikertu ditu, eta horrek aukera eman dio Mendebaldeko gizarteko genero eraikuntza sakon aztertzeko. Miran foroak gonbidatuta etorri da Iruñeko Katakrak liburu dendara.

Indibidualizazio bidean ari diren izaki sozialak dira gizakiak?

Harremanak, komunitatea eta gure arteko loturak behar-beharrezko ditugun izaki sozialak gara. Gizartea konplexuago bilakatu den heinean, prehistoriatik, funtzio banaketak hasi ziren. Gauza ezberdinak egiten zituztenek ezberdinago ikusi zuten beren burua. Hasieran denek talde identitate bat zuten, identitate komunitario bat, baina horri gailentzen joan zitzaion identitate geroz eta indibidualizatuagoa.

Bi identitate mota sortu ziren?

Bai, eta kontrajarriak dira. Zure identitatea taldearena da edo bereizgarria da. Hori modu ezberdinean konpondu dute gizonek eta emakumeek. Gizonek, gutxika-gutxika, haien ezberdintasuna eta banakotasuna azpimarratu dute. Baina talde loturaren identitatea ezinbestekoa denez, emakumeei banakotasuna garatzea galarazi diete, soilik harremanen identitatearekin gera zitezen. Modu horretan, emakumeek taldearen partaidetza bermatzen zieten gizonei harreman heterosexual normatiboen bidez. Modernitatean, kontraesan hori bestela konpondu du emakumeak.

Nola egin dute?

Emakumeek bi gauzak garatu behar dituzte: harremanak eta norbanakotasuna. Horrela, gizonei sortu ez zaien kontraesana sortu zaie, baina, aldi berean, existitzen den identitaterik indartsuena garatu dute.

Nola konpondu kontraesana?

Ezin da konpondu. Ikasi behar da hori dela identitaterik indartsuena izatearen baldintza.

Zergatik da indartsuena?

Egia diren bi afera batzen dituelako. Alde batetik, elkarrekiko loturek oreka emozionala ematen dute; partaide izaerak larritasuna kentzen digu. Beste aldetik, banakotasunak zure etorkizunaren jabe egiten zaitu, zer egin nahi duzun jakin eta egiteko ahalmena emanda.

Dikotomia hori Ilustrazioan garatzen da batez ere?

Prozesu historiko bat da. Hasieran, gizonek eta emakumeek talde identitatea baizik ez dute. Gizonek indibidualizazioa garatzen dute pixkanaka, eta emakumeei hori galarazten zaie ez zaie irakurtzen eta idazten irakasten. Poliki-poliki, botere ezberdintasunak handiago egiten dira. Ilustrazioan gizon izateko modu hori orokortzen da gizarteko gizon gehienetan. Pertsona izateko modu hori garapenarekin lotzen duen diskurtso soziala osatzen da: garapena arrazoiarekin eta indibidualizazioarekin lotzen da, eta elkarren arteko loturak eta harremanak oztopo gisa ikusten dira.

Diskurtso hori osatu aurretik sakontzen da genero bereizkerian?

Ehiztari-biltzaile garaian hasi zen nabarmenduz, goia jo arte. Jendeak Paleolitoaz duen irudia da emakumea arrastaka eramaten duen basatiarena, eta berdintasunera ailegatu garela orain. Prozesua gertatu denaren kontrara ulertzen dute askok. Amazoniako ehiztari-biltzaileekin lan egin dut, eta hor ez dago botere harremanik. Berdintasunezko gizarte bat izateko aukera izan bada inoiz, ehiztari-biltzailearena litzateke.

Noiz hasi da emakumea norbanako identitatea garatzen?

Modernitatean. XIX. mendean sufragistekin, baina batez ere XX. mende erdian. Alde batetik, gizarte klase jakinetan alabak irakurtzen eta idazten ikasten hasi ziren. Bestalde, sistema kapitalistak funtzio banaketan sakondu behar zuen. Behar zuen emakumeak ere ekoizle berezituak eta kontsumitzaileak izatea. Indibidualizazioa beharrezkoa da horretarako.

Baina kapitalismoak genero bereizketarekin jarraitzeko beharra ere badu, ezta?

Bai, noski. Sistemak alde batetik indibidualizatzeko eskatzen die emakumeei, baina, bestetik, haien funtzio tradizionalari eusteko. Hori ezinezkoa da. Bietan onenak izan behar dute; beraz, beti gaizki sentituko dira.

Zein norabide du garapen historiko horrek orain?

Gizonek zein emakumeek haien desiren kontzientzia izan eta horiek betetzeko modua izateaz gainera, albokoa zaintzen dakitenean, orduan eraikiko da berdintasunezko gizartea. Baina ez dut uste hori ari denik gertatzen. Trump, Bolsonaro, Vox... Horiek alor patriarkala nabarmendu nahi dute soilik.

Nola aurre egin horri?

Zoritxarrez, berriz ere emakumeoi tokatzen zaigu. Berdintasunezko harremana nahi duten emakumeekin elkartzen direnean, uste dut gizon asko prest direla berdintasunerako. Baina horrek pribilegioei uko egitea dakar.



Gomendatutako liburua:

La fantasía de la individualidad

La fantasía de la individualidad

16,00 €

Eskuragarri 4-5 egunetan


Gaiari buruzko artikuluak