Salgaien zerrenda

Andrea Momoitio BERRIAn

«'Onartu gabeko sexu harremana' esamoldea oximoron bat da»

'Pikara Magazine' kazetako koordinatzaileetako bat da Momoitio, eta hainbat hedabidetan idazten du. Lesbiana eta feminista da, «ordena horretan», eta aktibista, baita Interneten ere.
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA 2017-11-16 / Iker Tubia

Kazetaritza errotik aldatu, eta ikuspegi feminista batetik egiteko beharra nabarmendu du Andrea Momoitiok (Ortuella, Bizkaia, 1989). Kazetari jardunean hala egiten du. Iruñeko Katakrak liburu dendan egon da, sexu indarkeria hedabideetan nola lantzen den aztertzen.

Hedabide gehienak berdintasunaren alde omen dira, baina emakumeak hil egiten dira gehienen albisteetan. Zer gertatzen ari da?

Batetik, politikoki zuzenaren diskurtsoa ezarri da, nahiz eta hori ere galtzen ari delakoan nago. Bestetik, feminismoa indartsu sartu da agenda mediatikoan, eta erabateko arrakasta izan du. Ia hedabide aurrerakoi edo sasiaurrerakoi guziek dute feministaren bat haienean idazten. Orain nahi duguna da kultura feministak modu transbertsalago batean zeharka ditzan. Edukietan pixka bat aurrera egin da, baina produkzio logika lehengo bera da.

Itxurakeria da?

Oraingoz, hedabideetako jendearen borondate onaren esku dago.

Erasoen biharamunean, biktimen xehetasun anitz irakur daitezke. Gehiegizkoa dela uste duzu?

Emakume horien bizitza kontatzea inportantea dela uste dut, betiere haien intimitatea babestuz. Memoria nola egin, horixe da erronka. Konponbide bat itxarotea izan liteke, dolua errespetatuta. Izan ere, garrantzitsua da beste emakume bat gehiago logikan ez erortzea. Haiei buruz, hemen utzi dutenaz eta egiterik izanen ez dutenaz informatu behar da. Oreka hori, egunerokoan, zaila da. Bestalde, sexu erasoetan xehetasun anitz agertzen dira. Biktima gehienek, zorionez, bizirik jarraitzen dute; beraz, haien intimitatea are gehiago gorde behar da.

Baina ez da gauza bera historia kontatzea, edo morboa bilatzea.

Noski. Kasu horietan, eskatzen diet irakurleei arduraz jokatzeko. Beti esaten da hedabideek zeinen gaizki egiten duten, baina hori kontsumitzen da. Kazetariok ardura dugu, baina irakurleek ere badute ardura. Kalitatezko kazetaritza exijitu dezakezue, zuen eskubidea da.

Hedabideetan sexu erasoez hitz egiten hasi da, baina, nola?

Kasu hauetan egiten diren okerrak hilketa matxistetako berak izaten dira. Gainera, sexu erasoei buruzko kontzepzio oso murritza eta estereotipatua da; adibidez, bortxaketez hitz egiten dugu, baina ez beste indarkeria batzuez. Egunerokoan izozmendia zer den kontatu beharko genuke, puntara ez iristeko. Horretaz gain, afera hauek sexualizatzen dira, eta onartu gabeko sexu harremanez hitz egiten da. Onarpenik ez bada, sexu erasoa da. Onartu gabeko sexu harremana esamoldea oximoron bat da.

Pikara hedabide feministak nolako eragina izan du?

Sarean hainbat kasu kokatu ditugu, baina ez duguna lortu da besteek azalean eta mamian feminista den kazetaritza egitea. Bestalde, gonbidatzen gaituzte emakumeak eta kazetaritza gaia jorratzeko, baina ez berrikuntzaz hitz egiteko, edo gure negozio eredua azaltzeko. Badirudi aitorpen profesionala ez dela iristen.

Egunerokoaren zurrunbiloan zailagoa izan liteke, baina, nola aldatu daiteke prentsaren jarduna?

Beste gai batzuetan, presa eta prekaritate berarekin, ez ditu okerrak egiten eguneroko prentsak. Hala ere, ozen salatu beharra dago kazetaritzaren egoera, oso baldintza txarrak baititugu. Jarduna prestakuntzarekin alda daiteke, beste aferetan bezala. Baina, batik bat, ezin gara erori ikuspegi feministako kazetaritza espezializazio gisa hartzeko joeran. Ikuspegi feminista sail guzietan eta artikulu guzietan egon behar da.

Ziberfeminismoa sasoiko dago?

Nik harro diot, uste dut feminismoa dela digitalerako jauzia hobekien eman duen mugimendua. Feminismoarentzat, erakusleiho itzela izan da, emakume asko erakartzeko bidea. Izan ere, zuri gertatzen zaizun hori soilik zuri gertatzen ez zaizula konturatzean, eta bakarrik ez duzula konponduko ohartzean, egiten zara feminista.

Sarean dago gakoa?

Baina badago Interneten erabilerari buruzko eztabaida ere. Audre Lordek zioen: «Ez dugu jaunaren etxea erautsiko, jaunaren tresnekin». Facebookek etengabe zentsuratzen ditu titien argazkiak, adibidez. Hala ere, bi gauza gertatu dira: beste espazioetan ekiten genuenok indarrez sartu gara, eta neska berri pila bat sartu da. Tandem ederra dugu.

Interneten etsaia ere badago, eta anonimotasuna erabiltzen du askotan. Nola ikusten duzu egoera?

Uste dut oker bat izan dela horiek troll gisa hartzea. Ezta gutxiagorik ere. Antolaturik daude hainbat espaziotan eta gizon elkarte batzuetan. Genero indarkeriaren aurkako legea baztertu nahi dute, ideia batzuk dituzte, eta borrokatuko dira. Gu bezala, noski. Ez dira trollak edo asperturik dauden gizonak. Arreta merezi du fenomeno horrek.



Gaiari buruzko artikuluak